HasieraBerriakAdinekoek ordenagailuko jokoen bidez ezagutzak eta trebetasunak lortzeko proiektu batean hartu du parte Matia Institutuak

Adinekoek ordenagailuko jokoen bidez ezagutzak eta trebetasunak lortzeko proiektu batean hartu du parte Matia Institutuak

01.01.2013

Matia Institutu Gerontologikoak Europako LEAGE (Learning Games for Elder Europeans) proiektuan hartu du parte. Horri esker, 65 urtetik gorako pertsonek ezagutza kulturalak eta beste gaitasun batzuk (sukaldaritza eta lehen sorospenak) lortu dituzte, serious games izeneko jardueren bidez.Ikasketa errazteko eta, jakina, dibertitzeko diseinatutako jokoak dira. Hain zuzen, kasu honetan, bizitza osoan zeharreko ikaskuntzaren aldeko apustua egin da. LEAGE proiektuak bi urte iraun du, eta, Matia Institutuaz gain, Herbehereetako, Greziako eta Esloveniako bazkide batzuek ere hartu dute parte.

Proiektu horren baitan, Matia Institutuak zenbait proba egin ditu, adineko boluntarioekin eta beste pertsona boluntario batzuekin. Galdakaoko udaleko Adinekoak Dinamizatzeko eta Gizarte Ekintzako Zerbitzukoak, Lasarteko Zahar Etxekoak eta Donostiako Esperientzia Eskolakoak ziren adineko boluntarioak, eta ez zuten inolako esperientziarik informazioaren eta komunikazioaren teknologiekin (IKTekin). Jokoarekiko interakzioa bideratzeko, bi sistema erabili dira: alde batetik, telebistako urrutiko agintea eta, beste batetik, norberaren gorputzaren mugimenduak.

Egindako probetan, boluntarioek jokoa balioztatu behar izan dute, Herbeheretako, Greziako eta Espainiako hiru hiritako bidaia birtualaren bitartez. Bidaia horretan, hiri horietako errezetak egin, eskualde dantzak dantzatu eta ezagutza berriak lortu dituzte parte hartzaileek. Erabiltzaileen iruzkinetatik, hauxe nabarmentzen da: «Oso ondo ibili nintzen, eta hiri horiei buruzko gauza gehiago ikasi nituen. Oso jolas dibertigarria eta hezigarria izan zen, eta erne egonarazi ninduen.Interesgarria izango litzateke nire ilobekin jolastea!».

Teknologia berriak eta, bereziki, ordenagailuko jokoak erabiltzen ikasteak askotariko onurak ditu parte hartzailearentzat: oroimena lantzea, belaunaldi gazteagoekin komunikazio hobea izatea eta beste teknologia berri batzuk (ordenagailua, adibidez) ezagutzea.

LEAGE proiektua Europako Batzordeko Lifelong Learning Programme delakoak (510663-LLP-1-2012-1-GR-GRUNDTVIG-GMP) finantzatzen du. Matia Institutuaz eta Donostiako Vicomtech enpresaz gain, hauek ere partaide izan dira bertan: Exodus SA eta 50plus Hellas (Grezia), Smart Homes eta Ananz (Herbehereak) eta Ljubljanako Unibertsitatea (Eslovenia).