HasieraBerriakAdinekoak aintzakotzat ez hartzeak berdintasunik eza eragiten du eta murriztu egiten ditu haien eskubideak

Adinekoak aintzakotzat ez hartzeak berdintasunik eza eragiten du eta murriztu egiten ditu haien eskubideak

30.09.2019

Adinekoen Nazioarteko Eguna - Urriaren 1a

Adinekoen eskubideen eta ongizatearen alde diharduten antolakundeek bat egin dute urriaren 1ean ospatzen den Adinekoen Nazioarteko Eguna dela eta, adinekoek jasaten duten berdintasunik eza salatzeko.  

  • Grandes Amigos, Fundación Pilares para la autonomía personal, Envejecimiento en Red, HelpAge International España eta Matia Fundazioak honako hau salatu nahi dute: adinagatik ez diskriminatzeko printzipioak eta berdintasun printzipioak Espainian guztiz aitortuta egon arren, praktikan adinekoek ezin dituzte beren eskubideak gainerako herritarren baldintza berberetan gauzatu eta horrek txarrerako eragina dauka haien bizi proiektuan eta ongizatean.
  • Bideo baten eta manifestu baten bidez agerian utzi nahi izan dute adinekoak aintzakotzat ez hartzeak berdintasunik eza eragiten duela eta murriztu egiten dituela haien eskubideak eta aukerak.
  • Antolakundeok kanpainarekin bat egiteko deia egin dute, #IgualdadEnLaEdad eta #SoyMayorSoyComoTú etiketak erabiliz adinekoek egunerokoan jasaten dituzten berdintasunik ezako egoerak salatzeko.

Bizi itxaropena nabarmen luzatu da osasun sistemen eta teknologiaren aurrerapenari eta garapen sozioekonomikoari esker. Horren ondorioz, iraultza demografiko baten aurrean gaude, adinekoen kopurua inoiz baino azkarrago handitzen ari delarik. Gaur egun, Europa da biztanleria zaharrena daukan eskualdea munduan: biztanleen % 24 adinekoak dira, eta 2030erako adinekoak % 30 izango direla aurreikusten da. Mundu osoko herrialderik zaharkituenetako bat da Espainia eta, INEren datuen arabera, adinekoak dira espainiar herritarren % 20. Aurreikuspenek diotenez, 2030erako 60 urtetik gorakoak % 34 izango dira (Europako batez bestekoaren gainetik) eta munduko biztanleria zaharrena duen zazpigarren herrialdea izango omen da Espainia.

«Adin berdintasuneranzko bidaia» leloa aukeratu du Nazio Batuen Erakundeak aurtengo Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatzeko, eta berdintasunik eza (adinari lotutakoa barne) murrizteko ahaleginetan jarri nahi izan du arreta. 2030 Agendako ekintza planean jasotako garapen jasangarrirako hamargarren helburuarekin lotu du horrela nazioarteko egun hau.

Beren aurreko belaunaldiek baino osasun eta prestakuntza hobea izanik, adinekoek gaur egun hobeto ezagutzen dituzte beren eskubideak eta beren bizitzan eragina daukaten erabaki guzti-guztietan parte hartzea exijitzen dute. Egoera berri horrek eragin nabarmena dauka eta izango du adinekoak bizi diren herrialdeen eta mundu osoaren garapen jasangarrian.

Biztanle multzo gero eta handiagoa osatzen dute adinekoek, aniztasun handia dago haien artean eta berei buruzko imajinario sozial estereotipoz josiari aurre egitea erabaki dute, ez baitira irudi horrekin batere identifikatzen eta iruditzen zaie irudi horrek murrizten duela beren potentziala eta eragina daukala beren osasun eta ongizatean.

Berdintasunik eza murrizteko begirada berri bat

Ildo horretan, hedabideek oso paper garrantzitsua daukate bizitzako etapa horri buruzko kontakizun positiboagoa eta errealagoa zabaltzeko garaian. Dekoratuko elementu ikusezinak ez direnean, adinekoek ezbeharrei buruzko orriak betetzen dituzte, eta azken urteotan egoera zertxobait hobetu bada ere, oraindik ikuspegi paternalista eta homogeneizatzailea da nagusi zahartzaroarekin zerikusia daukaten gaiak ukitzen direnean.

