HasieraBerriak55 urtetik gorako pertsonek beraien familian duten eginkizuna indartu egin da azken lau urte hauetan, krisi ekonomikoaren urterik zailenetan

55 urtetik gorako pertsonek beraien familian duten eginkizuna indartu egin da azken lau urte hauetan, krisi ekonomikoaren urterik zailenetan

01.01.2015

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Angel Toñak eta Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiak 55 urtetik gorako EAEko herritarren bizi baldintzei buruzko azterlanaren ondorio nagusiak aurkeztu dituzte gaur goizean Bilbon.

«Herritar talde horren eginkizuna funtsezkoa da gure gizartean, eta aitortu egin behar dugu», nabarmendu du Angel Toñak. Izan ere, 55 urtetik gorako pertsonek parte hartze aktiboa dute euskal familia askoren egituran, bai ekonomikoki, bai egunerokoan. Seme-alabak, ilobak, adinekoak eta mendekoak zaintzeko «ezinbestekoak dira».

Herritar talde horrek azken lau urteotan izan duen bilakaera egiaztatu du azterlanak, denbora tarte hori izan baita «EAEko milaka familiak krisialdiaren alderik gordinena jasan duten aldia». Toñaren hitzetan, denbora tarte horretan, «oinarri egonkorra» izan dira 55 urtetik gorako pertsonak. Izan ere, 55 urtetik gorako hamar lagunetik seik adierazitakoaren arabera, epe horretan areagotu egin dute familiari emandako babes ekonomikoa. Gaur egun, 55 urteko eta gehiagoko pertsonen % 8,7k laguntza ekonomikoa ematen die beren etxean bizi ez den norbaiti, eta erdiak baino gehiagok hilean behin. % 35,4k 100 eta 500 euro bitarteko laguntza ekonomikoa ematen dute. Gainera, familiako kideen zainketa eta etxetik kanpoko etxeko lanak areagotu egin dira 55 urtetik gorako pertsonen % 20rentzat.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren ustetan, pertsona horiek «funtsezkoak dira, baina ez beren familiarentzat soilik, baita euskal gizarte osoarentzat ere». Ildo horretan, azpimarratu du 55 urtetik gorako pertsonen % 18,7k boluntario gisa jarduten duela hainbat elkartetan. «Pertsona horien guztien lana eskertu egin behar dugu; izan ere, kasu askotan, lanetik erretiratzeko adina duten arren, senitartekoak zaintzen jarraitzen dute erne eta tinko, gizartean duten parte hartzea albo batera utzi gabe».

55 urtetik gorako pertsonen % 31,1ek seme-alabei laguntzen diete egunero edo ia egunero. Zaintzeko beharra duten bilobadun pertsonak zenbatzen baditugu soilik, datua % 50 ingurukoa da, eta ordu kopurua hamar eta hogeita hamar ordutik gora bitartekoa (% 43,7 eta % 11,8, hurrenez hurren). Gainera, pertsona horien % 11k senide nagusiago bat edota desgaitasun bat duen pertsona bat ere zaintzen dute; astean 37 ordu inguru, batez beste.

55 urtetik gorako pertsonen artean laguntza informala ematen dutenak eta laguntza jasotzen dutenak alderatzen baditugu, % 54,8k laguntza informalen bat ematen duela ikusiko dugu (seme-alaben, biloben, pertsona nagusiago baten edota desgaitasun bat duen pertsona baten zaintza); aldiz, % 7,7k soilik jasotzen du laguntza osasun arazoengatik.

Zahartzaro Aktiborako Euskal Estrategia

Gaur goizean aurkeztutako ikerlanak azaleratu duenez, zahartze aktiboaren indizea kalkulatuz gero, EAEk lortutako puntuazioa 36,6koa da; hau da, Europako batez bestekoa (34,05) baino handiagoa eta Espainiako estatuko batez bestekoa (32,8) baino askoz handiagoa. Toña sailburuak gehitu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoa ez dago soilik Europako batez bestekoaren gainetik, baizik eta ongizate eta babes sozial maila oso handia duten zenbait herrialderen —Alemania, Austria eta Frantzia— aurretik ere bai. EAE sailkapenaren zazpigarren lekuan dago, aztertu diren EBko 28 herrialdeekin alderatuta.

