EAEko iraupen luzeko zaintza eredua aldatzearen aldeko adierazpena
COVID-19aren pandemia dela eta pairatzen ari garen osasun krisiak gordinki erakutsi dizkigu pertsona ahulen, desgaituen eta mendekotasuna dutenen arretari eta zaintzari dagozkion zenbait alderdi. Pertsona horietako asko zaharrak dira, eta gazteago direnek ere laguntza handia behar dute.
Zalantzarik gabe, elkartasunez jarduteko unea dugu oraingo hau, gure “emozio ekaitza” baretzekoa, kritika katastrofistak edo interesatuak alde batera utzi eta, denon artean, bizitzak salbatu eta egoera honen eragin kaltegarriak ahalik eta gehiena gutxitzekoa.
Alabaina, gure zaintza sistemaren zenbait gabezia larri ere ari da azaleratzen krisia, bai eta etorkizunak ekar ditzakeen arriskuak ere, betiere jendearen osasuna eta askatasuna zaintzeko lanean orekaz erabili behar diren balioei dagokienez.
Zorrotz aztertu behar dira, beraz, zaintza lanen jarraitutasunaren bermea, sistemen arteko koordinazioa eta, zergatik ez, egungo eskumen egiturak dakartzan zailtasunak, behar bezala ekin nahi badiogu zerbitzu eta esku hartze profesionalen eredu integratu bati, eta koherentziaz, eraginkortasunez eta efizientziaz jardun nahi badugu.
Etorkizuna eta gaiari buruzko nahitaezko eztabaida aintzat harturik, gogoeta hauek partekatu nahi ditugu agiri honen sinatzaileok:
Etxeko zaintzaz
1.- Zaintzak etxean jasotzea. COVID-19aren krisiak garbi erakutsi digu baliabide gutxi dagoela, gaur egun, etxean zaintza egokia bermatzeko, eta gaiak ez duela, inondik ere, merezi duen ikusgarritasunik bereganatu. Pentsatzekoa da kutsapenak esponentzialak izan direla eta, beraz, inprobisazio eta babesgabetasun maila handiak jasan dituztela bai profesionalek, bai zaintzaren hartzaileek. Seguru aski, gauza bera gertatuko zitzaien etxeko lanak egiten dituztenei eta jendea (ehunka mila lagun) bere etxean zaintzen dutenei, zeinek, gainera, legearen eta gizartearen babes txikiagoa baitute.
2.- Arreta integrala eta integratua eskaintzea. Etxean bizi dira ahulezia edo mendekotasuna pairatzen duten adineko gehienak, bai eta desgaitasunen bat duten gazteagoak ere. Batzuek zein besteek argi eta maiz azaldu dute etxean bizitzen eta beren komunitatean parte hartzen jarraitzeko asmoa. Beraz, premiazkoa eta ezinbestekoa da jende hori etxean artatzeko arreta integraleko proposamen bat diseinatzea, zaintza horretan esku hartzen duten eragileen eginkizunak txertatu eta koordinatzeko: familienak, gizarte zerbitzuenak (oro har) eta EELZenak (bereziki), lehen mailako osasun arretarenak eta espezializatuarenak, etxeko langileenak eta zaintzaileenak, laguntzaile pertsonalenak, boluntarioenak, hurbileko zerbitzuenak eta partaidetza komunitarioko ekimenenak. Proposamen hori diru aldetik jasangarria izateko, nabarmen igo behar da sektoreko aurrekontua, pertsona horien eta bere senideen asmoak ase eta nahi ez diren konponbide instituzionalak saihestu nahi badira.
3.- Profesionalak aintzatetsi, zaindu eta trebatzea. Biziki eskertzen eta balioesten dugu zaharren egoitzetako profesionalak krisi honetan egiten ari diren ahalegin “heroikoa”: lanak akitu arte ari dira zaintzen jendea, behar diren babes neurririk gabe, eta langile asko infektatu dira. Zaindu eta babestu egin behar ditugu profesional horiek, duintasuna eman haien lanari, zaintza integralerako eta harremanetarako dituzten gaitasunak garatu, eta ekipoak zaintzen eta erakundeak hobetzen inbertitu. Ezin dugu azaleko zeregintzat, baztergarritzat hartu. Ez dago beste modurik zaintza egokiaren bidea jorratzeko.
4.- Nahikoa profesional izatea, eta ondo trebatuak. Bistakoa da ez dagoela behar adina profesional, eta haietako askoren lan baldintzak prekarioak direla; hala eta guztiz ere, orain arte ez da lehentasun sozialtzat hartu langile horien egoera hobetzea. Zaintza lanen kalitatea bermatzeko baldintza bakarra eta nahikoa ez da hobekuntza hori, baina bai sakon aztertu beharreko gaia, Arartekoak berak ere adierazi duenez.
5.- Osasun arreta publikoaz baliatzeko eskubidea aldarrikatzea. Gure iritzian, osasun arreta publikoa (lehen mailakoa zein espezializatua) jasotzeko eskubidea dute egungo egoera ezin larriago honetan egoitzetan gaixotzen direnek, eurak baitira arrisku handieneko taldea. Ezin da onartu eskubide hori ukatzea oso zaharrak direlako edo desgaitasun handiren bat dutelako.