Matia Institutuko ikerlari eta Espainiako Geriatria eta Gerontologia Sozietateko irudi taldearen koordinatzailea da Elena del Barrio. Haren hitzetan «adinekoak zuria ala beltzezko estandar guztiz zorrotzen arabera aurkezten jarraitzen dute hedabideek. Zahartzaroaren irudia gaztetasunari lotutako baloreekin kontrajarri ohi da, gainbehera, higadura, pasibotasuna, gaixotasuna eta halakoak nabarmentzen direlarik. Beste muturrera joaz, bereziki publizitateak zaharrei buruzko irudi idealizatua aurkeztu ohi digu (tradizioa, segurtasuna, jakinduria bezalako baloreei lotuta) edo kirol arloko markak gainditzen dituzten adinekoen irudi elitistak erakusten dizkigute. Errealitatea ikusteko bi modu antagoniko horiek zeharo murritzaileak dira eta zuri-beltzezko irudi soil bat eskaintzen digute, errealitateak ñabardura eta kolore ugari baditu ere».

Ile urdinak modan omen daude, eta adinekoek herritar gisa duten nortasun propioa aldarrikatzen duen zahartzaroa normalizatzearen aldeko mugimendu bat sortzen hasi da. Hedabideetan, publizitatean, telebistan edo zineman zaharrei buruzko irudian ikusten ditugun aldaketak errealitate berri horren isla baino ez dira.

Geografiari lotutako berdintasunik eza. Gure posta kodeak eragina dauka gure zahartzaroan

Espainiako legediak eta giza eskubideei buruzkoak babestu egiten dituzte hala berdintasun printzipioak nola diskriminazioaren aurkakoak, baina errealitatean beren eskubideak berdintasunez gauzatzea galarazten dieten oztopo ugari aurkitzen dituzte adinekoek. Antonio Abellán Envejecimiento en red atariko zuzendariak azaltzen duenez, diskriminazioa areagotu egiten da adinari beste faktore batzuk gehitzen zaizkionean: sexua, mendetasuna, ezgaitasuna, edo hain agerikoak ez diren beste batzuk. Aditu horren esanetan, «herri txikien hustuketaz hitz egiten dugu, landa inguruneko Espainia husten ari dela diogu, baina maiz ahaztu egiten zaigu ingurune horretan zaharrei esker eusten zaiola bizitzari eta jardunari».

Abellánen iritziz, erronka demografikoari aurre egiteko politikei buruzko diskurtsoen arreta jendegabetzean jartzen da nagusiki. Envejecimiento en red-en lehentasuna, ordea, beste bat da: «eskubidez dagozkien oinarrizko zerbitzuak jasotzeko garaian, adinekoek landa ingurunean jasaten duten diskriminazioa saihesteko» estrategiak diseinatzea.

Ildo horretan, Isabel Martínez Lozano HelpAge España-ko presidenteak azpimarratzen duenez, «HelpAge España-tik adinekoen giza eskubideei buruzko NBEren konbentzio bat eskatzen ari gara, estatuek eta erakunde guztiek politika zehatzak garatu ditzaten ongizatea pertsonen bizitzako etapa guztietan bermatzeko eta adinekoek jasaten dituzten diskriminazioa eta gehiegikeriak saihesteko, adinekoentzat ingurune egokiak sortzeko helburuz guztia ere, modu seguruan eta gure eskubide guztiak (pentsioak, gizartean eta politikan parte hartzeko eskubidea, mendekotasunen bat eduki arren non eta nola bizi nahi dugun erabakitzeko eskubidea…) bermatuta izanik zahartu gaitezen.

