SAREA proiektuko —Europako Interreg POCTEFA programaren barruko ekimena da— bi lantaldek bilera bana egin zuten joan den astean, Donostian eta Hondarribian. Topaketa horietan, adinekoentzako arreta zerbitzuei buruzko esperientziak partekatu zituzten Gipuzkoako eta Pirinio Atlantikoen eskualdeko ordezkariek, eta aipatutako herrietako bi zentro bisitatu zituzten.
Hala, asteartean, hilak 18, Zorroaga Fundazioan elkartu zen SAREAko lantalde bat, senideak egoitza-ingurunean integratzeko adituek osatua. Azaldutako esperientzien arabera egiaztatu zenez, familia gehienek presentzia handia dute beren adineko senideen bizitzan. Ildo horretan, familia batzuen testigantzak azaldu ziren, idatzitako gutunen bidez, haien adinekoen zaintzari buruzko bizipen pertsonalak, beharrak eta kezkak adierazteko. Era berean, Zorroagan egindako ikerlan bat ere izan zen hizpide. Horren bidez, zentroarekin duten harremanei buruz galdetu zaie senideei, baita zentroan antzeman dituzten behar eta hobekuntza-arloei buruz ere. Fundaziotik adierazi dutenez, familiakoak ere egoitza zentroetan bizi diren pertsonei arreta ematen dien taldeko kide izatea eta sentitzea da ikerlan horren xedea.
Bestalde, adinekoek etxean zein egoitza ingurunean duten bizi kalitatea lantzen duen SAREAko lantaldeak ere bilera egin zuen ostegunean, hilak 20, Caser Residencial Betharram-en. Jardunaldia bi bloketan banatu zen: goizean, dementziari eta Alzheimerren gaixotasunari buruz hitz egin zuten, eta oso ekarpen interesgarriak egin zituzten Aubixa Fundazioko, France Alzheimerreko eta AFAGIko ordezkariek. Arratsaldean, berriz, ariketa fisikoak adinekoen gaitasun funtzionalean eta bizi kalitatean duen onurari lotutako alderdiak jorratu zituzten. Iparraldeko «Form Ap» eta Gipuzkoako Foru Aldundiko «Mugiment» ekimenak aurkeztu zituzten, adinekoek etxean eta ingurunean ariketa egitea xede dutenak. Horrez gain, EHUk egindako ikerketa bat ere aurkeztu zen bileran, ikerketa horrek agerian utzi baitu zahar etxeetan bizi diren adinekoentzat guztiz onuragarria dela ariketa fisikoa.
SAREAri buruz
Europako FEDER fondoen bidez diruz lagundutako mugaz haraindiko SAREA proiektuak Gipuzkoako eta Pirinio Atlantikoetako haurren eta adinekoen arreta zerbitzuak hobetzea du helburu, erabiltzaile eta familiei beren bizitza proiektuak diseinatzen laguntzeko eredu eta praktika berritzaileak garatuz. Matia Institutua proiektuari lotutako erakunde laguntzaileetako bat da, eta bi lantaldetan hartzen du parte: 1) Adinekoei lagun egitea bai egoitza-ingurunean bai etxean, eta 2) Senideen integrazioa egoitza-ingurunean.