HasieraBerriakMuseum cementos Rezola eta Matia Fundazioak kolaborazio hitzarmen bat sinatzen dute

Museum cementos Rezola eta Matia Fundazioak kolaborazio hitzarmen bat sinatzen dute

25.02.2019

Urtarrilean kolaborazio hitzarmen bat sinatu zuten Matia Fundazioak eta Museum Cemento Rezolak, argi dutelako komunitatean integratzeko jarduerak garrantzitsuak direla adinekoen elkarrekintza sozialari, gizarteratzeari eta ongizateari begira, eta pertsona horien ezagutzak eta eskarmentua kontuan hartzekoak eta berreskuratzekoak direla.

Lankidetzako eremu horretan bi erakundeak batera arituko dira, hain zuzen ere, Añorga auzoaren memoria industriala berreskuratzeko lanean. Horretarako, Matia Fundazioaren erabiltzaileen artean industriaren sektorean lan egin duten pertsonak aurkitu nahi dituzte, gaiaren inguruko ezagutza dutenak eta museoetako ondare ez-materialean parte hartu nahi dutenak. Lankidetza egitasmoa Museum Cemento Rezolak abian duen Añorgatarrak proiektuaren osagarri izango da.

Bi erakundeek finkatu duten lankidetza dela eta, Matia Fundazioak MatiaZale erakundetzat aitortu du Museum Cemento Rezola, Fundazioaren erabiltzaileen ongizatea sustatzen duten jarduera garrantzitsuetan laguntzen duelako.

Museum Cemento Rezolak, bestalde, bisita gidatuak antolatuko ditu museora eta tailerrak egingo ditu interesa duten taldeentzat, bai adinekoentzat, bai dibertsitate funtzionala dutenentzat. Hona hemen eskainiko diren jardueretako batzuk: bisita gidatuak, “Kontaiguzu” tailerra, belaunaldien arteko tailerrak, Rezolarte tailerra eta abar.