Bakarrik bizitzea. Aukera eta erronka sozial eta pertsonala
Adineko asko bizi dira bakarrik. 1.860.000 inguru. Gehienek betiko etxebizitzan bizi nahi dute. Hamarretik zazpi baino gehiago emakumeak dira, eta haietako asko autonomiaz eta independentziaz bizitzeko ahalmen sozial eta pertsonal nahikoak dituzte.
Ez dago norberaren etxebizitza baino gauza hoberik nahi den bizitza egiteko. Gainera, ezagutzen den ingurunea da, eta bertan sentitzen dira –sentitzen gara– seguru pertsonak. Espainian bakarrik bizitzeak baditu onura batzuk oraindik: adineko gehienek astean gutxienez bi aldiz telefono bidezko edo zuzeneko harremana izaten dute hurbileko seme edo alabaren batekin. Azken batean, bakarrik bizi diren baina isolatuta sentitzen ez diren pertsona askori laguntzen dion babes sozialeko sare indartsu eta ikusezin bati eusten diogu oraindik.
Edonola ere, zahartzaroak aurrera egin ahala, bakardadearen ondoriozko arriskuak areagotu egiten dira. Estatistikako Institutu Nazionalaren azken datuen arabera, 85 urte eta gehiagoko 368.400 pertsona bizi dira bakarrik. Ikerketak agerian utzi duenez, bakardadeari eta adinekoen sare sozialik ezari gaixotasuna, bizilekuko eta inguruneko arkitektura-oztopoak, diru-sarrera txikiak eta emakumea izatea gaineratuz gero, ondorio negatiboak sortzen dira osasunean eta ongizatean, eta gizarte-isolamendua ager daiteke.
Horrek guztiak agerian uzten du administrazioen jardunak behar direla bakarrik bizi diren pertsonak beren komunitatean integratzea erraztuko duten ingurune adiskidetsuen sorkuntza susta dadin eta baliabide komunitarioak lortzeko eta aire zabaleko guneez gozatzeko aukera erraz dadin. Herritarrek ere funtsezko zeregina betetzen dute alderdi horietan, bakarrik sentitzen direnei laguntzeko ekimenak sustatzearen bidez.
Zahartzen diren pertsonek, bestalde, hainbat ekintza jar ditzakete abian autonomiaz eta independentziaz bizitzeko eta gizarte-isolamendua saihesteko. Horien artean, honako hauek azpimarra daitezke: osasun-egoera ona zaintzea, etxea egokitzea, gizarte-harreman berriak ezartzea eta komunitateko jardueren inguruko interesa agertzea. Eta, jakina, behar denean laguntza eskatzen jakitea.
Bakarrik biziz zahartzea, beraz, bizitza-luzeraren areagotzeari lotutako gizarte-lorpena da. Hala ere, zahartzen diren pertsonek, administrazio publikoek eta gizarteak, oro har, bizimodu horri lotutako ondorio negatiboei aurrea hartu behar diete, eta ingurune seguru eta adiskidetsuetan harremanei eusteko eta harremanak ezartzeko aukera bultzatuko duten ekintzak garatu behar dituzte.
Iturria: El Blog de Novaire “Los Mayores lo Primero”