InicioBlogHitz egin dezagun bakardadeez: Zer adierazten du ebidentziak?. Bakardadeak ikerketaren hausnarketa eta aurkikuntza nagusiak
Ilustración informe Bakardadeak

Hitz egin dezagun bakardadeez: Zer adierazten du ebidentziak?. Bakardadeak ikerketaren hausnarketa eta aurkikuntza nagusiak

Blog honetan bertan, duela zenbait aste, ñabarduraz betetako fenomeno konplexu batez hausnartu genuen: bakardadeaz. Zenbait gai sortu ziren hausnarketa horretan, eta, horren ondorioz, bakardadeari buruzko ikerketa bat egitea erabaki genuen.

Besteak beste, hauek dira sortutako gaiak: «bakardade» hitzak barne hartzen dituen errealitate guztien arteko lotura, esperientzia horren kultura osagaia, bakardadeari lotutako estigma eta osasun-arazo jakin batzuekin duen lotura. 

Geure buruari egiten genizkion galderei erantzuten saiatzeko, bakardadearen inguruko ikerketa proiektu bati eman genion hasiera. Proiektu horretan, kontzeptuaren dimentsio aniztasunari helduta, ezagutza sakona sortzea erabaki genuen, Gipuzkoan zahartzen ari diren pertsonen artean bakardadearen alderdiei modu desberdin eta eraginkor batean heltzeko. Ondorioz, bost lan multzo handik osatutako ikerketa bat egin genuen.

  • Gaiari buruzko dokumentazio zientifikoaren berrikuspen bibliografikoa egitea izan zen abiapuntua. Bakardade kontzeptua eta hari lotutako beste batzuk aztertu genituen, bai eta kontzeptu hori lantzeko abian jarritako ekimen motak ere.
  • Berrikuspena egin ondoren, ikerketa kualitatibo bat egin zen, bakardadeari bere alderdi guztietan lotutako irudikapen sozialak, pertzepzioak eta arrazoiak aztertzeko.
  • Ondoren, beste ikerketa kuantitatibo batean, lurraldean dauden profilak aztertu genituen, jakiteko Gipuzkoako 55 urteko eta gehiagoko zenbat pertsona dauden bakardade egoeran, eta ezaugarri bereizgarriak ikertu genituen.
  • Halaber, bakarrik dauden pertsonei laguntzen dieten edo bakardadea arintzeko herritarren laguntza sareak sortzen dituzten borondatezko ekintza ekimenek egindako esku hartzeen inpaktua ebaluatu zen.
  • Azkenik, proiektuaren aurreko faseetako aurkikuntzak aintzat hartuta, bakardadeari heltzeko estrategia politikoa lantzeko eta diseinatzeko oinarri batzuk proposatu ziren.

Informazioaren garrantzia eta lortutako emaitzak kontuan hartuta, ikerketa horretatik ondorioztatzen diren eta jarraian azalduko ditugun aurkikuntza nagusiak laburbiltzeko ahalegina egin dugu.

Lehenik eta behin, berrikuspen bibliografikoaren bidez egindako hurbilketari esker, jakin izan dugu zer-nolako aurrerapenak egin diren bakardadeari buruzko analisian eta gerontologiaren esparruko esku hartzean. Bakardadearen alderdien artean desberdintasunak daudela onartzen bada ere, ohikoa izaten da kontzeptuak nahastea, hala nola bakarrik bizitzea, gizarte isolamendua eta antzemandako bakardadea. Gainera, uste da pertsona guztiok modu berean interpretatzen dugula bakardadea, horren inguruko ulermen eta esanahi unibertsala dagoela, edo esperientzia homogeneo, estatiko edo lineala dela. 

Ondorio horiei eta antzeko beste batzuei esker, ikerketa kualitatibo bat egin behar zela ohartu ginen, zahartzaroan bakarrik sentitzeak berekin dakarren dimentsio esperientziala aztertzeko; batik bat, bakardadearen fenomenoari lotutako kultura osagai nabarmena kontuan hartuta. Ikerketa kualitatibo horretatik ondorioztatzen da bakardadearen esperientzia ez dela fenomeno espezifiko eta zehatz bat; hau da, ez dela gai bakar eta unibertsal bat. Pertsonek hainbat modutan senti dezakete bakardadea; izan ere, esan ohi denez, pertsona batzuk bakarrik sentitzen dira, inguruan jende asko izanda ere.  

