Osasuna eta bizi-kalitatea zaintzen duten egoitzak
Diseinu arkitektonikoaren garrantzia medikalizazioaren alternatiba gisa.
Egun hauetan denok sentitu dugu giltzapetuta bizitzeak zer suposatzen duen, geure erabakitasunarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik irten ezinik edo ordutegi jakin batera egokituta. Bizigarritasun-baldintza jakin batzuetara egokitu behar izan dugu, eta baldintza horiek ez diete erantzuten gure lan, aisialdi, sozializazio beharrei. Kasu batzuetan, aire zabalerako edo eguzkia sartzeko aukerarik gabe. Espazio txikietan elkarbizitzen. Intimitaterik ezaren aurrean sufrituz… Azken batean, gure bizi-kalitatean inguruneak duen garrantzia egiaztatzeko modu erradikal eta gordina izan da.
Pertsonaren eta ingurunearen arteko harreman hori oinarrizkoa da hainbat diziplinatan: arkitekturan, ingurumen-gerontologian, etab. Hala ere, 70eko hamarkadara arte ez zen aztertzen hasi, hainbat ikuspegitatik1, interakzio horrek zahartze-prozesuan duen eragina. Orduz geroztik, diseinuak pertsonen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzeko eta gaitasunak sustatzeko duen zereginari buruzko ebidentzia ikertu eta sortu da. Alde horretatik, orain baditugu honako alderdi hauek kontuan hartzearen garrantziari buruzko datuak: hiri-ingurunean integratzea, espazio komunen dimentsioak eta ezaugarriak, kanpoarekiko kontaktua, natura, espazio pribatua eta etxearen garrantzia, materialak, argiztapena…
Aurrekoaren arabera, galdetu beharko litzateke ea adinekoei ematen diegun irtenbidea behar bezain ona den, eta ea etorkizunean are eta ospitale-itxura gehiago duen ingurunea sortu behar den.
Gai horiei erantzunak bilatzen saiatuz, sarrera honekin diseinu arkitektonikoak adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko duen garrantziari buruzko sail bat inauguratuko dugu, ikuspegi hori azken urteotan hainbat ostatu- eta etxebizitza-ereduren bidez nola garatu den kontuan hartuta.
Ingurunearen diseinua eta bizi-kalitatea
Eraikuntzan, erabilera normal baten baldintza kaskarrenetan edo zorrotzenetan oinarrituta diseinatzen da, eta, gainera, segurtasun-koefizienteak aplikatzen dira. Ikuspegi honek egiturak, instalazioak eta abar diseinatzeko eta dimentsionatzeko balio du.
Hori bai, pertsonak bizi diren inguruneak diseinatzea, Covid-ak sortutako egoera baldintza kaltegarriena balitz bezela kontuan hartuta, ez da ikuspegi egokia. Ez arkitekturaren ikuspegitik, ez zainketen eta arretaren ikuspegitik. Ezin dugu ahaztu egoitzetako osasuna "ondasun" integrala dela, eta zainketa sanitarioez gain, alderdi arkitektonikoak, antolakuntzakoak eta harreman- eta tratu-gaitasunak ere barne hartu behar dituela.
Ospitaleen gaur egungo joerak espazioa humanizatuz , bizi-kalitate handiagoa lortzera bideratuta daudenean, zentzugabekeria dirudi bizitegi-eremuan beste norabide bat hartzea, ospitaleagoak diren inguruneetarantz.
Bestalde, non geratzen da adinekoen ahotsa? Alde batera utziko al dugu beraien iritzia non eta nola zahartu nahi duten erabakitzeko ahalmena bezalako funtsezko zerbaitetan? Pertsona hauek urteak daramatzate egoitza-eredu klasikoaren ordezko bizitoki-aukerak eskatzen. Espainian, adinekoen % 4k baino ez du eredu horren alde egiten, eta% 90ek nahiago du bere etxebizitzan bizitzen jarraitu2.
Arkitekto gisa, heriotza gehiago saihesteak kezkatzen nau, baina, batez ere, BIZITZAren kalitatea hobetzeak. Horrela, letra larriz, merezi duen tratua bezela. Hor dago gakoa, fokua non jarri beharko genukeen. Bizitza, topaketa, harremana, esanahia eta ongizatea errazteko espazioak sortzea. Adinekoen bizi-kalitatea hobetzea da helburua, gurea, alegia.
Gaur egungo egoerangatik sortzen diren min eta kezka guztiak partekatzen ditut, batez ere pertsona asko zein baldintzatan joaten ari diren ikusten dugunean... heriotza lagundua eta duina hainbeste falta denean. Baina horrek guztiak nire jarrera berresteko baino ez du balio. Bizi-kalitatea hobetzera bideratutako ingurunearen diseinu egokiaren garrantzian sinesten dut.
Ez gaude adinekoak babesteko aukeraren aurrean bakarrik, baita haien ongizatea hobetzeko aukeraren aurrean ere. Etxebizitza-eredua aldatzearen aldeko apustua egiteko unea da, adinekoak babestuko dituen aldaketa, bai, baina, gainera, haien bizi-kalitatea hobetuko duena. Bizi-kalitatea handia bada, bizitzaren amaiera duina da.
[1] Ingurunearen teoria ekologikoa (Lawton eta Nahemow, 1973); Arrakastadun zahartzearen teoria (Rowe eta Kahn, 1987); Hautaketa, Optimizazio eta Konpentsazio Eredua (Baltes eta Baltes, 1990).[2] IMSERSO. Zahartze aktiboaren liburu zuria, 2011.
Gehitu iruzkin berria