HasieraBerriakMatia Fundazioak estrategia berria jarri du martxan, zahartzearen erronka berriei aurre egiteko

Matia Fundazioak estrategia berria jarri du martxan, zahartzearen erronka berriei aurre egiteko

01.01.2013

Gaur goizean, Matia Fundazioak ikuspegi estrategiko berria aurkeztu du, Donostian. Ikuspegi horren helburu nagusia da pertsonek zahartze prozesuan dituzten premia berriei erantzun egokia ematea. Egungo testuingurua hartu behar da kontuan: 65 urtetik gorako biztanleriaren hazkundea esponentziala da, eta, azterlan guztien arabera, adineko pertsonek beren etxeetan eta ohiko ingurunean bizitzen jarraitu nahi dute, laguntza behar dutenean ere.

aldaketa bat gero eta agerikoagoa da: ezin da kolektibo hori osotasun homogeneo gisa hartu. Pertsona talde horren barruan, askotariko kezkak, interesak eta beharrak dituen jendea dago, haurtzaroan, nerabezaroan eta helduaroan gertatzen den moduan. Adineko pertsonek, bistakoa denez, beren bizitza bizitzen jarraitu nahi dute, ahal duten neurrian, edo beren etxean eta ohiko ingurunean edo egoitza zentro batean.

Ikuspegi berriaren arabera, adinduen arretarako ereduak ezin du osasunaren alderdia bakarrik kontuan hartu, diziplinarteko eredua behar dugu, osokoa, pertsonarengan ardaztutakoa eta erabiltzaileentzako eta familientzako zerbitzuak pertsonalizatuko dituena. Pertsona eta haren bizi proiektua dira arretaren ardatza eta, ondorioz, antolaketaren eta laguntza prozesuen ardatza Pertsonaren duintasuna, eskubideak eta lehentasunak errespetatzea eta ongizate pertsonala bilatzea dira funtsezko balioak.

Matia Fundazioak adineko pertsonei arreta eskaintzeko modu berria barneratu du, eta, kolektibo horri zerbitzu soziosanitarioak eskaintzen erreferentziazko erakunde denez, eredu propio, integral eta bereizia proposatzen du, pertsonarengan ardaztutakoa eta erabiltzaileentzako eta familientzako zerbitzuak pertsonalizatzean oinarritua.

Matia Fundazioa hasita dago pertsonei etxean eta ohiko ingurunean bizitzen jarraitzea ahalbidetuko dieten arreta zerbitzu berriak zehazten eta sortzen, eta, konponbide hori ezinezkoa den kasuetarako, beraien gustu eta lehentasunak errespetatuz eta haien autonomia eta duintasuna sustatuz bestelako zentroak prestatzen, etxean bezala bizitzeko aukera izan dezaten. Finean, zahartzaroari aurre egiteko bidean beste urrats bat eman nahi dugu, adineko pertsonen gaitasunak sustatzearen bidez.

Etxez etxeko zerbitzua, berritasun gisa

Ikerketa guztiek diotenez, pertsonek beren etxeetan eta ohiko ingurunean bizitzen jarraitu nahi dute ahalik eta denborarik luzeenean. Errealitate horren jakinaren gainean, zerbitzuak pertsonen etxeetara eramatea proposatzen du Matia Fundazioak, bere ikuspegi estrategikoan. Eta bide berri horri ekiteko, etxez etxeko zerbitzua jarri du martxan.

Zerbitzu hori pertsonaren etxean zein ohiko ingurunean emango da. Integrala izango da, eta osasun eta gizarte zerbitzuekin koordinatuta egongo da. Matia Fundazioaren proposamenean, laguntzaile pertsonalek eguneroko jardueretan lagunduko diete erabiltzaileei, bai etxean, bai ohiko ingurunean. Sektore publikoko osasun eta gizarte zerbitzuekin koordinatuta egongo da, baita eskaintza publikoan edota pribatuan gaur egun dauden beste zerbitzu batzuekin ere.

Gainera, adinekoengandik eta haien familiengandik hurbilago egote aldera, Matia Fundazioak doako Informazio eta Orientazio Zerbitzua jarri du martxan. Horren bidez, Matia Fundazioa gizartearen esanetara jartzen da, pertsonei beren premiak identifikatzen eta estaltzen laguntzeko. Horretarako, osoko informazio zerbitzu bakarra eskaintzen du, pertsonalizatua eta pertsonen egoeraren eta lehentasunen araberakoa.

