«Adinekoa naiz» sentsibilizazio kanpainak 2019ko «Zahartzearen irudi berria» saria irabazi du. Espainiako Geriatria eta Gerontologia Sozietatearen (SEGGen) sari horrek komunikabideetan adinekoen irudi erreala eta ez-estereotipatua ematen duten komunikazio ekintzarik onenak aintzatesten ditu.
«Adinekoa naiz» 2017an sortu zen, adinekoen ongizatearekin konprometitutako erakunde batzuen (hala nola, Envejecimiento en Red, Grandes Amigos —lehenago Amigos de los Mayores—, HelpAge España, Matia Fundazioa eta Pilares Para La Autonomía Personal Fundazioa erakundeen) arteko lankidetzari esker. Ideiak eta gogoetak batuta, zahartzaroari eta horren protagonistei buruzko mezu bateratua prestatu eta egun berezi batean aurkeztu zen jendaurrean: urriaren 1ean, Adinekoen Nazioarteko Egunean, hain zuzen. Kanpaina horrek aukera eman zigun zahartzaroari buruzko bestelako begirada eskaintzeko, adinekoen gaitasunak nabarmenduz, eta bestelako irudia emateko, bizitzako etapa hori ezaugarritzen duen estereotipoz betetako irudi sozialarekin zerikusirik ez duten heterogeneotasuna, aniztasuna eta aberastasuna azpimarratuz.
Bigarren edizioan, Nazio Batuek egun horretarako aukeratutako «Giza Eskubideak defenditzen dituzten adinekoen oroimenez» esloganari jarraipena emanez, beste kanpaina bat diseinatu genuen, adinekoen eskubideak erdigunean jarrita. Eginkizun horretan azken urteetan lortutako guztia eta oraindik lortu beharrekoa ikusgai jarri nahi izan dugu oraingoan. Honako helburu hauek finkatu ditugu bigarren kanpaina honetan:
- Giza Eskubideen Adierazpenean jasota dauden eta adinekoen eguneroko bizitzan eragina duten eskubideen inguruko ezagutza sustatzea, eta adinekoen giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak erabat betetzen direla bermatzeko aurrerapen eta erronken gaineko hausnarketara gonbidatzea.
- Adinekoei ikusgaitasun handiagoa ematea, gizarteko kide aktiboak diren aldetik eta giza eskubideen erabilera eraginkorraren hobekuntzan konprometituta dauden aldetik.
- Gizartea giza eskubideen konplimenduan eta garapenean sentsibilizatzea eta nahastea, bizitzako etapa guztietan, hala nola zahartzaroan, bete daitezen.
Kanpaina adierazpen baten eta bideo baten bidez gauzatu da. Horietan dekalogo bat eskaintzen da, zeinaren bidez adinekoen eguneroko bizitzan eragina duten oinarrizko eskubideak erabat eta berdintasunez betetzea aldarrikatzen baita.
Adinekoa Naiz Dekalogoa
Adinekoa naiz eta eskubidea dut...
…duintasunez zahartzeko.
…neure bizimodua erabakitzeko eta non, nola eta norekin bizi nahi dudan aukeratzeko.
…nire iritzia eta eskarmentua kontuan har daitezen.
…nire bizi-proiektuarekin aurrera jarraitzeko, aitona/amona lanak eginez, baina nire denbora libreaz gozatuz.
…sormena, talentua eta eskarmentua ekarriz, gizartea hobetzen laguntzen duen herritar aktibo gisa kontuan hartua izateko.
…nahi dudanera arte lan egiteko eta nahi dudanean erretiratzeko.
…zaintzen beharra dudanean, nire lehentasunak eta bizimodua kontuan hartuak izan daitezen.
…beste pertsona batzuk ezagutzeko, bakarrik ez sentitzeko, eta auzoko, herriko edo hiriko bizitzan protagonista izateko.
…sexualitateaz aurreiritzirik gabe gozatzeko.
…zientziak eta teknologiak kontuan har nazaten..
Informazio gehiago hemen: soymayorsoycomotu.com
Saria emateko ekitaldia
«Zahartzearen irudi berria» sariaren irabazlea joan den ekainaren 14an ezagutarazi zuten, SEGGen kongresuaren amaiera ekitaldian. Adinekoen arretaren alorreko mila profesionaletik gora elkartu dira kongresu horretan. Honako hauek izan ziren saria emateko ekitaldian: Mercedes Villegas, Grandes Amigos elkarteko zuzendaria; María Jesús Aranda, HelpAge Españako lehendakariordea; eta Pura Díaz-Veiga, Matia Institutuko zuzendari zientifikoa.
Nor gara
Matia Fundazioa irabazi asmorik gabeko eta interes orokorreko fundazio pribatua da, eta 130 urtetik gorako esperientzia du. Erreferentziazkoa da Gipuzkoan adinekoen arretan, eta estatu eta nazioarte mailan zahartzearen ikerkuntzan. 2002an ikerkuntzarako institutua sortu zuen (Matia Institutua), ikerkuntza eta ekintza bateratzea eta ebidentzian eta egunerokoan oinarritutako ezagutza sortzea sustatzen dituena. Pertsonarengan ardaztutako arretaren printzipioak lantzen dituen erakundea da eta xede du pertsonei zahartze prozesuan zehar laguntzea, haien ongizatea hobetzeko eta haien autonomia eta duintasuna sustatuko dituzten ezagutza eta zerbitzu pertsonalizatuak sortzeko.
Envejecimiento en Red plataforma CSIC (Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorena) erakundearen barruan sortu zen, zahartzearen inguruko ikerkuntzan eta berrikuntzan erreferente izateko, ezagutzari eta egiaztatutako informazio zorrotz eta kalitatezkoari dagokienez. Norbanakoen zahartzea eta biztanleriarena hartzen ditu kontuan eta dokumentu eta multimedia funts garrantzitsua du.
Grandes Amigos fundazioa boluntariotzako eta irabazi asmorik gabeko GKEa da. Boluntarioen laguntasunaren, estimuaren eta adiskidetasunaren bitartez adinekoen nahigabeko bakardadeari eta isolamenduari aurre egitea du xede. Gure laguntasun eta sozializazio programei esker, adinekoen bizi kalitatea eta osasuna hobetzen laguntzen dugu. Era berean, adineko pertsonen ahalduntzearen aldeko sentsibilizazio lana egiten dugu, adinaren inguruan diren estereotipoei aurre egiteko, bakardade egoerak eragiten dituzte eta.
Fundación Pilares para la autonomía personal (norberaren autonomiaren aldeko Pilares fundazioa) estatu mailan lan egiten duen irabazi asmorik gabeko erakundea da. Berrikuntzaren, ezagutzaren eta lankidetzaren bidez, pertsonek bizitzan zehar duintasunari euts diezaioten laguntzea du xede, eta, horrela, gizarte hobea sustatzea.
HelpAge International España erakundea HelpAge International nazioarteko elkarteko kide da. 2008an sortu zen helburu bikoitzarekin: garatzeko bidean dauden herrialdeetako adinekoen beharren inguruan Espainiako biztanleria kontzientziatzea eta HelpAge International erakundeak mundu osoan abian dituen 500 proiektutik gora finantzatzen laguntzea. Gure bazkideen laguntzari eta hirugarren sektoreko erakunde pribatuen lankidetzari esker, askotariko proiektuak laguntzen ditugu munduko herrialde behartsuenetako batzuetan.