Erizaintzako profesionalaren rola Pertsonarengan Ardaztutako Arreta Ereduan
Duela hilabete batzuk, lantalde tekniko batean parte hartzeko gonbita jaso genuen Geriatria eta Gerontologia Erizaintzako Espainiako Elkartetik (SEEGGtik), Bizi kalitatea eta eskubideak oinarri dituen ereduaren (gaur egun Pertsonarengan Ardaztutako Arreta Eredua esaten diogunaren) ikuspegitik Erizaintzako zaintzek dituzten ezaugarrien inguruan hausnarketa egiteko. Deialdia jasota, lantaldean sartzea erabaki genuen. “Atención Centrada en la persona” (Pertsonarengan Ardaztutako Arreta) dokumentu teknikoan bilduta dago talde horren lana, eta elkartearen webgunean irakurri edo deskargatu daiteke.
Gaia interesgarria eta gaurkotasun handikoa denez, material berri horretan bildutako hausnarketen inguruko sintesi laburra prestatu dugu. Jarraian irakur dezakezue.
Definizioa eta profesionalen rola
Pertsonarengan Ardaztutako Arreta (PAA) kontzeptua, adinekoen arreta hobetzeko gakoetako bat da duela urte asko zenbait herrialdetan, hain zuzen, gizarte politiketan aurreratuen daudenen artean (herrialde eskandinaviarretan, Erresuma Batuan, Australian, Kanadan…).
Pertsona bakoitzari gustuko duena egiten jarraitzeko aukera ematea da arreta hobetzeko ikuspegiaren helburua, eta, horretarako, ongizate pertsonala eta emozionala hobetzea ahalbidetuko dieten jarduerak, egitekoak eta rolak aurrera eramateko behar dituzten laguntzak eskaintzea. Hainbat diziplinatako egileen eta joeren ekarpenari esker garatu da ikuspegi hori: psikologia, erizaintza, terapia okupazionala, hezkuntza, gizarte lana, fisioterapia eta abar.
Lan horretarako, SEEGGk honako helburu hauek proposatu zituen:
• Pertsonarengan Ardaztutako Arreta Ereduan erizainak duen rola zehaztea.
• Geriatriako erizainei hausnarketarako gaiak eskaintzea, Pertsonarengan Ardaztutako Arreta Ereduaren barruan, eta beste profesional batzuekin lankidetzan, adineko pertsonaren bizi proiektua garatzen laguntzeko bidean erizainek duten rolaz gogoeta egin dezaten.
PAAren arabera, pertsonaren gaitasunak onartzea eta haren duintasuna, autonomia, kultura, balioak eta lehentasunak errespetatzea izan behar dira adinekoen arretarako sistemen antolaketaren oinarria, eta hori da gure abiapuntua. Sistema horietan, diziplinartekotasuna funtsezkoa izango da. Hala, diziplinarteko taldearen barruan balio berezia hartuko du erizainaren rolak, bai balorazio integrala egiteko eta bai pertsonarekin batera arreta plana lantzeko.
Osasunaren alorreko profesionalak adineko pertsonari eta familiari laguntzeko baliabideen erakusgarri dira; osasun mailako beharrei erantzungo dieten elementuak aurkitzen laguntzea dute xede, betiere pertsonen balioak eta garapen pertsonaleko aurreikuspenak errespetatuz.
Testuinguru horietan, geriatriako erizainek, zaintzen plangintzaren arduradun direnek, adinekoen eta familien arretaren gaineko ikuspuntu integralagoa duen zaintza ereduari heldu diote, eta atzean utzi dituzte gaixotasunean oinarritutako esku hartzeak. Begirada horrek zaintzaren espektro osoa hartzen du, osasunaren sustapenetik eta prebentziotik hasita bizitzaren bukaerako arretaraino. Pertsona bakoitzaren ongizatea hobetzea du helburu, eta, horretarako, haren gaitasunak eta erabakitzeko autonomia sustatzen ditu, ikuspuntu holistiko eta pertsonalizatua kontuan hartuta, haren balioak lehenetsiz eta pertsona bere zaintzaren partaide eta protagonista eginez.
Pertsona oinarritzat hartzeak ematen die zentzua erizainen zaintzei, pertsona hori nor den, zer den bere gizarte ingurunearen barruan. Izan ere, pertsonaren errealitateari eta bizitzeko moduari erreparatuta, zaintzak esanahia hartzen du.
Erizainak pertsonari lagundu behar dio erabakiak hartzeko orduan; erabakiak ezagueraz hartzen direla bermatu behar du, informazio egokiarekin eta modu autonomoan hartzen direla. Besteak beste, pertsonaren balorazio integrala egingo du, haren beharrak, gaitasunak, mugak, baliabideak eta bizitza independenterako aukerak zehazte aldera. Hau da, erizaintzako profesionala izango da pertsonaren gaitasuna zehaztuko duena, betiere haren autonomia funtzionala eta erabakitzeko gaitasuna kontuan hartuta. Hori lagungarria izango da esku hartzeko egoerak lehenesteko eta egingo diren jarduerak batera planifikatzeko (pertsonak eta profesionalen taldeak). Pertsona bakoitzaren aurreikuspenen arabera, independentzia mailari eusteko eta/edo handitzeko egin beharreko jarduerak planifikatuko dituzte, eta ondoren esku hartze horien emaitzak ebaluatuko dira.
Erizaina da zaintza lanen arduraduna, ikusten direnena eta ikusten ez direnena, osasun esperientzian laguntzen duen pertsonaren ikuspegia kontuan hartuta eta zaintzan finkatzen den harremanaren edukian oinarrituta, eguneroko bizitzako lan batzuk beste profesional batzuen esku uzten baditu ere.
Zaintzeak berekin dakar erabakiak hartzeko pertsonek duten autonomia onartzea. Adineko pertsonak bere bizitza proiektua ahalik eta ondoen garatu dezan lortzeko, lagungarri izango zaizkigu hitzezko eta hitzik gabeko komunikazioa, behaketa eta bizitzaren historia, baita pertsonaren independentziaren eta erabakimenaren gaineko errespetua ere.
Erizaintzako profesionalak jarrera kritikoa eta zuhurra izan behar du pertsonen eta horien eskubideen errealitatearen aurrean. Kalitatezko zaintza izan dezaten bermatu behar du, eta, arretan parte hartzen duen diziplinarteko talde osoarekin batera, adinekoen zaintzako eredu aldaketa bultzatzeko eragina sortzen saiatu.
Prestakuntza eta informazioa eskaintzen die zaintzaileei, bai zaintzaile ez profesionalei bai zuzeneko arretako profesionalei. Horregatik, erizainaren ardura ezinbestekoa da lidergoko, irakaskuntzako, motibazioko, ikuskapeneko eta abarreko zereginetan.
Gaur egun, ebidentziak bultzatutako osasun zaintza izan behar da erizaintzako jardun profesionalaren oinarria. Erizainen etengabeko erronka da pertsona bakoitzari zaintza egokia eskaintzeko modu berriak eta hobeak bilatzea. Erizaintzako arreta prozesua ikuspegi aproposa da arazoak konpondu edo horiei aurrea hartzeko. Hortaz, arretaren arrakasta profesionalaren ezagutzen, trebetasunen eta jarreren araberakoa izango da. Alderdi horiek laguntzaren jardunerako erreferentziazko esparru etiko eta teorikoan txertatu behar dira.
Egilea