HasieraBerriakBizitza osorako etxebizitzen proiektu baten beharrak zehazteko lantegia antolatu du Matiak

Bizitza osorako etxebizitzen proiektu baten beharrak zehazteko lantegia antolatu du Matiak

08.05.2019

Lugaritzeko etxebizitzen etorkizuneko erabiltzaileek izan ditzaketen beharrak aztertzeko lantegia egin zuten joan den asteartean, Ategorrietako babespeko etxebizitzetan, Matia Fundazioak antolatuta. Donostia Lagunkoia ekimenaren talde eragileko kideek hartu zuten parte jardunaldian.

Donostia Lagunkoia programako arduradun Eva Salaberriaren ongietorriaren ondoren, Mayte Sancho Matia Fundazioko Plangintza zuzendariak etxebizitza horien sorrerako testuinguruaz eta helburu dituzten pertsonez hitz egin zuen bertaratutakoekin. Jarraian, Heitor Lantaronek, Matia Institutuko Arkitektura diseinuko arduradun eta ikertzaileak, arkitektura proiektu berriaren alderdi azpimarragarrienak azaldu zituen, kokapena, programa, etxebizitzak…

Informazio hori guztia eskaini ondoren, partaideak lau taldetan banatu zituzten gai hauek lantzeko:  arretako eta zaintzako zerbitzu motak; gune komunen erabilera eta bertan egin daitezkeen jarduerak; etxebizitzei buruzko iritziak. Talde bakoitzak profil jakin bat landu zuen eta horrela antolatu zuten saioa:

  1. Zerbitzuei, gune komunei eta etxebizitzari dagokienez, profilek dituzten beharren inguruko hausnarketa.
  2. Ideiagintza, iragazketarekin. Gune komunetako eta etxebizitzetako zerbitzuen inguruko gogoetak ideia bilakatzea.
  3. Prototipoak egitea: ideiei forma eman zitzaien materiala erabiliz.

Azkenik, talde bakoitzeko ordezkari banak egindako lana azaldu eta partekatu zuen. Matia Institutuko ikertzaile Sara Marsillasek bideratu zuen azterketaren, ideiagintzaren eta prototipogintzaren dinamika lantegian zehar.

Horrenbestez, auzotasun egokia, gizarteratzea, interakzioa, interdependentzia, nortasuna… izan ziren hizpide lan jardunaldian. Horiek guztiak funtsezko kontzeptuak dira Lugaritz eta antzeko etxebizitza proiektuak eta gune komunak martxan jartzeko. Hemendik esker ona adierazi nahi diegu bai Donostia Lagunkoia ekimenari eta horren talde eragileari, eskainitako laguntzagatik, eta bai Ategorrieta 22ko erkidegoari, euren etxean eta gunean hartu gintuztelako.

Imagen del taller en Matia sobre Lugaritz