Ikerketa horretan jasotako profilen analisiaren arabera, bakardadearen fenomenoa ez da soilik harremanen ingurukoa. Hala ere, egoera guztietan, galera da bakardadea eragiten duten elementu nagusietako bat, eta hainbat modutan azaldu daiteke: pertsona erreferenteak edo norberaren osasuna gal daitezke, edo nork bere bizitzan duen helburua, eta abar. Horri dagokionez, zentzuzko jarduera izan daiteke fenomeno horri heltzeko funtsezko elementuetako bat.

Ikerketa kuantitatiboan, ausazko laginketa estratifikatu batean oinarrituta, 2.050* pertsonako lagina hartu genuen, bakardadearen prebalentziari buruzko datuak lortzeko helburuarekin. Hala, lurraldean bizi ziren 55 urteko eta gehiagoko pertsonen % 5,5ek bakardade sentimenduak adierazi zituen; hots, askotan edo maiz bakarrik sentitzen ziren pertsonak ziren. Gizonen ehunekoa zertxobait txikiagoa da emakumeena baino (gizonen % 3,7 eta emakumeen % 7), eta belaunaldi gazteenena zaharrena baino. Bestalde, Gipuzkoan bakarrik bizi diren pertsonen ehunekoa % 27,3koa da. Haietatik, % 72,4 emakumeak dira, eta ia % 40 dira 80 urtetik gorako pertsonak.

Jakina, bakarrik sentitzen direla adierazi duten pertsonen profil soziodemografikoa aztertu genuen. Zenbait alderdi garrantzitsu aztertu genituen, hala nola egoera zibila, egoera ekonomikoa eta hezkuntza-maila. Gainera, zer osasun egoeratan dauden, zer-nolako etxebizitza duten, jarduerarik egiten ote duten eta bakardadea nola sentitzen duten ere aztertu genuen.

Blog honen hurrengo ataletan gehiago sakonduko dugu, baina, bien bitartean, azpimarratu behar da familia eta lagun sare urria izatea bakardadearen pertzepzioarekin lotuta dagoela. Gizarte isolamenduari buruzko ikerketa honen emaitza nabarmenetako batek agerian jarri duenez, lagun sarerik eza bakardadearen nolabaiteko iragarlea dela; alegia, lagunengandik sozialki isolatuta sentitzen diren pertsonek aukera handiagoa dute bakarrik sentitzeko. Gipuzkoako kulturan kuadrillek duten garrantziarekin oso lotuta egon liteke hori.

Bakardadearen arloan jarduten duten ekimenen (hala nola, Nagusilan eta Adinkide, proiektu honetan laguntzen duten entitateak) eragina aztertzean, koprodukzioaren alde egin genuen; hau da, ebaluazio esparrua edo protokoloa arlo horretan jardunean dauden pertsonekin batera diseinatzea erabaki genuen, horrelako ebaluazioen oinarri gisa erabiltze aldera. Esku hartzeek pertsonen bizitzan duten eragina aztertu dugu, eta teknika kualitatiboak eta kuantitatiboak erabiliz lortutako emaitzak integratu. Emaitzen arabera, badirudi horrelako esku hartzeek eragin dezaketela bakardade sentimendua murriztea, emozioak hobetzea eta gizarte harremanak areagotzea.

Bakardadeak ikerketaren zenbait emaitza interesgarriren laburpena baino ez da izan. Ikerketa horren emaitzak batera aztertu ondoren, bakardadeei aurre egiteko estrategia baterako oinarriak sortuko dira, bai eta ikuspegi ekosistemikoa, integratua, koordinatua eta pertsonengan ardaztua duten iradokizunak ere.

Ikerketa honen ondorioak sakonago garatu ditugu webinar honetan. Hura ikusteko gonbita luzatu nahi dizuegu.

 

Egilea

Plagintza Gerontologikoan Aditua

Egilea

Matia Institutuko ikertzailea

Egilea

Matia Institutuko ikertzailea

Añadir nuevo comentario

Plain text

  • No se permiten etiquetas HTML.
  • You may use [block:module=delta] tags to display the contents of block delta for module module.
  • You may use [view:name=display=args] tags to display views.
  • Las direcciones de las páginas web y las de correo se convierten en enlaces automáticamente.
  • Saltos automáticos de líneas y de párrafos.