HasieraBlogaDiabetes Mellitusa eta paziente geriatrikoa

Diabetes Mellitusa eta paziente geriatrikoa

Demografian eta bizi-ohituretan gertatzen ari diren aldaketen eta mendebaldeko herrialdeetan gehiegizko pisuaren eta obesitatearen tasek izan duten igoera handiaren ondorioz, diabetes mellitusa eta haren ondorioak gora egiten ari dira nabarmen. Askotan, “diabesitatearen” fenomenoa munduko pandemiatzat hartzen da, eta arazo geriatrikoa da funtsean. 2. motako diabetes mellitusak biztanlerian duen prebalentzia-tasa % 13 da, eta % 20ra igotzen da adinekoen kasuan. Estatuko prebalentziari buruzko azterlan batean (Di@betes) ikus daitekeenez, prebalentzia % 30era iristen da 75 urtetik gorako gizonen kasuan, eta % 33ra adin-tarte bereko emakumeen kasuan. Zahartzearekin batera, aldaketak gertatzen dira gluzemia plasmatikoan baraurik (6-14 mg/dl hamarkada bakoitzeko, 50 urtetik aurrera) eta gluzemia pospandrialean (1-2 mg), eta aldaketa horiek intsulinarekiko sentikortasuna eta intsulinaren jarioa eragiten dute.

Kontuan hartu beharreko oso faktore garrantzitsu bat hipogluzemia-arriskua da, adina bera arrisku-faktorea baita, sendagai jakin batzuk (batez ere intsulina eta antidiabetikoak, hala nola sulfonilureak edo glinidak), alkohola, ahorakinen murrizketa, maila sozioekonomiko baxua eta giltzurrun-gutxiegitasun kronikoa bezalaxe. Adinekoengan, sintoma begetatiboak murriztu egiten dira, eta ohikoagoak izaten dira sintoma neurologikoak (nahastea, nahasmendu kognitiboak), nekea eta ahultasuna, eta hori arriskutsua izan daiteke, bakarrik bizi direnen kasuan bereziki. Diabetesa duten pazienteek 1,2 aldiz handiagoa dute depresioa izateko arriskua, eta depresioa duten pazienteek, berriz, 1,6-2,5 aldiz handiagoa dute diabetesa izateko arriskua. Halaber, narriadura kognitiboa eta min kronikoa jasateko arriskua areagotu egiten da, eta, beraz, diabetesa, depresioa, dementzia eta mina elkarri lotuta daudela esan daiteke. Era berean, gernu-inkontinentziak, erorikoek eta ondoriozko hausturek eta polimedikazioaren eta malnutrizioaren ondoriozko arriskuak gehiegizko desgaitasuna eta bizi-kalitatearen okerragotzea eragiten dute adinekoengan.

DMBlog

Hori guztia dela-eta, lan terapeutikoan oso kontuan hartu behar dira pazientearen lehentasunak eta zaintzailearen sinesmenak, eskuragarri dagoen sare soziala ongi ezagutu behar da, konplexutasun terapeutikoa ahal den heinean saihestu behar da eta hipogluzemien eta komorbilitateen arriskua, gaitasun funtzionala eta bizi-itxaropena balioetsi behar dira, pertsonaren premia errealen neurriko zerbitzua eskaintzeko.

Kontrol metabolikoko helburuei dagokienez, ez dute helduengan bezain zorrotzak izan behar. Helburu gluzemikoa, hemoglobina glukosilatuaren (HbA1C) arabera neurtua, desberdina da pazientearen sailkapenaren arabera (ikus taula), eta tentsio arteriala kontrolatzeko helburuak <140/90 mm Hg izan behar du, 120 mm Hg-tik behera emaitza negatiboak gehitu egiten baitira. Bereziki hauskortasun-azterketetan, heriotza-arriskua areagotu egiten da; adibidez, gluzemia-jarraibide intentsiboek % 22ko proportzioan areagotzen dute heriotza-arriskua (ACCORD azterlana). Lipidoei buruzko informazioa urria da 80 urtetik gorako pertsonen kasuan. Adin horietan, kontrol intentsiboek ez dituzte murrizten gertaera kardiobaskularrak. Tabakoaren aurkako aholkuak eman behar dira urtean behin, eta antiagregazioaren erabilera bigarren mailako prebentzio-neurri gisa da egokia.

2015. urtean, Diabetesaren Amerikako eta Europako Elkarteek* pazientearengan ardaztutako tratamendurako orientazioaren gida bat landu zuten. Gida horretan azpimarratzen denez, oso garrantzitsua da tratamenduan sendagai seguruak erabiltzea, profil metaboliko eta kardiobaskular egokiarekin (pisua igotzen ez dutenak, hipogluzemia-arrisku urrikoak, tentsio arteriala eta bihotz-maiztasuna kontrolatuta), hala nola GLP1aren analogoak edota SGLT2 hartzailearen inhibitzaileak, sulfonilureen (interakzioak eta hipogluzemia-arrisku handia) eta glitazonen (bihotz-gutxiegitasuna eta hausturak) ordez. Nolanahi ere, sendagai berrien zaintza farmakologikoari buruzko azterlanei adi egon beharra dago.

Hori guztia dela-eta, oso garrantzitsua da balioespen geriatriko integrala egitea, esku-hartzeak laguntza-helburuetara egokitzea eta pazientearen eta hurbilekoen bizi-kalitatea baldintzatzen duten sindrome geriatrikoak lehenbailehen detektatzea.

Diabetes Care 2015; 38:140-149

 

Diabetes Care 2015; 38:140-149

CI: Complejidad intermedia; CP: Complejidad alta/paciente geriátrico

CI: konplexutasun ertaina; CP: konplexutasun handia/paziente geriatrikoa

Lotutako sarrerak: Diabetes Mellitus un Enfoque Multidisciplinar

Egilea

Matia Fundazioako medikua