Zaintzaile izan eta geure burua zaindu, oreka zaila
Zaintza gure gizartean txertatuta eta normalizatuta dagoen ekintza da. Pertsona gehienak zaintzaile izan dira, badira, edo izango dira inoiz. Ideia hori oso zabalduta dago; badirudi edonork izan behar duela gai zaintzeko, eta horretarako prestatuta egon behar duela.
Gaur egun profesional asko ari dira zaintza formalean lanean, osasunaren hainbat eremutan. Baina, oraindik ere, zaintzaile informalak (senitartekoak, lagunak eta abar) arduratzen dira, hein handi batean, zaintza lana egiteaz. Zaintzailearen rola hartzen dute, borondatez edo halabeharrez, hurbileko pertsona batek beharra duenean.
Sarritan, zaintzaile informalak presaz eta plangintzarik gabe sartzen dira dementziaren esparruan. Buru-belarri ekiten diote zaintzari, baliabide bakarra borondate ona dutela. Denborak aurrera egin ahala, bide hori gogorra, luzea eta gero eta konplexuagoa izaten da, eta pisu astuna bilakatzen da zaintzailearen bizitzan eta osasunean.
Orduan, aldaketa fisikoak, emozionalak eta sozialak azaltzen hasten dira, eta askotan ez da jakiten horiek nola kudeatu. Zaintzaileak, zaintzaren errutinan murgilduta, ez du astirik izaten bere egoeraz eta beharrei buruz hausnarketa egiteko. Horrela, maiz gaixotu ere egiten da, azkenean.
Zaintzaile gisa dementziaren ibilbidea egitea erronka handia da, eta higadura fisiko, psikologiko eta emozional handia dakar. Benetan garrantzitsua da oreka aurkitzea, zaintzaile izan eta, aldi berean, geure burua zaindu ahal izatea.
Profesionalok, dementziaren esperientzia bizitzen ari den zaintzailearen ondoan egon behar dugu, baina ez hori bakarrik. Haren ahalduntzea ere sustatu behar dugu. Izan ere, zaintzaileak gai dela sentitu behar du, eta bere egitekoa kontzienteki, arduraz, modu autonomoan eta eraginkortasunez bete. Era berean, zaintzailea ahalduntzeko, laguntza, energia eta motibazio nahikoa eskaini behar zaizkio, zaintzaile rola ahalik eta eramangarriena izan dadin.
Umiltasunez, eta dementzia egoeretan zaintza zein konplexua den jakinik, gogoeta egiteko eta konturatzeko denbora-tartean parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, zaintzaileen osasuna zaintzeak duen garrantziaz jabetu gaitezen. Kontura gaitezen estrategiak garatu behar ditugula, geure osasuna kaltetu gabe ondokoa zaintzen lagunduko digutenak.