HasieraBerriakMatia Fundazioa eta Caja Navarrak akordioa sinatu dute adineko pertsonen autonomia eta ongizatea sustatzeko

Matia Fundazioa eta Caja Navarrak akordioa sinatu dute adineko pertsonen autonomia eta ongizatea sustatzeko

11.04.2019

Matia Fundazioak, Matia Institutuaren bidez, eta Nafarroako Kutxa Fundazioak lankidetza hitzarmena sinatu zuten joan den ostegunean, Matia Fundazioaren egoitzan. Lankidetzak eremu hauek izango ditu ardatz:

  • Elkarlanean sustatu eta batera eramango dituzte aurrera gizarte ekintzako eta adinekoei zahartzeko prozesuan arreta eskaintzeko proiektuak eta programak, eta, horrela, haien ongizatea hobetu eta autonomia eta duintasuna bultzatuko dituzte.
  • Bi aldeentzat interesgarriak diren gaietan proiektuak eta jarduerak planifikatzeko, antolatzeko eta gauzatzeko informazio teknikoa eta aholkularitza emango dizkiote elkarri.
  • Era bateratuan garatuko dituzte mendeko edo kroniko bilakatu aurreko egoeran diren pertsonen narriadura atzeratzea, pertsonen gizarte partaidetza aktiboa lortzea, eta nahi gabeko bakardade egoerei aurrea hartu eta detektatzea xede duten programak, ekintzak, ereduak eta jardunbideak.
  • Adineko pertsonen eta, orokorrean, egoera ahulean dauden kolektiboen bizi kalitatean eragin positiboa izango duten ikerkuntza, garapen eta berrikuntzako ekimenak batera lantzeko aukeren bideragarritasuna aztertuko dute.
  • Bi aldeek interesgarritzat jotzen dituzten eta euren misioa hobeto betetzen lagunduko duten bestelako gaiak aztertu eta sustatuko dituzte.

Fotografía de la firma del convenio, con Gerardo Amunarriz Pérez, director general de Matia Fundazioa, y Javier Fernández Valdivielso director general de Fundación Caja Navarra

Matia Fundazioko zuzendari nagusi Gerardo Amunarriz Perezek eta Nafarroako Kutxa Fundazioko zuzendari nagusi Javier Fernandez Valdivielsok izenpetu dute hitzarmena.

Hitzarmenari hasiera emateko, Nafarroako Kutxa Fundazioaren adinekoentzako zentroetan eredua aldatzeko proiektu pilotua jarriko dute abian.

Nafarroako Kutxa Fundazioari buruz

Nafarroako Kutxa irabazi asmorik gabeko banku-fundazioa da, Nafarroaren gizarte, ekonomia eta kultur aurrerabidea sustatzea du xede, eta bereziki konprometituta dago desgaitasun intelektualaren, kulturaren eta hezkuntzaren alorrekin. Adineko pertsonentzako 11 zentro ditu. Horietako hamar Iruñerrian daude (San Jorge, Arrotxapea, San Pedro, Antsoain, Txantrea, Leyre, Larrabide, Ermitagaña, San Juan eta Estafeta) eta beste bat Zangozan. Zentro guztiek hitzarmena dute auzo bakoitzeko erretiratuen elkarteekin. Horrela, elkarteek antolatzen dituzte zentroetako jarduera gehienak, Nafarroako Kutxa Fundazioaren laguntzarekin. Adinekoek leku horietan biltzeko aukera dute, eta elkartzeko, dinamizaziorako eta elkarbizitza aktiborako gune dira auzoetan.

Matia Fundazioari buruz

Matia Fundazioa irabazi asmorik ez duen eta interes orokorrekotzat izendatuta dagoen fundazio pribatua da. Helburu du «pertsonei zahartze prozesuan zehar laguntzea, haien ongizatea hobetzeko eta haien autonomia eta duintasuna sustatuko dituzten ezagutza eta zerbitzu pertsonalizatuak sortzeko». Fundazioaren ikerkuntzarako institutua den Matia Institutuaren bitartez, zahartzen ari diren pertsonen ongizatea eta bizi kalitatea hobetu nahi ditu. Horretarako, zahartzeko prozesuak dituen alderdien inguruko ezagutza sortu eta transferitzea du xede: zahartze aktiboaren arloko ekintzak planifikatzea, hirien eta lurraldeen adineko pertsonekiko lagunkoitasuna sustatzea, edota iraupen luzeko zaintzak behar dituzten edo hauskortasun egoeran diren pertsonentzako esku hartzeko programei buruzko ebidentziak lortzea.