HasieraBlogaIzatearen arintasun jasanezina edo parazetamolik gabeko bizitza

Izatearen arintasun jasanezina edo parazetamolik gabeko bizitza

Duela gutxi, parazetamolak lunbalgia kronikoaren tratamenduan duen eraginkortasunari buruzko berrikuspen sistematiko bat argitaratu da British Medical Journal (BMJ) aldizkarian, eta eztabaida handia piztu du. Aztertutako 13 saiakuntza klinikoetatik ondorioztatu denez, ebidentzia-kalitate handia dago parazetamola lunbalgiari lotutako minaren intentsitatea eta desgaitasuna murrizteko eraginkorra ez dela eta osteoartritisaren kasuan, aldaketa esanguratsua bada ere, klinikoki garrantzitsua ez dela esateko.

Funtsezko alderdietako bat segurtasuna da. Bigarren mailako ondorioak plazeboaren antzekoak badira ere, funtzio hepatikoaren probetan alterazioak agertzeko arriskua lau aldiz handiagoa da (konfiantza-tartea: 1.9-7.4), eta ez dakigu alterazio horien garrantzi klinikoa zenbaterainokoa den. Nolanahi ere, erabilitako dosien eta erabilitako aldien araberakoak dira alterazio horiek.

Mina kentzeko alternatiba farmakologikoak aztertuta ikus daitekeenez, antiinflamatorio ez-esteroideoek (AIEE) profil negatibo gastrointestinala eta kardiobaskularra dute, opiazeoen eta laguntzaileen kasuan sendagaien aurkako erreakzioen maiztasuna handia da, eta, beraz, zailtasun handia dago eraginkortasuna eta segurtasun egokia uztartzeko. Alternatiben artean, gonartrosiari lotutako min arina, iragankorra eta toki jakin batekoa kentzeko AIEE topikoak ziklo laburretan erabiltzea proposatzen da, betiere kontraindikaziorik ez badute. Bestalde, ebidentzia urria dago opiazeoek min gogor ez-onkologikoa arintzeko duten eraginkortasunaren inguruan. Horien banaketak neurri handian egin du gora AEBn.

Blog parac (1)

Lehen mailako arretan, osteoartritisak eta lunbalgiak kontsulten % 10-15 dira, eta adinekoengan, berriz, % 68ra iristen da. Horien artean, gizonek aldakan jasaten dituzte nagusiki, eta emakumeek eskuetan eta belaunetan. Gainera, mendekotasun funtzionalaren eta bizi-kalitatearen alterazioaren arrazoi nagusiak dira.

Esku-hartze ez-farmakologikoen artean, jarduera fisikoa egiteak eta fisioterapiako esku-hartzeek mina arintzen dute hasierako asteetan, baina eraginkortasuna murriztu egiten da denborarekin. Era berean, higiene-neurri batzuek (hala nola pisua optimizatzeak) giltzadura-gainkarga arintzen dute, eta aipatu beharrekoak dira, halaber, termoterapia, eskuzko terapia, akupuntura edo psikoestimulazio-teknikak. Esku-hartze horiek behar bezala antolatu behar dira, jarraipena bermatzeko eta esku hartzeko planak gauzatuko dituzten profesionalak eskuragarri izateko.

Blog parac (2)

Alde batetik, freskagarria da hain erabilia den parazetamolaren eraginkortasun analgesikoari buruzko berrikuspen kritiko bat, hainbat esku-hartzeren ondoren mina behar bezala balioetsi eta monitorizatzeko eta tratamendu luzeak edo ez-eraginkorrak saihesteko beharraz ohartarazten duena. Eta etsigarria da hain ebidentzia urria izatea adinekoen min ertain/gogorraren inguruan, lehentasunezko helburua baita gutxieneko bizi-kalitate bat lortzeko. Beharrezkoak dira diziplina anitzeko lana eta osasun-hezkuntzan eta tratamendu higieniko eta farmakologikoetan oinarritutako arreta-plan integral bat, arazo konplexuak ez baitira pilulekin bakarrik konpontzen.

*Machado GC et al. Efficacy and safety of paracetamol for spinal pain and osteoarthritis: systematic review and meta-analysis of randomised placebo controlled trials. BMJ 2015;350h 1352.

Egilea

Matia Fundazioako medikua