Ikuspegi estrategikoa
Ezagutu Gaitzazu
Matia Fundazioak Ikuspegi estrategiko berria zehaztu du, pertsonek zahartzeko prozesuan dituzten premia berrien araberako erantzuna eskaintzeko asmoarekin.
Izan ere, 65 urtetik gorako biztanleriaren hazkundea esponentziala da gaur egun, eta, azterlan guztien arabera, adineko pertsonek beren etxeetan eta ohiko ingurunean bizitzen jarraitu nahi dute, laguntza behar dutenean ere.
Aldaketa bat gero eta agerikoagoa da: ezin da kolektibo hori osotasun homogeneo gisa hartu. Pertsona talde horren barruan askotariko kezkak, interesak eta beharrak dituen jendea dago, haurtzaroan, nerabezaroan eta helduaroan gertatzen den moduan.
Adineko pertsonek, bistakoa denez, beren bizitza bizitzen jarraitu nahi dute, ahal duten neurrian, edo beren etxean eta ohiko ingurunean edo egoitza zentro batean.
Arreta eredua
Ikuspegi berriaren arabera, adinduen arretarako ereduak ezin du osasunaren alderdia bakarrik kontuan hartu, diziplinarteko eredua behar dugu, integrala, pertsonarengan oinarritutakoa eta erabiltzaileentzako eta familientzako zerbitzuak pertsonalizatuko dituena. Pertsona eta haren bizi proiektua dira arretaren ardatza eta, ondorioz, antolaketaren eta laguntza prozesuen ardatza. Pertsonaren duintasuna, eskubideak eta lehentasunak errespetatzea eta ongizate pertsonala bilatzea dira funtsezko balioak.
Matia Fundazioan, adineko pertsonei arreta eskaintzeko modu berria barneratu dugu, eta, kolektibo horri zerbitzu soziosanitarioak eskaintzen erreferentziazko erakunde garenez, eredu propio, integral eta bereizia proposatzen dugu, pertsonarengan ardaztutakoa eta erabiltzaileentzako eta familientzako zerbitzuak pertsonalizatzean oinarritua.
Matia Fundazioan hasita gaude pertsonei etxean eta ohiko ingurunean bizitzen jarraitzea ahalbidetuko dieten arreta zerbitzu berriak zehazten eta sortzen, eta, konponbide hori ezinezkoa den kasuetarako, beraien gustu eta lehentasunak errespetatuz eta haien autonomia eta duintasuna sustatuz bestelako zentroak prestatzen, etxean bezala bizitzeko aukera izan dezaten. Finean, zahartzaroari aurre egiteko bidean beste urrats bat eman nahi dugu, adineko pertsonen gaitasunak sustatzearen bidez.