Berdintasunik eza zaintzaren alorrean

Bestalde, eta erakundeek adinekoen eskubideak bultzatzeko eta babesteko egin beharreko lanari dagokienez, Pilar Rodríguez Fundación Pilares-eko presidenteak salatzen duenez, «pertsonek mendekotasunen bat daukatenean areagotu egiten da jasaten duten berdintasunik eza, arrisku handiagoa baitago haien eskubideak urratuak izan eta beren bizitzaren gaineko kontrola galtzeko (bestek erabakiko dute haiengatik). Hori egoitzetan gertatzen da gehienbat, baina familia ingurunean ere bai, ez baitago zaintzaz arduratzen diren familiei zuzendutako ekimen edo baliabiderik eta familia horiek ez dute laguntzarik jasotzen, ondo zaintzen, beren burua zaintzen eta oinazea eta amore ematea saihesten ikasteko».

Hirigintzarekin, garraioarekin eta hirietako bizikidetzarekin zerikusia duten erabakietan ere aintzakotzat hartu behar dira adinekoak eta haiengan pentsatu beharra dago. «Mugitzeko zailtasunak dituztenei asko laguntzen die bizimodu aktiboa edukitzen etxean igogailua edo arrapala soil bat edukitzeak, halakorik ezean kalera atera ezinik gelditzen baitira. Horrek ondorio nabarmenak dauzka pertsonen bizi proiektuan, errutinetan, erlazio sozialetan eta osasunean, eta bakardade ez aukeratua, isolamendua eta gizarte bazterketa eragiten du», Mercedes Villegas Grandes Amigos GKEko zuzendariak azaltzen duenez. Arazo horietan eragina daukan beste faktore bat da ez edukitzea espazio publiko egokirik (oinezkoentzako esparruak; parkeak; lorategiak; eseri, atseden hartu edo berriketan jarduteko eserlekuak; komunak…) adinekoek etxetik kanpora bizimodua egiteko edo beste belaunaldi batzuekin eta bizilagunekin topatzeko. Zahartzarora iritsi nahiko genuke denok, eta, beraz, gogoan izan behar dugu urbanizatzeko, eraikitzeko edo birgaitzeko garaian adinekoak kontuan hartzeak denoi egiten digula mesede», azpimarratzen du Villegasek.

Azken batean, argi dago adinekoek jasaten duten berdintasunik ezari aurre egin eta aldaketa eragile gisa aintzat hartu behar ditugula, haien ekarpenak aitortuak izan daitezen eta lorpenez ere gozatu ahal izan dezaten. soymayorsoycomotu.com webgunean ekimen honi buruzko informazio gehiago eta kanpainaren bideoa aurkituko dituzu.

MANIFESTU BATERATUA

Aurreko guztiagatik, behean sinatzen dugunok honako manifestu hau prestatu dugu.

Adinekoak aintzat ez hartzeak…

  • gizartean, besteak zaintzen, boluntario gisa nahiz ekintza komunitarioaren bidez politikan, gizarte zibilean eta familian parte hartzen duten herritar aktiboak direla ikusaraziz.
  • hiriak eta garraioa diseinatzeko garaian, arkitektura eta kultura aldeko oztopoak ezabatuz, isolamendua, gizarte bazterketa eta bakardade ez aukeratua dakarten faktoreak baitira.
  • landa ingurunean gelditzeko estrategiak diseinatzeko garaian, pertsona guztiek erraz eskuratzeko moduko kalitatezko zerbitzu eta zaintza eskainiz.
  • ikerketan, bai datu eta estatistikak jasotzeko garaian, bai ikerketa klinikoak egiterakoan, informazioa adinaren eta sexuaren arabera bereizita aztertu dadin. Baita ikerketa horietan subjektu aktibo gisa jardunez ere, beren beharrei egokitutako programa, politika eta soluzioak lantzen dituzten ikerlari eta diseinatzaileen ondoan.
  • eta genero ikuspegia alde batera uzteak zaildu egiten du adineko emakumeek beren bizitzako alor desberdinetan jasaten duten berdintasunik eza ulertzea eta egoera horri aurre egitea.
  • mendekotasun egoeran daudenean, adinekoen duintasuna, autonomia eta ongizatea bermatzen duten ekintzak eta laguntzak garatzeko garaian, bai beren etxean bizi direnean, bai egoitza batean bizi direnean.
  • pertsonarengan ardaztutako arreta integraleko eredu batean sakontzeko garaian, adinekoak pertsona bakan eta desberdin gisa tratatuak izan daitezen.
  • pentsioekin, erretiroarekin, laneko bizitzarekin eta 65 urteak bete ondorenean gizarte osoari ekarpenak egiten jarraitzeko modu berriekin zerikusia duten politikak erabakitzeko garaian.
  • beren denbora nahi duten bezala erabiltzeko aukera berberak eskaintzako garaian.
  • gailu eta ingurune teknologikoak diseinatu, eta haiek erabiltzeko beharrezkoak diren gaitasunak irakasteko garaian.
  • hedabideetan, adinekoen irudi erreal bat erakutsiz, adinari lotutako estereotipoak alde batera utzita.

