Ez adiorik, Luis, eta ez dezagula irribarrea galdu
Gaur goizean, Argixaon zeremonia txiki bat egin dugu etxe horretan bizi zen gizon bati agur esateko: Luis Pérezi. Oso pertsona maitatua eta preziatua zen langileen aldetik eta bertatik igarotzen garen pertsona guztien aldetik. Trintxerpeko “Fato Cultural Galego Daniel Castelao” zentroko ordezkari bat ere izan da zeremonian, eta poema galiziar bat partekatu dun guztiokin, Luisen ohorez. Irakurri hemen poema.
Ekitaldian, Argixao zentroko laguntzaile Antxone Pérezek testu zoragarri hau partekatu nahi izan du; izan ere, duela egun batzuk Luisek berak irakurri zigun guztiz hunkituta, Donostiako Aquariumean ospatutako topaketa batean. Haren esker oneko hitzek suspertu eta pertsonei laguntzen jarraitzeko animoak ematen dizkigute, uneoro pertsona horiekiko errespetua, duintasuna, autonomia pertsonala eta bizi zentzua bermatuz. Guri bezainbeste hunkitzea espero dugu.
Kaixo, Luis Pérez naiz. 63 urte ditut eta Donostiako Azkuene kalekoa naiz, baina ni trintxerpetarra sentitzen naiz. Itsasoan lan egin dut eta txatar biltzailea ere izan naiz. Nire aisialdian, Pasaiako babes zibileko kide izan naiz; 33 urtez izan naiz kide, horietatik 18 presidente gisa. Trintxerpeko festa batzordean ere aritu naiz, eta festetan nik botatzen nuen txupinazoa.
Depresio sakon batekin hasi zen nire istorioa, bizitzen jarraitzeko gogo guztiak kendu zizkidana. Lau urte igaro nituen garbitu gabe, egunean ogitarteko bat janez eta 30 garagardo inguru edanez. Prozesu horren emaitza gisa, gangrena hartu nuen eta, ekainaren 21ean (San Luis egunean, nire santuaren egunean, arratsaldeko lau eta erdietan), ertzainek ospitalera joatera behartu ninduten, hanka ebaki ziezadaten, jasaten ari nintzen egoera korapilatsua zela eta. Ospitalean hilabete eta erdi igaro ondoren, Matia Fundazioaren Argixao zentroko unitate soziosanitariora eraman ninduten, Zumarragara.
2017ko abuztuaren 1ean iritsi nintzen hona, goizeko hamar eta erdietan. Sofía medikuak hartu ninduen, Idoia erizainarekin eta egoitzako gizarte langile Ohianarekin batera. Nirekin hitz egin zuten. Nik negar egiten nuen, ez bainuen zentroan geratu nahi. Nire ingurutik atera nahi ninduten… nire Trintxerpe maitetik atera nahi ninduten. Hala eta guztiz ere, une horretatik aurrera konturatu nintzen ni maitatzen eta niri animoak ematen hasiak zirela. Nirekin hitz egiten amaitu zutenean, hiru pertsona horiek Angel aurkeztu zidaten, Argixaon bizi zen adiskide bat; handik hiru hilabetera, nire logela kide bihurtu zen. Egun horretan bertan, bazkalorduan, laguntzaile bat etorri zen nire bila; niretzat hil ala biziko euskarria izan da Argixaon bizi naizenetik. Nahikari du izena. Hori izan zen nire lehen eguna Argixaon.
