HasieraBlogaTerapeuta okupazionalak. Gaitasunak eta bizitzari zentzua emateko autonomia sustatuz.
Tania Trecet. Matia Fundazioa

Terapeuta okupazionalak. Gaitasunak eta bizitzari zentzua emateko autonomia sustatuz.

Kaixo. Maritxu naiz, Ormaiztegin jaiotako emakumea, baina orain Beasainen bizi naiz. Senarra duela bi urte hil zitzaidan eta bakarrik bizi izan naiz urte hauetan gure etxean. Nik, ezkondu aurretik, jostun bezala lan egin nuen, eta enkarguzko jantziren bat egiten jarraitu dut, baina noizean behin. Bi seme-alaba izan ditut eta bilobak hazten lagundu dut. Nire etxean afariak antolatzea gustatu zait, eta diotenen arabera, munduko kroketarik onenak prestatzen dut.

Gaur lau pareten artean esnatu naiz, eta ezin ditut identifikatu. Ez dira nire etxekoak, noski. Galduta eta triste sentitzen naiz, eta oso nekatuta gainera. Ikusten dut norbait dagoela nire ondoan lotan, baina ez dut ezagutzen. Are gehiago izutzen naiz. Behar izan dudanean beti lagundu didaten seme-alabei deitzen diet, baina haietakoren bat agertu beharrean, ezagutzen ez dudan zuriz jantzitako pertsona bat sartzen da. Ezezaguna nire ondoan esertzen da, bai keinu lasaiez, bai hitz maitekorrez, eta lasaitzera eta begiak ixtera gonbidatzen nau, atseden hartzeko eta lo egiteko.

Goizean jende ezberdinen joan-etorriek jarraitzen dute, denak oso atseginak, garbitzen laguntzen didatenak, etengabe laguntzen nautenak eta proba desberdinak egiten dizkidatenak. Ospitale honetara bihotzekoa izan ondoren ebakuntza bat egitera etorri naizela esan didate. Nik egiten uzten diet.

11:00etan nire gelan neska gazte bat agertzen da, bide batez, nire bilobetako baten adina izango duena. Ainhoa izena duela eta nire terapeuta okupazionala izango dela esaten dit. Eta zer izango da hori? Egia esan, ideiarik ere ez.

Ainhoak, bere gelara eramango nau eta gertatu zaidan guztia azalduko dit, baita nirekin batera egitea espero duen lana ere. Orientazioa eta memoria landuko ditugula esan dit, izan ere, ebakuntzaren ondoren nolabaiteko nahasmena dut. Egia da. Nik behintzat hala sentitzen dut. Gainera, galdetu dit zer zaletasun mota izan ditudan eta zer egin nahiko nukeen ospitalean. Bere ustez, gure zaletasunekin jarraitzea onuragarria da gure aldartearentzat, baina nik esaten diot eskuetan dudan artrosiagatik utzi niola josteari. Kontua da mugikortasuna, besoetako indarra eta oreka lantzen saiatuko garela, nire onera etortzen naizenean autozaintza errazteko. Ondo iruditu zait. Pentsatu dut lehen ez nuela behar inork ni garbitzea, eta gustatuko litzaidakela berriro horrela izatea.

Hilabete igaro da. Oso ondo sentitzen naiz eta iada ez naiz ospitalean galtzen, eta ez nago hain triste, Ainhoari esker nire beharretara egokitutako bastidore batean josteko aukera izan baitut. Egunez egun indarra eta oreka berreskuratzen joan naiz, berak adierazi dizkidan ariketen bidez (objektuak altuera desberdinetara mugituz, era guztietako azkoinak, torlojuak eta pintzak manipulatuz). Gainera, aulki berezi batzuetan eserita dutxatzen irakatsi dit, aulki horiek existitzen zirenik ere ez nekiela, eta erakutsi dit, kirtendun belakiak, zapata eta galtzerdi kaltzak erabiliz, lehen nuen autonomia berreskuratu dezakedala.

Hala eta guztiz ere, urte asko ditut eta nire osasuna ez da lehen zena. Seme-alabekin hitz egin ondoren, egoitza batera joatea erabaki dut, eta une horretan Ainhoa etorri zait burura. Terapeuta okupazionalik egongo al da horietan? Nork lagunduko dit behar dudanean ni zaintzeko autonomo izateko trikimailu berriak ikasten? Nork erraztuko dizkit nire gaitasunetara egokituta egin nahiko nituzkeen jarduerak? Nork zainduko du nire gorputza, irabazitakoa ez galtzeko?


Maritxuren istorioa fikziozko kontakizun bat da, eta, horren bidez, okupazio-terapeutena bezalako figura bat ikusarazi nahi dugu. Okupazioaren bidez pertsonen osasuna eta ongizatea sustatzen diharduten profesionalak, afekzio fisikoa, mentala, soziala eta/edo sentsoriala duten pertsonen gaitasunak sustatzeko helburu nagusiarekin, eguneroko jardueretan gizartearen parte-hartzea bultzatuz eta ahalik eta autonomia handiena mantenduz.

Gaur egun, funtzio horiek Matia Fundazioaren hainbat zerbitzutan betetzen dira, hala nola ospitale-eremuan, eremu psikosozialean, dibertsitate funtzionalean, egoitza-zentroren batean eta mendetasuna eta desgaitasuna baloratzeko zerbitzuan. Baina askoz gehiago dugu eskaintzeko. Ez al zaizu iruditzen?

TERAPIA OKUPAZIONALAren egun zoriontsua lankide guztiei!

Autora

Errehabilitazio Unitateko Terapeuta Okupazionala. Bermingham Ospitalea. Matia Fundazioa

Egilea

Neurorehabilitazio anbulatorioko unitateko eta psikogeriatriako unitateko terapeuta okupazionala

Egilea

IZA zentroko Terapeuta Okupazionala. Matia

Egilea

Bermingham Ospitaleko Terapeuta Okupazionala, Psikogeriatriako unitatea

Egilea

Terapeuta okupazionala Petra Lekuonaren nahasmendu mental larria duten pertsonentzako egoitza-unitatean. Matia Fundazioa

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • You may use [block:module=delta] tags to display the contents of block delta for module module.
  • You may use [view:name=display=args] tags to display views.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.