HasieraBlogaZaharren egoitzak eta koronabirusa: elkar aurkitu duten bi ezezagun

Zaharren egoitzak eta koronabirusa: elkar aurkitu duten bi ezezagun

Elementu arrotz bat iritsi da nazioartera: Covid-19 koronabirusa. Eta egunero ari gara jasotzen hainbat datu, etengabe gaurkotuta, birus berri horren infekzio gaitasunaz, hilgarritasunaz eta beste parametro batzuez. Informazio ugari argitaratzen da birusari buruz, eta nahiz eta geroz eta informazio gehiago eduki patogenia horretaz, irudipen hau eragiten digute datu berriek: birusa baino pauso bat atzerago gabiltzala beti.

Albistegiek, berriz, koronabirusaren pandemiari eskaintzen diote denborarik gehiena, eta arreta berezia eskaintzen zaio zaharren egoitzetan izaten ari den hildako kopuru handiari. Eta horra non aurkitzen dugun gizartearentzat ezezaguna den bigarren elementua: zaharren egoitzak.

Gure inguruan, hauek bakarrik dute zaharren egoitzen berri: gerontologiaren alorrean lan egiten dutenek, eta senideren bat ingresatuta dutenek.  Bestalde, adinekoak egoitza batera eramatea haiek abandonatzearen edo porrot egin izanaren parekotzat jo ohi du gure kulturak. Ikuspegi hori dela eta, adinekoak zaintzen dituzten herritar askok ez dute nahi izaten beren senideak egoitza horietara eramaterik, zaintzaile gisa porrot egitea eta senidea abandonatzea baiteritzote erabaki horri. Presio kultural hori dela medio, zaharren egoitza batera iristen diren herritarrak mendekotasun, ahulezia eta zaurgarritasun egoera larrian egon ohi dira, bai fisikoki, bai psikikoki, bai sozialki. Honenbestez, hau dugu zaharren egoitzetako erabiltzailearen ohiko profila: adinean oso aurrera doan pertsona, mendekotasunen bat duena eta etxean zaintzeko oso zaila, dauzkan arazo mentalak edo sozialak direla eta.

Gizarteak adineko jendearekiko duen sentikortasuna haurrekiko duenarekin bakarrik konpara daiteke, eta ezezagunak zaizkigun bi elementu —koronabirusa eta zaharren egoitzak— elkarrekin gurutzatzean aise hedatzen dira susmoak, usteak eta albiste sentsazionalistak. Datu gordinak ematen dituzte hedabideek Covid-19a zaharren egoitzetan eragiten ari den hildako kopuruaz, zifra horiei buruzko argibiderik bilatu gabe. Datuak elkarri hain uztarturik ageri direnez, hartzaileak bere kabuz interpretatu behar izaten du albistea, apenas ezagutzen dituen bi elementuri buruzko irizpide ahulez baliatuz.

Bizkaiko Gizarte Ekintzako diputatuaren arabera, probintzia horretako zaharren egoitzen 182 erabiltzaile hil ziren martxoan, eta horietatik 33ri Covid-19a diagnostikatu zitzaien. 2018ko martxoan, berriz, 181 lagun hil ziren Bizkaiko egoitzetan, gripeak bete-betean jotzen zuen garaian, Foru Aldundiaren datuen arabera betiere. 2016ko urtarrilean, berriz, 250 lagun hil ziren Bizkaiko zaharren egoitzetan. Datu horiek ez dute adierazten, noski, koronabirusak beste infekzio batzuek baino arrisku txikiagoa dakarrenik; beraz, jar ditzagun datuak dagokien testuinguruan, berriro ere “gordinik” ager ez daitezen.

Lehenago aipatu dugunez, pertsona “ahulak” dira zaharren egoitzen erabiltzaileak, hau da, erraz gaixotzeko edo mendekotasuna areagotzeko arriskua dutenak, baita hiltzekoa ere. Ez da harritzekoa, beraz, herritar gehienek arazo larririk gabe jasaten dituzten infekzio batzuek adineko pertsona ahul bati septizemia eragitea eta hiltzea, edo aldaka hausteak eragindako sindrome serie batek ere heriotza izatea ondorio.

Adineko jendea ondo-ondo babestuta prozesu izugarri horiek saihets daitezkeela uste du jenderik gehienak, baina sustatzen ari den egoitza ereduak beste norabide bat hartu du. Gure iritzian, adineko jendearen bizi proiektua gorde eta zaindu egin behar du zaharren egoitzako bizimoduak, ziurtatu egin behar du adinekoen nahiak eta helburuak lortzeko aukera, eta dauden arriskuak onartu

Nagusitzen ari den eredua hurbilago dago bizileku komunitarioetatik ospitaleetatik edo ikuspegi biomedikotik baino. Horretxegatik, hain justu ere, da hain zaila adinekoak babestea koronabirusa elkarri kutsatzeko arriskutik eta erakunde baten barruan mugarik gabeko bizimodua eskaintzea. Egoitzetan, erabiltzaileen arteko jarduerak sustatzen dira (jokoak, esku-lanak, lantegiak, taldeko ariketak… Hori dela eta, elkarrengandik oso hurbil egon ohi dira adinekoak, eta agente infekziosoak kutsa ditzaketen objektuak partekatzen dituzte. Hurkoari ibiltzen edo jaikitzen laguntzea da kontaktu fisikorako beste bide bat, bai eta fereka egitea edo musu ematea ere. Gogoan izan mendekotasun maila handiko jendeak zuzeneko kontaktua izaten duela zaintzaileekin altxatzeko, ibiltzeko, komunera joateko… Jakina, harreman horrek ere erraztu egiten du mikroorganismoak kutsatzea.

Honenbestez, kontuan hartuz gero adinekoen zaurgarritasun faktore guztiak zaharren egoitza batean hedatzen den infekzio ororekiko, argi askoa da emaitza: egoitzak suntsitzen dituzten epidemiak. Horrek ez du esan nahi egoitza horietan ez dagoenik infekzioei buruz ezagutza duen profesionalik, edo adineko jendea babesten ez denik; aitzitik, Bizkaiko egoitzetako profesionalei esker % 0,3 da 10.700 erabiltzaileen artean Covid-19ak eragindako heriotza tasa. Alabaina, komunikabideek susmagarritzat aipatzen dituzte zaharren egoitzak, eta heroitzat tratatzen ospitaletako langileak.

Ikuspegi horiek aldarazteko, gizarteari hurbildu behar dizkiogu zaharren egoitzak, herrietako bizitzaren alderdi baliotsu bilakatu eta, hartara, egoitzen eta haietan lan egiten duten profesionalen gaineko ezagutza eta haiekiko konfiantza areagotu. Ekin diezaiogun, bada, egoitza eredu idealari buruzko eztabaidari, irizpide hauek ardatz ditugula: arretaren ardatz gisa pertsona jartzea eta eredu biomedikoa erabiltzea, edo bien arteko hibrido bat. Baina, batez ere, ez dezagun utzi zaintza behar duen jendea zaharren egoitzetatik urruntzen ezjakintasuna eta albiste sentsazionalistak direla medio.

Iturria: Campusa UPV/EHU

Autor

Erizaina —geriatrian espezialista— eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle elkartua

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • You may use [block:module=delta] tags to display the contents of block delta for module module.
  • You may use [view:name=display=args] tags to display views.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.