Oso triste igaro nituen lehenengo asteak, ezkutuan negar egiten, baina Argixaoko langileek animo asko ematen zizkidatela ikusi nuen. Bi hilabeteren buruan, konfiantza hartzen hasi nintzen. Jendeak maite ninduela konturatu nintzen eta, geldirik egon nahi ez nuenez, ahal nuen gauzetan laguntzen hasi nintzen. Kafe makinara joaterik ez zuten adiskideei laguntzen nien, goizetan kafea eramaten nion ile apaintzaileari… Alicia, fisioterapeuta, oinez ibiltzen laguntzen hasi zitzaidan, eta niretzat hori izan zen gauza garrantzitsuenetako bat. Eskerrak eman nahi dizkiot, bihotz bihotzez, oso une garrantzitsua izan baita nire bizitzan. Hiru hilabete igaro ondoren, urrian, protesia jartzeko neurriak hartzen hasi zitzaizkidan; azaroaren erdialde aldera eman zidaten eta, gaur egun, oinez ibiltzen naiz protesiarekin eta makuluekin.
Horrela igaro ziren hilabeteak eta, abenduaren 15ean, goizeko hamarrak eta laurdenetan, Maros etorri zen etxe honetara; gaur egun, nire bizitzako maitea da, funtsezko euskarria ni suspertzeko eta nire egunerokotasunerako.
Argixao, bizi naizen egoitza, oso ondo dago prestatuta niretzat. Oso ondo zaintzen gaituzte eta ez dugu irribarrea galtzen egunerokotasunean, oso gauza garrantzitsua bizitza honetan, ez langileen aldetik eta ez senitartekoen edo bertan bizi diren pertsonen aldetik. Argixaon goizeko sei eta erdietan hasten da nire eguna; dutxatu eta, zazpiak aldera, protesia jartzen dut. Nire ariketak egiten ditut etxeko pasilloetan barrena eta, zortzietan, solairu nagusira jaitsi eta, gainerako egoiliarrak agurtu ondoren, kafe bat hartu eta elkarrekin hitz egiten dugu. Bederatzietan, logelara joan eta erabilgarri sentitzen hasten naiz: ohea egiten dut (ostegunetan salbu, egun horretan oheko arropak aldatu behar ditudalako); hamarretan, gosaldu egiten dut eta beharrezko gauza guztietan laguntzen hasten naiz, begiraleei, ile apaintzaileari, erizainari, laguntzaileei, harrerako langileei… Horrek askoz ere erabilgarriago sentiarazten nau. Etxean baratze bat dugu eta denetik jasotzen dugu: letxugak, luzokerrak, brokolia… eta etxetik igarotzen diren guztiei oparitzen dizkiegu.
Laguntzen diguten pertsonek badute oso garrantzitsua den zerbait, bizitza honetan funtsezkoak diren printzipioak baitituzte: entzutea, ulertzea, irribarre egitea eta, batez ere, guri irribarre eginaraztea. Konturatu naiz etxe honetan aukerak ematen dizkigutela, hemen bizi garen guztiok gure erabakiak hartu ahal izan ditzagun; azkenean, pertsonak gara eta zer gogoko dugun eta zer egin nahi dugun erabakitzeko eskubidea dugu.
Orain, gure etxeko langile guztiei eman nahi dizkiet eskerrak, batez ere Juliari, ile apaintzaileari, ematen dizkidan aukera guztiak emateagatik; Aitziberri, tabernakoari, maite nauen bezala maitatzeagatik; begiraleei, erabilgarri sentiarazteagatik; Izaskuni (eguneko zentroko laguntzailea), seme bat banintz bezala maitatzeagatik; laguntzaileei, erizainei, gizarte langileei eta sendagileei, gure etxetik igarotzen diren boluntario guztiei. Ez dut Carmen ahaztu nahi, gure zuzendaria, bere irribarrearekin eta, noizean behin, bere txantxekin, etxean bezala sentiarazten gaituelako. Zuk bai dakizula, Carmen! Ez aldatu. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiet garbiketako, garbitegiko, sukaldeko eta abarreko langileei, oso pertsona onak zaretelako; eta hemen zaudeten guztioi, nire bizitzako pasarte garrantzitsu hau entzuten ari zaretenoi. Eskerrik asko MATIA osoari, zareten bezalakoak izateagatik, nire aitak zioen moduan, esker onekoa izatea beti delako ona.Stua. Luis Pérez