(Zizurkil, 2013ko otsailaren 7a). Urtero bezala, Fraisoro zentroko egoiliarrek eta eguneko zentrora joaten diren adinekoek inauterietako jaiekin egin dute bat. Baina, aurten, Zizurkilgo San Millan eskolako 2 eta 12 urte bitarteko 25 haurrek ere hartu dute parte jai horietan. Goizerdian elkartu dira denak, mozorroak jantzita, ohiko txistorra jateko eta txaranga musikaren erritmoan dantzan egiteko.
San Millan ikastetxeko haur talde horren parte hartzea ez da ez ustekabekoa ez unean-unekoa. Egia esan, ikastetxe horrek eta Fraisoro zentroak zenbait ekintza egiten dituzte elkarrekin, belaunaldien arteko harremana —kasu honetan haurren eta adinekoen artekoa— sustatzeko. Fraisoro zentroak inguruko bizitza sozialean parte hartu eta lagundu nahi du, eta jarduera hori bokazio horren beste ondorio bat da.
Matia Fundazioa, 130 urte Gipuzkoako gizartearen zerbitzura
Matia Fundazioak 1881ean ekin zion bere jarduerari, Jose Matia Calvo ontzi jabe eta merkatari laudioarrak bere ondasunak legatuan eman zituenean, helburu hau izango zuen fundazioa sortzeko:
«Nagusiei edota lanerako ezintasun osoa duten pertsonei bizitzen jarraitzeko baliabideak ematea eta gaixotasunean artatzea».
Gaur egun, kualifikazio handiko 900 profesional inguruk osatutako irabazi asmorik gabeko erakundea da Matia Fundazioa, eta 130 urtetik gorako eskarmentua du adinekoei laguntzen.
Bere esperientzia handiari eta bertako profesionalen lanari esker, eredu propioa garatu ahal izan du Matia Fundazioak: Pertsonarengan Ardaztutako Arreta Eredua. Erabiltzaile bakoitzaren egoera pertsonala kontuan hartuta autonomia, duintasuna, lehentasunak eta gaitasunak sustatzera bideratutako eredua da. Asmo hori lortzeko, zahartze-prozesuaren ikuspegi integralean oinarritutako ezagutza eta berrikuntza ere sortzen ditu Matia Fundazioak. Horretarako dago, hain zuzen ere, Matia Institutu Gerontologikoa, Matia Fundazioan ezagutza aplikagarria sortzeaz eta gizartean zabaltzeaz (I+G+b) arduratzen den unitatea. 10 urtetik gorako eskarmentua eta 60 profesional inguruko lantaldea duen zentro honek ez du parekorik Euskadin.