Zentro gerontologikoetan erorikoak prebenitzeko faktore anitzeko programak
Erorikoak osasun publikoko arazo garrantzitsua dira, ondorio fisikoak, psikologikoak eta ekonomikoak baitituzte. Horregatik, zentro gerontologikoetan garrantzi handia duen sindrome geriatrikotzat hartzen dira.
Europan, erorikoen prebentziorako lan-sare bat sortu da (ProFaNE). Belgikako osasun publikoko lantalde batek egiten duen berrikuspen sistematikoan, esku-hartze guztien eraginkortasuna ebaluatzen da*. Aurretik, erorikoetan inplikatutako arrisku-faktoreak kontrolatzeko edota ibileraren edo orekaren nahasmenduak hobetzeko neurrien eraginkortasun urriari buruzko literatura asko argitaratu da. Azterlanen kalitatea txikia izan ohi da, eta datuak aztertzea zailtzen duten definizio anbiguo samarrak izaten dituzte.
Zentro gerontologikoak, bertan bizi direnen ezaugarriak kontuan hartuta (narriadura kognitibo handia, ibileraren eta orekaren nahasmenduak edota ibiltzeko laguntza teknikoen premia sendagai asko hartzen dituzten eta gabetasun sentsoriala duten pazienteen kasuan), erorikoak gertatzeko arrisku handikotzat hartu behar dira. Kalkulatutakoaren arabera, erorikoen tasa 1,6 da urtean, eta behin erortzen diren egoiliarren % 50 gehiagotan erortzen dira. Dakigunez, erorikoen % 50 baino gehiago egoiliarren % 10ek baino gutxiagok izaten dituzte. Eta erorikoen ondorioak ez dira berriketa. Kalkulatutakoaren arabera, urtean % 4k izaten du aldaka-haustura, eta, horien artean, % 12k berriz izango du haustura eta % 31 hil egingo da. Gainera, ondorio psikologikoak hartu behar dira kontuan, hala nola desgaitasuna areagotzen eta bizi-kalitatea okerragotzen duen erorikoaren ondoko beldurra. Eta, ondorio horiez gain, gero eta zaharragoa den biztanleriari erantzun behar dioten osasun-sistemek jasaten dituzten ondorio ekonomikoak aipatu behar dira.
Aipatutako metaanalisian, zentro gerontologikoetan bizi diren 22.913 pertsonako lagina biltzen duten 13 azterlan landu dira. Egoiliarren adin-tartea 82-89 urte izan da, eta 6 hilabetetik gorako jarraipena egin zaie. Saiakuntzetan, esku-hartzeak hiru motakoak izan daitezke: bakarrak (langileen entrenamendua, arrisku-faktoreak eta alda daitezkeen faktore batzuk balioesteko hezkuntza programak, farmazialarien laguntzarekin egindako esku-hartzeak sendagaiak –eta medikazio psikoaktibokoak bereziki– berrikusteko, D bitaminaren inguruko esku-hartzea edota ibilera sendotzeko programak), askotarikoak (inkontinentzia-zainketak, irabazi funtzionalera bideratutako ariketa-programak) eta faktore anitzekoak (arrisku-profil indibiduala balioestea, eta honako hauetan ardaztea: ariketa, medikazioa, hipotentsio ortostatikoaren kontrola eta detekzioa, giro seguruak, aldaka-babesleak, balioespen bisuala eta podologikoa, oinetako egokiak, feedbacka).
Esku hartzeko taldeetan, erorketa errepikatuak izan dituzten egoiliarren kopuruak behera egin du (% 21), baina ez da ondoriorik izan erorikoen kopuruan. Faktore anitzeko esku-hartzeen kasuan, berriz, eroriko errepikatuak izan dituzten egoiliarren erorikoen kopurua murriztu egin da, baina neurri txikiagoan eroriko errepikatuak izan dituzten egoiliarren kopurua. Gainerako esku-hartzeen kasuan, kopuru horrek are neurri txikiagoan egin du behera (esku-hartzeei buruzko azterlan sinpleren baten arabera, gora ere egin du). Erregresio-analisian ikus daitekeenez, dementzia duten egoiliarren prebalentzia handiko azterlanetan izan dute babes-ondorio handiagoa esku-hartzeek.
Ez daude ongi azalduta diziplina anitzeko taldearen osaera eta faktore anitzeko esku-hartzeen maiztasuna, eta paziente instituzionalizatuen kasuan azterlanak egiteko dauden zailtasunak aipatzen dira (gertatutako galerak, helburuen erregistro urria, laguntza-baliabidearen definizio ilunak, ongi deskribatutako ondorioak edo jarraipen egokiak).
Faktore anitzeko esku-hartzeak oso lagungarriak izan daitezke, baita laguntza-taldearen sentsibilizazioa eta funtsezko adierazleen erregistro egokia ere. Ildo horretan, oso garrantzitsua da osasun-baliabideak baliabide sozial horretan inbertitzea eta baliabide hori babestea. Izan ere, osasun-administrazioek ahaztu egiten dute maiz, eta horrek ondorio garrantzitsuak dakartza.
Vlaeyen E, Coussement J, Leysens G et al. Characteristics and Effectiveness of Fall Prevention Programs in Nursing Home; A Systematic Review and meta-Analysis of Randomized Controlled Trials. J Am Geriatr Soc 63; 211-221; 2015.