HasieraBerriakMatia Fundazioa ikerketa bat egiten ari da, Gipuzkoako 55 urtetik gorako pertsonen harreman egoera eta gizarte ehuna ezagutzeko

Matia Fundazioa ikerketa bat egiten ari da, Gipuzkoako 55 urtetik gorako pertsonen harreman egoera eta gizarte ehuna ezagutzeko

21.06.2019
  • Matia Institutua egiten ari da ikerketa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Adinberri estrategiaren esparruan
  • Hil honetan 55 urtetik gorako 2.000 gipuzkoarri egiten ari zaizkie telefono bidezko elkarrizketak
  • Herritar horiek nahitako eta nahi gabeko bakardadearen inguruan duten pertzepzioa ezagutzea da ikerketaren helburuetako bat

Matia Institutua ikerketa bat egiten ari da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Adinberri Estrategiaren esparruan, lurraldeko 55 urtetik gorako pertsonen harreman egoera eta gizarte ehuna ezagutzeko. Ikerketak sakon aztertuko du adin horretatik gorako pertsonek familian, auzoan eta lagunartean duten harreman sarea eta nolakoak diren harreman horiek.

Bizi ibilbidean aurrera egin ahala, geroz eta pertsona gehiago bizi da bakarrik, gizarte garatuetan sorturiko bizikidetza egitura berriaren ondorioz. Hala, hainbat herrialdek esku hartzeko estrategia berriak diseinatzea erabaki dute, bakarrik egote hori, sarri askotan, adin handiko pertsonen artean gertatzen delako. Bakarrik egotea eta bakarrik sentitzea ez da gauza bera eta egoera horietako bakoitzari era ezberdinean heldu behar zaio; hori horrela, agerikoa dirudi bakardadeari aurre egiteko plangintzak pertsonei segurtasuna eta babesa eskainiko dieten neurriak, baliabideak eta laguntza produktuak jaso behar dituela, baita irtenbide teknologikoak eta IKTak ere, gizarte ehuna sortzera eta konpainia egitera bideraturiko bestelako neurriak osatzeko.

Gaiak sekulako garrantzia duen arren, Euskadin eta, zehazki, Gipuzkoan ez dago bakardadearen egungo egoera ezagutzeko edo adinekoentzat zer esan nahi duen jakiteko informazio nahikorik. Ikerketaren zati bat izango da lurraldeko udalerri guztietan ausaz aukeratutako familia gipuzkoarren lagin bati telefono bidezko inkesta egitea, ekainean zehar.

Garrantzi handikoa da deia jasoko duten herritarrek parte hartzea, arlo horretako errealitatea eta premiak ezagutzeko eta, horrela, horiei erantzuna emateko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren politika eta programetan txertatuz.  Hori dela eta, parte hartzea eskatzen eta eskertzen dugu.

Ikerketari buruz:

Adinekoen bakardadea aztertzeko Gipuzkoan egin den lehen ekimena da «Bakardadeak». Gipuzkoan zahartzen diren pertsonen «bakardade» konstruktuaren alderdi aniztasuna hobeto ezagutzeko premiari erantzun nahi dio proiektuak, lurraldearen idiosinkrasia eta testuinguru soziokulturala kontuan hartuta, egoeraren alderdi guztietan eraginkorra izango den jardun berezia diseinatzeko asmoz. Bakardadea ezaugarritzen duten alderdi objektibo eta subjektiboak ez ezik, pertsonaren baitako, pertsonen arteko eta gizarte osoko aldagaiak ere hartuko dira aintzat, bakardade egoerak hobetzen lagunduko duten esku hartzeak, zerbitzuak eta baliabideak identifikatu eta abian jartzeko.

Hainbat ikerketa egitea proposatzen da, balio erantsiaren bila: bakardadeari lotutako gizarte irudikapenak, pertzepzioak eta arrazoiak arakatuko dituen azterketa kualitatiboa; bakardadearen profilak eta prebalentzia ezagutzeko eta haren ezaugarriak arakatzeko azterketa kuantitatiboa; gaur egun ekimen boluntarioen bidez jorratzen diren esku hartzeen inpaktuaren ebaluazioa; eta, azkenik, Euskadin nahiz Estatuan berritzailea izango den estrategia politikoa zehaztea, Gipuzkoa aitzindari izan dadin gure gizartean arazo larrienetakoa den batean.

Ikerlanaren helburuak

  • Gipuzkoako adinekoen bakardade egoeraren arrazoiak, pertzepzioak eta inpaktua hobeto ezagutzea.
  • Bakardadeak zer eragin duen jakitea, kopurutan.
  • Ekimen boluntarioen bidez egiten diren esku hartzeen inpaktua ebaluatzea.
  • Zahartzen diren pertsonen artean bakardadea prebenitzeko eta egoera horri aurre egiteko estrategia politikoa zehaztea.

Honako hauek ere proiektuko partaide dira:

Logo de Nagusilan

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Adinberri estrategiaren 2018ko lehen deialdian aukeratutako proiektua da ikerketa. Haren finantzatzaileak dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentua eta Gizarte Politikako Departamentua.

Adinberriri buruz

Gipuzkoako Foru Aldundiak adinekoen zahartze eredu osasungarria eta arreta integralekoa hedatzeko emandako oraingo eta etorkizuneko erantzuna da Adinberri.

Estrategia horrek arreta guztiz berritzailea bermatuko du zahartzarorako. Era berean, sektore soziosanitarioko enpresa, erakunde eta instituzio guztiak elkartuko ditu, pertsonarengan ardaztutako arretarako irtenbiderik berritzaileenak emateko.

Matia Fundazioari buruz

Matia Fundazioa irabazi asmorik gabeko eta interes orokorreko fundazio pribatua da, eta 130 urtetik gorako esperientzia du. Erreferentzia da, Gipuzkoan, adinekoen arretan eta, estatuan eta nazioartean, zahartzearen ikerkuntzan. 2002an ikerkuntzarako institutua sortu zuen (Matia Institutua). Horrek honako hauek sustatzen ditu: ikerkuntza eta ekintza bateratzea eta ebidentzian eta eguneroko jardueran oinarritutako ezagutzaren sorkuntza. Pertsonarengan ardaztutako arretaren printzipioak lantzen dituen erakundea da eta pertsonei zahartze prozesuan laguntzea du helburu, haien ongizatea hobetzeko eta haien autonomia eta duintasuna sustatuko dituzten ezagutza eta zerbitzu pertsonalizatuak sortzeko.