- 2023tik aurrera ezarriko den ibilbide-orri hau modu parte-hartzailean egin da, eta, horretarako, erakundeak, zainketen sektorea, komunitateko kideak, erabiltzaileak, haien senideak eta gizarte-eragileak hartu dira kontuan.
- Zaintza Azoka Usurbilgo zainketa-eredua eraldatzeko prozesuari hasiera eman zaion topagunea izan da.
- Eraldaketa-prozesu hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zaintza Herri Lab estrategiaren barruan sartzen da.
2022 Usurbilen, azaroak 19an. 2020an Usurbilgo Udalak zaintza eredu berri baten eraikuntza kolektiborako bidea hasi zuen. Eredu berri horrek gizarte-zaintzako kultura partekatua bultzatuko du, berrikuntzan eta parte-hartzean oinarritua, begirada Pertsonengan Zentratutako Arretan jarriz.
Eredu hori erakundeekin, zainketen sektorearekin, komunitateko kideekin, erabiltzaileekin, haien senideekin eta gizarte-eragileekin lankidetzan eraiki da. Hasieratik tokiko esperientziaren garapenean oinarritu da, arreta-eredu pertsonalizatuagoa, malguagoa eta komunitarioagoa sortzen laguntzeko, gizarte-berrikuntzatik abiatuta, etxeko arreta bultzatuz eta gizarte- eta osasun-sistemen arteko sinergiak hobetuz. Lankidetza horri esker, Usurbilgo udalerrian zaintza eredu berritzaile baterako gakoak ezarri ditugu.
Zainketen ekosistema berriaren ibilbide-orria 2021ean eta 2022an izan ziren bi prozesu parte-hartzaileri esker eraiki da. Prozesu horiek erantzunkidetasunetik, partaidetzatik eta zeharkakotasunetik egin dira, sektore sozialak eta ezagutza-arloak konbinatuz, zainduei eta zaintza gauzatzen duten pertsonei erantzun integral eta koordinatuak eskaintzeko eta testuinguru seguru eta duinak sortzeko.
Ibilbide-orriaren aurkezpena gaur egin da Zaintza Azokan, eta bertan prozesu parte-hartzaile horretan parte hartu duten eragile guztiak izan dira.
Azokaren aurkezpenean, Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkateak parte hartze prozesu honen motorra talde eragilea izan dela nabarmendu du:“Zaintzarekin lotutako pertsona eta eragile horiek guztiak talde horretan ordezkatuta egon dira, eta hilabete hauetan zehar zaintzari buruzko hausnarketa sakona egin da Usurbilen. Une honetan parte-hartze prozesuaren 2. fasean gaude, azken txanpan: lehen fasean adostu dugun zaintza-ekosisteman oinarrituta, egungo eredua zertan eraldatu behar dugun definituko dugu.”
Amaitzeko, Agurtzane Solabarrietak adierazi du "Ibilbide Orria ezartzeko ezinbestekoa eta beharrezkoa dela une honetan lantzen ari garen guztia kontatzea, zabaltzea eta herritarrekin eta zaintzaren arloan lanean ari diren pertsona guztiekin partekatzea. Zaintza-ekosistema ezartzeko etorkizuneko urratsak hauek dira: belaunaldien arteko etxebizitzak eta zaintza-etxebizitzak irekitzea, Estatu osoan erreferentzia diren berrikuntza kooperatiboko bizilekuak. Gizarte-zerbitzuetako taldea indartzea, kasuaren kudeaketaren eta etxez etxeko arreta-zerbitzuko langileen prestakuntzaren ikuspegitik, haien lan-baldintzak hobetzeko eta pertsonarengan oinarritutako arreta-ikuspegia integratzeko. Zainketen eginkizun komunitarioaren aldeko apustuarekin eta zaintza-sistemaren barruan komunitatea eta auzoak artikulatzearen aldeko apustuarekin jarraitzea, boluntarioen lidergoarekin.
Usurbilgo zaintza ekosistemak Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantziazioa du eta Zaintza Herri Lab estrategiaren barruan dago
Maite Peñak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatuak, Usurbilgo zaintza ekosistema goraipatu du, eta adierazi du Gipuzkoa mailan garatzen ari den estrategia “oso eta zabal” baten parte dela: “Zainketak komunitatearekin eta gizarte berrikuntzarekin bateratzea da etorkizuna, eta horregatik, tokian-tokian, Gipuzkoan zehar, ekosistema aurreratuak sortzen ari gara”.
Usurbilgoa barne, 15 esperientzia daude martxan momentu honetan lurraldean, Zaintza HerriLab estrategiaren baitan, diputatuak zehaztu duenez. Zaintza HerriLab estrategiak mendekotasunaren eta hauskortasunaren prebentzioan sakontzen du, autonomia pertsonala eta iraupen luzeko zainketak bultzatuz eta zaintzaileei ere laguntza eskainiz. “Beti diogu arlo sozialean jarduteko modu propio bat dugula Gipuzkoan, hirugarren sektorearen lankidetzarekin eta esperientziarekin, eta gizarte zerbitzu eta politiken sistema finkatu batean. Eraldatzeko eta egokitzeko gaitasun handia duena gainera”, gaineratu du.
Amaitzeko, foru diputatuak nabarmendu du zaintza-ekosistema bakoitzak bere berezitasunak dituela, baina denek helburu berbera jarraitzen dutela: zaintza pertsonalizatu, berritzaile, parte-hartzaile eta komunitarioak eskaintzea. Gainera, Gipuzkoak momentu “ilusionagarria” bizi duela ere esan du: “Bide onetik goaz, asko dago egiteko baina, poliki-poliki, aldaketa ikusgarri egiten ari gara denon lanari esker, Usurbilen gertatzen ari den bezala”, ondorioztatu du Maite Peñak.
Usurbilgo zainketa-ekosistema sortzeko prozesu guztian zehar Matiaren laguntza egon da, bere ikerketa-institutuaren bidez. Irati Mogollón proiektuaren ikertzaile nagusiak nabarmendu duenez, "ekosistema horren sorreran printzipio batzuk daude funtsean, hala nola parte-hartzea, inklusibitatea, zaintzen duen herri baten eraikuntza. Horien artean bat nabarmendu nahi genuke: erantzunkidetasuna. Zaintzaren ardura denok daukagunez, topaguneak sustatu behar dira, gaurkoa bezala. Ekosistema berrien eraikuntzan denok dugu zeresana eta parte hartzeko zerbait, bai sentsibilizazioaren aldetik, bai laguntza teknikoaren aldetik, bai berrikuntza zientifikoaren aldetik. Guztion artean, komunitatean, Zaintza Ekosistemak eraikiko ditugu."