Matia Fundazioko Erizaintza zuzendariak jaso du errekonozimendua, lanbidearen aurrerabidean egindako ekarpenagatik, batez ere erizaintza geriatrikoaren esparruan.
Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialeko (COEGI) Gobernu Batzordeak erabaki du Erizaintza Lanbidearen Garapenerako 2017ko COEGI Saria Matia Fundazioko Erizaintzako eta Bermingham Zentroko zuzendari Ana Orbegozori ematea. Saria lanbidearen Urteko Gabon Afarian zehar jasoko du, datorren ostiralean, abenduak 15, Donostian, eta berak egindako lana aitortzen du, erizaintza lanbidearen irudian eta aurrerabidean positiboki lagundu duelako.
Ana Orbegozo Usurbilen jaio zen, 1983an diplomatu zen Erizaintzan Euskal Herriko Unibertsitatetik, eta aurrez Basurtuko Ospitalean prestatu zen Osasun Laguntzaile Tekniko gisa. Handik Geriatrian hasi zen lanean, Matia Fundazioan, eta, gainera, bi urtez Erizaintzako Kudeaketa eta Zuzendaritza ikasi zuen Bartzelonan. Halaber, Santiago de Compostelako unibertsitatean Gerontologiako Goi Mailako Gradu bat egin zuen eta, gainera, Antropologian lizentziatua da.
Geriatriaz gain, Ana Orbegozo Zainketa Aringarrietan eta Bioetikan ere prestatu da. Erizaintza geriatrikoko Espainiako Elkartearen Euskadiko bokala da, eta, kargu horretan, hainbat urtez parte hartu zuen Osasun Ministerioan erakunde horren Zainketa Aringarrien gidak prestatzen eta argitaratzen. Zainketa Aringarrien Espainiako Elkarteko kide izan da, eta hainbat lan argitaratu ditu horrekin, prestakuntza lanetan aritu da, eta kooperante lanetan aritu da Quitoko Abei Fundazioaren ospitalean. Bioetikaren esparruan, Matia Fundazioan Interbentzio Sozialeko Batzordea bultzatu zuen, eta gaur egungo bere presidentea da.
Prestakuntzaz eta bokazioz, beraz, Ana Orbegozok bat egiten du aipatutako hiru arloekin: Geriatria, Zainketa Aringarriak eta Bioetika, eta esparru horietan irakaskuntza lan asko ere egina da.
"Erizaintza Geriatrikoarentzako errekonozimendua da”
Dioenez, “sari honek ustekabean harrapatu nau, ez bainuen inolako errekonozimendurik espero, are gutxiago aktiboan egonda, eta oso albiste atsegina eta hunkigarria izan da. Nire ibilbidea 30 urtez Geriatriari lotuta egon da, inoiz ez nuen zalantzarik izan horretan jarduteko. Horregatik, uste dut saria Elkargoak Erizaintza Geriatriko osoari egiten dion aitortza dela, nire Erakundeari eta Matia fundazioko Geriatrian dihardugun 85 erizainei egindakoa”, azaldu du Ana Orbegozok hunkituta.
Ana Orbegozok azpimarratu duenez, Matia Fundazioak gaur egun pertsonarengan zentratutako arreta eredu batean lan egiten du, eta, bere iritziz, lanbidearen “gure hurrengo erronka erizaintzako preskripzioa da, batez ere geriatriaren esparruan, oso egoitza handiak baititugu, non, presentzia medikorik ez dagoenez, erizainek egin behar baitugu arreta sanitarioa. Horregatik, guretzat, preskripzio oso gai garrantzitsua izango da”.
Azpimarratu du gure Erkidego Autonomoan Erizaintza Geriatrikoaren espezialitatea ez dagoela aitortuta, eta, gogorarazi duenez, hala eta guztiz ere, Matia Fundazioan “ausartu ginen Geriatriako Diziplina Askoko Hezkuntza unitate bat sortzera, eta urtero Geriatriako bi BAEE prestatzen ditugu”.
Ana Orbegozok Erizaintza Lanbidearen Garapenerako 2017ko COEGI Saria jasoko du datorren ostiralean, abenduak 15, Gipuzkoako Erizaintzaren Urteko Gabon Afarian zehar.
http://www.coegi.eu/ana-orbegozo-2017ko-coegi-saria-erizaintza-lanbidearen-garapenerako