6.- Egoitzetako arreta eredua aldatzea. Goitik behera aldatu behar da beren bizi proiektuekin jarraitzeko laguntza behar duten zaharrentzako eta desgaituentzako egoitzen eredua. Beste herrialde batzuetako esperientziak erakutsi digunez, bereizi egin behar dira “etxebizitza” eta “zaintzak” kontzeptuak. “Etxebizitza” ereduak norberarentzako lekua, intimitatea eta pertsona ardatz duen arreta bermatzen ditu. Bestalde, arrazionalizatu egiten du gastu publikoa, eta urrundu egiten gaitu erakunde tradizionaletik.
7.- Makroegoitzak baztertzea. Bereziki garrantzizkoa deritzogu makroegoitzak behin betiko baztertzeari eta gela indibidualak luxu gisa ez hartzeari. Izan ere, ia ezinezkoa da erraz transmititzen diren gaitzen kutsadura saihestea egoitzetan, non gela gehienetan pertsona bat baino gehiago egoten baita eta bestelako aretoak egun osoan egoiliarrez beteta egoten baitira. Lortu ezinezko utopia bilaka daiteke leku horietan bizi direnak behar bezala ezagutzea eta artatzea. Honenbestez, behin betiko baztertu behar dugu egoitza eredu hori: XIX. mendekoa da, eta badira zenbait hamarkada beste herrialde batzuetan zokoratu zutela.
8.- Zentzuzko bizitza baterako inguruneak diseinatzea. Ozenki aldarrikatzen dugu diseinu arkitektoniko berriak erabiltzea, bai eta etxearen antz ahalik eta handiena duten antolakuntza eta kudeaketa formulak ere. Hau da, norberaren intimitatea eta zaintza pertsonalizatua bermatzen dituzten bizilekuak behar dira, profesionalak etengabe aldatzen ez dituztenak, denbora eta jarduerak pertsonen premien arabera antolatzen direnak, norberaren eta komunitatearen arteko lotura zainduz.
Zaharrei eta desgaituei buruzko estereotipoak
9.- Adinekoen eta desgaituen heterogeneotasuna aintzat hartzea. Ezinbestekoa deritzogu adinekoei eta zahartzaroari buruzko estereotipoak ezabatzeari, ezaugarri eta premia oso desberdinak dituzten pertsonak “zaku” berean sartzen baitituzte. Pertsona horietatik, batzuek erabateko autonomia dute eta, besteak beste, beren guraso eta biloben zaintzaz arduratzen dira; beste batzuk, berriz, oso ahulak dira, eta zaintza zein babesa behar dute. Halako adin batera iristeak ez ditu berdinak egiten pertsona guztiak. Antzeko zerbait gertatzen zaie desgaituei ere, zeinak sarri izendatu ohi baitira beren patologien edo gabezien arabera; hori dela eta, beren zailtasunen edo gabezien arabera etiketatzen eta sailkatzen dira pertsona horiek, alde batera utzita beren berezitasunak, indarguneak eta gizarteari egiten dioten ekarpena.
10.- Tratu duina sustatzea, eskubideak eta betebeharrak oinarri hartuta. Gainerako herritarrek jasotzen duten tratu bera jaso behar dute zaintzak edo laguntza behar dituztenek ere. Oso arriskutsua da “errespetuaren” eta gisa horretako kontzeptuen araberako homogeneizazioa. Pertsona guztiei zor zaie errespetua eta tratu duina, edozein adinetakoak direla ere. Ez gatoz bat errukia aldarrikatzen duen hizkera paternalistarekin, ezta “gure adinekoei” edo “gure aiton-amonei” egungo gizartearen alde egin zuten guztia itzuli egin behar zaiela dioen ikuspegiarekin ere. Berrikus dezagun zaharrei eta desgaituei buruz dugun ikuspegia eta hizkera, eta utz ditzagun alde batera infantilizazioa eta diskriminazioa. Beste edozeren gainetik, gizakiak gara, eskubideak eta betebeharrak ditugunak.
Azkenik, premiazkoa ikusten dugu agiriaren sinatzaileok:
Iraupen luzeko zaintza ereduak sortzea
Zaintzak edo laguntza behar dituzten herritarrak artatzeko egungo eredua lehenbailehen berrikusteko premia nabarmendu digu egungo krisiak, erantzun anizkoitzak, orokorrak eta ekosistemikoak eskaintzeko moduan izan gaitezen. Halaber, berrikusi eta hobetu egin behar da iraupen luzeko zaintza eta laguntza zerbitzuen finantziazio publikoa, eta bertan behera utzi lurraldeen arteko desberdintasunak.
Zaintzen gizartea eraikitzea
Egungo egoera hau aukera bihur daiteke arreta hobea emateko horren premia dutenei, aurrera egiteko zaintzen gizartea eraikitzeko bidean, non ahulenak laguntzea, aintzat hartzea eta partaide bihurtzea gizartearen konpromiso eta lehentasun nagusi izango baitira.
Testuaren bertsio osoa: [hemen]
Agiri honekin bat egin nahi baduzu, bidali mezu bat helbide honetara: cambiomcuidadosesp@gmail.com