…berdintasunik eza eragiten du eta murriztu egiten ditu haien eskubideak.

 

¿QUIÉNES SOMOS?

Fundación Pilares para la autonomía personal (norberaren autonomiaren aldeko Pilares fundazioa) estatu mailan lan egiten duen irabazi asmorik gabeko erakundea da. Berrikuntzaren, ezagutzaren eta lankidetzaren bidez, pertsonek bizitzan zehar duintasunari euts diezaioten laguntzea du xede, eta, horrela, gizarte hobea sustatzea.

Grandes Amigos fundazioa boluntariotzako eta irabazi asmorik gabeko GKEa da. Boluntarioen laguntasunaren, estimuaren eta adiskidetasunaren bitartez adinekoen nahigabeko bakardadeari eta isolamenduari aurre egitea du xede. Gure laguntasun eta sozializazio programei esker, adinekoen bizi kalitatea eta osasuna hobetzen laguntzen dugu. Era berean, adineko pertsonen ahalduntzearen aldeko sentsibilizazio lana egiten dugu, adinaren inguruan diren estereotipoei aurre egiteko, bakardade egoerak eragiten dituzte eta.

Envejecimiento en Red, EnR?| elkarlaneko web plataforma bat da, zahartzea eta adinekoak ardatz dituen zientzia-gizartea topaketarako gunea. Eremu horretan interesa duten eragileen interakziorako gunea da, heterogeneoa eta diziplina anitzekoa. Envejecimiento en Red plataforma CSIC (Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorena) erakundearen barruan sortu zen, zahartzearen inguruko ikerkuntzan eta berrikuntzan erreferente izateko, ezagutzari eta egiaztatutako informazio zorrotz eta kalitatezkoari dagokienez. Norbanakoen zahartzea eta biztanleriarena hartzen ditu kontuan eta dokumentu eta multimedia funts garrantzitsua du.

Matia Fundazioa irabazi asmorik gabeko eta interes orokorreko fundazio pribatua da, eta 130 urtetik gorako esperientzia du. Erreferentziazkoa da Gipuzkoan adinekoen arretan, eta estatu eta nazioarte mailan zahartzearen ikerkuntzan. 2002an ikerkuntzarako institutua sortu zuen (Matia Institutua), ikerkuntza eta ekintza bateratzea eta ebidentzian eta egunerokoan oinarritutako ezagutza sortzea sustatzen dituena. Pertsonarengan ardaztutako arretaren printzipioak lantzen dituen erakundea da eta xede du pertsonei zahartze prozesuan zehar laguntzea, haien ongizatea hobetzeko eta haien autonomia eta duintasuna sustatuko dituzten ezagutza eta zerbitzu pertsonalizatuak sortzeko.

HelpAge International España erakundea HelpAge International nazioarteko elkarteko kide da. 2008an sortu zen helburu bikoitzarekin: garatzeko bidean dauden herrialdeetako adinekoen beharren inguruan Espainiako biztanleria kontzientziatzea eta HelpAge International erakundeak mundu osoan abian dituen 500 proiektutik gora finantzatzen laguntzea. Gure bazkideen laguntzari eta hirugarren sektoreko erakunde pribatuen lankidetzari esker, askotariko proiektuak laguntzen ditugu munduko herrialde behartsuenetako batzuetan. HelpAge erakundeak lagundu egiten die adineko pertsonei, euren eskubideak eskatzen, bazterkeriari aurre egiten, pobrezia gainditzen eta, horrela, bizimodu duina, segurua, aktiboa eta osasuntsua izaten.