Etxean Ondo proiektuaren aurrekaria

Etxean Ondo proiektua aurrerapauso handia izan da adinekoen arreta eredu berria garatzeko bidean. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak jarri du abian, eta, beste zenbait eragilerekin batera, Matia Fundazioak hartzen du parte.

Etxean Ondo proiektu pilotu bat da, eta pertsonarengan ardaztutako osoko arretaren eredua ezarri nahi du, «pertsonaren bizi kalitatearen eta ongizatearen arlo guztietan hobekuntzak egiteko, haren duintasuna, eskubideak, interesak eta lehentasunak aintzat hartuz eta pertsonaren beraren parte-hartzearekin».

Proiektuak bi helburu ditu nagusiki. Alde batetik, adinekoei eta desgaitasunen bat duten pertsonei eta behar duten senideei etxean zein egoitzetan laguntza eta arreta ematea, modu integral, koordinatu eta jarraian, eta ahalik eta baldintzarik onenetan, euren ongizatea eta kalitatea bermatzeko.
Bestalde, eredu horren eraginkortasunari eta efizientziari buruzko ezagutza sortu nahi du Etxean Ondo proiektuak.

Proiektua pertsonen etxean eta egoitzetan garatzen da. Etxez etxeko zerbitzuan, Gipuzkoako 5 udalerri (Donostia, Zarautz, Oiartzun, Tolosa, Irun) ari dira parte hartzen, baita Arabako Añanako Kuadrillako 10 udalerri ere. Guztira, 440 erabiltzaileri eta haien familiei ematen zaie zerbitzua.

Etxean Ondo Egoitzak proiektuan, Matia Fundazioko hiru egoitza zentro eta eguneko bi zentro ari dira parte hartzen, eta Arabako zentro bat ere bai. Etxean Ondo proiektua Espainian arlo horretan egin den lehen esperientzia da. Hau da, etxeetan zein egoitzetan lehen aldiz jarri da martxan pertsonarengan oinarritutako arreta-eredu integral bat. Eta, azken batean, beste aurrerapauso bat da, zahartzaroari adinekoen ahalmenak sustatuz heltzeko helburuan.

Irudi berria, claim berria

«Nagusien ongizatea garatuz» da Matia Fundazioak bere irudi berriarekin batera erabiliko duen eslogan berria. Claim hori bat dator Fundazioaren helburuarekin, alegia: zahartzeari adinekoen ahalmenak eta, beraz, autonomia sustatuz heltzeko helburuarekin. Esloganaz gain, irudi korporatiboa ere berritu da. Orain, modernoagoa da, unean-unean adinekoen beharrei eta zahartze prozesuari erantzute aldera aldaketetara egokitzen jakin duen ehun urtetik gorako erakunde batentzat egokia.

Matia Fundazioari buruz

Adinduei arreta ematen 130 urtetik gorako esperientzia duen irabazi asmorik gabeko fundazioa da Matia.

Gizarteari laguntzeko bokazio nabarmena du Matia Fundazioak, eta pertsonei zahartze prozesuan ahalik eta ongizaterik handiena eskaintzeko ezagutzak etengabe bilatu, garatu eta aplikatzea da bereizten duena.

Autonomiaren printzipioarekin bat eginez, Matia Fundazioak hainbat motatako arreta zerbitzuen bidez gauzatzen du bere lana, askotariko zerbitzuen eta zentroen bitartez. Bere institutua, Matia Institutu Gerontologikoa, ezagutza eta berrikuntza sortzeaz (I+G+b-z) arduratzen da, bai eta horiek gizartean zabaltzeaz ere. Bakarra da Euskadin, eta 10 urteko eskarmentua du.

Ahultasun edo mendekotasun egoeran dauden nagusiei zerbitzu soziosanitarioak ematean datza Matia Fundazioaren eginkizun nagusia. Zerbitzuen % 85etik gora administrazio publikoarekin itundutako edo haiek esleitutako proiektuak dira. Zehazki, % 83,7 baino gehiago hiru administrazio handirekin gauzatzen ditu: Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailarekin eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailarekin.

Matia, datuetan

1.000 profesional, 24 osasun zentro, 1.200 plaza, 180.000 errehabilitazio tratamendu eta 45 milioi euroko jarduera.

Ikuspegi estrategikoaren bideoa