HasieraBerriakMuseum Cemento Rezola eta Matia Fundazioa elkarlanean arituko dira Añorga auzoaren memoria industriala berreskuratzeko

Museum Cemento Rezola eta Matia Fundazioa elkarlanean arituko dira Añorga auzoaren memoria industriala berreskuratzeko

28.01.2019

Adineko pertsonen ongizatea sustatzeko jarduerak eramango dituzte aurrera

HeidelbergCement Group taldearen jabetzakoa den Museum Cemento Rezola eta Matia Fundazioa batera arituko dira Donostiako Añorga auzoaren memoria industriala berreskuratzeko lanean, bi erakundeetako arduradun gorenek, Antonio Nolascok eta Mari Carmen Garmendiak, gaur goizean sinatu duten hitzarmenean jaso dutenez. Matia Fundazioak eta Museum Cemento Rezolak argi dute, biek ala biek, komunitatean integratzeko jarduerak garrantzitsuak direla adinekoen elkarrekintza sozialari, gizarteratzeari eta ongizateari begira, eta pertsona horien ezagutzak eta eskarmentua kontuan hartzekoak eta berreskuratzekoak direla.

Lankidetzako eremu horretan bi erakundeak batera arituko dira, hain zuzen ere, Añorga auzoaren memoria industriala berreskuratzeko lanean. Horretarako, Matia Fundazioaren erabiltzaileen artean industriaren sektorean lan egin duten pertsonak aurkitu nahi dituzte, gaiaren inguruko ezagutza dutenak eta museoetako ondare ez-materialean parte hartu nahi dutenak. Lankidetza egitasmoa Museum Cemento Rezolak abian duen Añorgatarrak proiektuaren osagarri izango da.

Bi erakundeek finkatu duten lankidetza dela eta, Matia Fundazioak MatiaZale erakundetzat aitortu du Museum Cemento Rezola, Fundazioaren erabiltzaileen ongizatea sustatzen duten jarduera garrantzitsuetan laguntzen duelako.

Museum Cemento Rezolak, bestalde, bisita gidatuak antolatuko ditu museora eta tailerrak egingo ditu interesa duten taldeentzat, bai adinekoentzat, bai dibertsitate funtzionala dutenentzat. Hona hemen eskainiko diren jardueretako batzuk: bisita gidatuak, “Kontaiguzu” tailerra, belaunaldien arteko tailerrak, Rezolarte tailerra eta abar.

Era berean, Pertsona guztientzako arkitekturaren kontzeptuaren inguruan aldi baterako erakusketa sortzeko aukera aztertuko du museoak. Ekimenak Matia Fundazioaren, Rezola zentroaren eta Cementos Rezolaren historia lotuko lituzke. Aldi berean, Museum Cemento Rezolak, “guztiontzako museoa” eraikitzeko esparruan, aurrera egingo du irisgarritasuna eta gizarteratzea etengabe hobetzeko bidean.

Firma convenio con Museom Cemento Rezola

Museum Cemento Rezola, Luis Peña Ganchegui arkitektoaren lana, zementuak gure zibilizazioan izan duen garrantzia ezagutzeko gunea da. Duela 19 urte jarri zuten abian, eta zementu industriaren historia, erabilera eta azken hamarkadetan izan duen garapena ezagutzeko erreferentziazko leku bilakatu da. 2018an 7.705 bisitari izan zituen. Guztira 130.000 lagun hartu ditu, 2000. urtean inauguratu zutenetik. Zementuaren inguruko erakusketa iraunkorraz gain, besteak beste, arkitekturarekin, ingeniaritzarekin, artearekin eta diseinuarekin lotutako aldi baterako erakusketak antolatzen ditu. Era berean, ikasleei eta haur zein gazteei zuzendutako programetan parte hartzen du, baita Añorgako koloniarekin lotutako memoria eta ondare industriala berreskuratzeko proiektuetan ere, hori zementu fabrikaren altzoan sortu eta hazi baitzen.

Matia Fundazioa irabazi asmorik gabeko eta interes orokorreko fundazio pribatua da, eta 130 urtetik gorako esperientzia du. Erreferentzia da, Gipuzkoan, adinekoen arretan eta, estatuan eta nazioartean, zahartzearen ikerkuntzan. 2002an ikerkuntzarako institutua sortu zuen (Matia Institutua). Horrek honako hauek sustatzen ditu: ikerkuntza eta ekintza bateratzea eta ebidentzian eta eguneroko jardueran oinarritutako ezagutzaren sorkuntza. Pertsonarengan ardaztutako arretaren printzipioak lantzen dituen erakundea da eta pertsonei zahartze prozesuan laguntzea du helburu, haien ongizatea hobetzeko eta haien autonomia eta duintasuna sustatuko dituzten ezagutza eta zerbitzu pertsonalizatuak sortzeko.