EAE bizi diren 55 urtetik gorako pertsonen errealitatea islatzen duen ikerlan hau oinarri hartuta, Eusko Jaurlaritza Zahartzaro Aktiborako Euskal Estrategia diseinatzen ari da, inplikatutako eragile guztien laguntzarekin. Estrategia hori hilaren 18an aurkeztuko dela jakinarazi du Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur goizeko prentsaurrekoan. Izan ere, sailburuak adierazi duenez, «65 urtetik gorako pertsonei zuzenduriko politikak ez dira premia bat, betebehar bat baizik». Lortu nahi den helburua da «pertsona nagusiek etapa horretan bizitza osasungarri, aktibo eta, ahal den heinean, independentea izatea».

Bestalde, ikerlanak agerian jarri du, beste hainbat alderdiren artean, euskal herritarren zahartzea errealitate bat dela. 2014ko datuak erabili dira azterlana egiteko, eta, haien arabera, 443.250 pertsonak (biztanleriaren % 20,2k) gainditua zuten 65 urteko atalasea, pertsona nagusitzat hartzeko ezarrita dagoena. Ikerlanak, baina, 55 urteko eta goragoko pertsonak gehitu ditu laginean, helduen belaunaldien jarrerak eta portaerak ezagutzeko, eta, hala, etorkizuneko zahartzearen joerak aztertu ahal izateko. Adin talde hori gehituta, 55 urtetik gorako pertsonen kopurua 725.789koa da, hau da, biztanleria osoaren herena (% 33,1).

Gainera, biztanleriaren proiekzioek iragartzen dutenez, helduen taldeak nabarmen egingo du gora. Estatistikako Institutu Nazionalaren arabera, EAEn 65 urtetik gorako 596.000 pertsona baino gehiago egongo dira, 2029. urtean. Adin horretako pertsonek biztanleriaren % 29,0 osatuko dute. 55 urte eta gehiagoko pertsonak milioi bat inguru izango dira; hau da, euskal biztanleen erdia ia.

Toñak argudiatu duenez, adineko biztanleriaren gorakada hori «erronka bat» izango da, eta azpimarratu du Gobernu honek beharrezkotzat jotzen duela pertsona helduen bizi kalitatea hobetuko duten ekintzak diseinatzea. Sailburuaren hitzetan, bizi kalitate horretan «garrantzi handia dute aktibo egoteak eta independentziak».

Gaur egun, zahartzen ari den euskal biztanleriak era guztietako jarduera aktiboak egiten ditu egunero. Jarduera horien artean, ariketa fisikoa nabarmentzen da. % 60,8k ariketa fisikoarekin edota kirolarekin erlazionaturiko ekintzak egiten ditu egunero. Bizitza sozialeko jarduerak ere oso ohikoak dira 55 urtetik gorako pertsonen artean. Adineko pertsonen % 82,4k nahiko maiz egiten dituzte ariketa horiek.

Euskadiko 55 urtetik gorako pertsonak pozik daude, orokorrean, gaur egun daramaten bizitzarekin; izan ere, poztasun horri buruz ikerlanean lorturiko batez besteko emaitza 10etik 7,1ekoa da. Gainera, aipatzekoa da indize hori ez dela jaisten adinak gora egin ahala, nahiz eta pertsonen osasunak okerrera egin ohi duen. EAEn, 55 urtetik gorako pertsonen erdiak baino zertxobait gehiagok (% 57,7k) osasun egoera ona edo oso ona dutela adierazi dute, heren batek (% 33,5ek) erdipurdikoa dela eta % 10ek baino gutxiagok txarra edo oso txarra dela. Osasun adierazle objektiboen kasuan bezala, alderantzizko lotura dago osasun subjektiboaren eta adinaren artean.

Txostenak ematen duen beste informazio bat hauxe da: azken bi hamarkadetan bikoiztu egin dela goi mailako ikasketak dituzten 65 urtetik gorako pertsonen kopurua (1993ko datuekin alderatuta). Aipagarria benetan. Zahartzen ari den biztanleriaren heziketa mailaren hobekuntza oso adierazle garrantzitsua da; eragin handia du, ez soilik pertsonen egoera sozioekonomikoan, baizik eta baita haien osasunean, bizi kalitatean, zahartzaroaren antolakuntzan eta zainketen antolakuntzan ere, halakorik behar izanez gero mementuren batean.

Pertsonen independentziari dagokionez, EAEko adineko pertsonen % 83,4k nahiago dute etxean bizi, etxetik kanpo bizitzearekin loturiko beste aukeren aldean. Adinak gora egin ahala, etxean geratzeko nahia are handitu egiten da, 80 urtetik gorakoen % 89,3k nahiago baitute aukera hori. Etxetik kanpoko zainketa jaso nahi luketenen artean, % 4,3k soilik aukeratuko lukete beraien seme-alaben etxera joatea.

Euskadiko 55 urteko eta gehiagoko pertsonen bizi baldintzei buruzko ikerlana