HasieraBloga​Asaldura, dementzia eta esku hartzeko aukerak

​Asaldura, dementzia eta esku hartzeko aukerak

Jokabidearen nahasmenduak agertzea oso ohikoa da dementzia duten pertsonen artean, eta areagotu egiten da gaixotasunak aurrera egin ahala. Sintoma neuropsikiatriko horien presentzia da, hain zuzen ere, instituzionalizazioaren eta ospitaleratze kopuru handiagoaren kausa nagusia, pazienteen nahiz horiek zaintzen dituztenen bizi kalitatea txartuz.

Jokabidearen nahasmenduak askotarikoak izan daitezke eta hainbat klusterretan multzoka daitezke (antsietate eta depresio motakoak, psikotikoak, asaldura/agresibitatea, mania, apatia), modu egokian deskribatzeko eta esku hartzeko helburuak planteatzeko. Era berean, oso garrantzitsua da horien maiztasuna eta intentsitatea ezagutzea, baita pazienteari berari eta horien zaintzaileei eragiten dizkien ondorioak ere.

Esku hartze farmakologikoek arrisku batzuk sortzen dituzte okerragotze kognitiboari, martxaren nahasmenduei eta orekari dagokienez, heriotza tasa kardiobaskularra areagotuz; eraginkortasuna oso txikia da eta, beraz, onuren eta arriskuen arteko balantzearen jarraipen sakona egin behar da.

Britainia Handiko psikiatria aldizkarian argitaratutako berrikuspen sistematiko* batek esku hartze ez farmakologiko desberdinak ebaluatzen ditu instituzionalizatuta dauden eta dementzia duten pazienteen asaldura tratatzeko orduan. Bertan nabarmentzen denez, zaintzaileei komunikazio eta behaketa gaitasunak erakutsita, eta musikoterapia egituratua eta esku hartze sentsoriala (batik bat ukimena) erabilita, asaldura murriztu egiten da, batzuetan horiek aplikatu eta 3-6 hilabetetara. Bestalde, beste jarduera batzuek —aromaterapiak edo argiaren terapiak, adibidez— ez dute eraginkortasunik frogatzen.

Bitxia badirudi ere, senitartekoak entrenatzeak eta prestatzeak ez du gehiegi aldatzen pazienteen asaldura eta, beraz, oso zaila da azterlanaren ondorioak testuinguru komunitariora hedatzea. Berrikuspenak barne hartzen dituen entsegu klinikoek heterogenotasun handia agertu dute erabilitako eskalei, esku hartze motei, koerikortasunei eta aztertutako partaideen sendagaiei dagokienez.

Egileen arabera, dementzia duten pazienteengan hautematen ez diren premien ebaluazioa da (mina, idorreria, egarria, gabezia sentsoriala, sendagaien bigarren mailako efektuak…) azterketaren alderdirik esanguratsuena, eta ahalik eta erosotasunik handiena lortzea da helburua; horretarako, pertsonaren ongizatea izango da jardueren xede nagusia, eta ez laguntza egiturarekin lotutako jarduerak. Psikologiaren edo jokabidearen arazoa behar bezala definitu ondoren, eta lotuta egon daitezkeen arrazoiak alde batera utzita, ezarritako neurriak monitorizatu eta horien eraginkortasuna berrikusi behar da. Berrikuspenetatik ateratako ondorioek eraginkortasun frogatuko neurriak ezartzeko balio behar dute, baita zaintzaile formalen etengabeko prestakuntzarako ere.

* Gill Livingston, Lynsey Kelly, Elanor Lewis-Holmes et al. Non-pharmacological interventions for agitation in dementia: systematic review of randomized controlled trials. The British Journal of Psychiatry (2014);205, 436–442.

Egilea

Matia Fundazioako medikua