HasieraBlogaEsku hartzea eta laguntza desgaitasuna duten pertsonen eta horien familien zahartze prozesuan

Esku hartzea eta laguntza desgaitasuna duten pertsonen eta horien familien zahartze prozesuan

Azken hamarkadetan, medikuntzako aurrerapenek —dieta eta bizi estilo osasuntsuagoekin batera— etengabeko igoera eragin dute biztanleen bizi itxaropenean. Desgaitasuna duten pertsonei ere iritsi zaie bizitzaren luzera nabarmen hori, eta horrek agerleku ezezagun bat sorrarazi du; izan ere, lehen nahiko gazte hiltzen ziren pertsona batzuen aurrean gaude eta, orain, urte gehiago bizi izaten dira, oro har.

Pertsona horien zehartze prozesuak nabarmen eragiten die, pertsona horien kolektiboari ez ezik, horien familiei, pertsona horiekin lan egiten duten teknikariei eta herritarren ongizate sozialaz arduratzen diren erakunde ofizialei.

Pertsona bakoitzak bere zahartzeko modua du

Badakigu zahartze prozesua eta zahartzeko modua baldintza biomediko, psikologiko eta sozial batzuen araberakoa izaten dela eta, horien fruitu gisa, zahartze prozesu horretatik igarotzen diren gizabanako adina zahartzeko modu daudela esan genezake, pertsona bat 60-65 urteetara iritsi ala ez, desgaitasun jakin bat izan ala ez.

Era berean, badakigu zahartze arrakastatsu bat izateak zahartze aktibo bat izatea esan nahi duela, bizi osasuntsua, parte hartzailea, segurua… garatzeko aukerak ematen dituena. Hazkunde pertsonaleko beste ziklo bat balitz bezala hartzen da, non errealitate sozialean parte hartzeak eta pertsonen arteko harremanei eusteak duten garrantzia nabarmentzen den.

Desgaitasunarekin zahartzearen erronka hirukoitza

Aitortu behar dugu adineko pertsona askok erronka bikoitz bati aurre egiten diotela: batetik, zahartzearen erronkari eta horrek eragiten dituen aldaketei eta, bestetik, gure gizarteak zahartzearen inguruan duen ikuspegi negatiboari. Hori dela eta, esan dezakegu zahartzen diren pertsona desgaituek hirugarren oztopo bat izaten dutela aurrez aurre, desgaitasuna bera, alegia. Horrela, bada, desgaitasuna duten pertsonek gainerako herritarrek baino aukera gutxiago izatea gerta liteke.

Pertsona desgaitu gehienek behin baino gehiagotan “esperimentatu” dituzte ondorio/muga fisiko, psikologiko eta sozial horiek, eta normaltzat jotzen dituzte, beren bizitzak kontrako egoeraz beteta daudelako eta horiei aurre egin behar izaten dietelako. Eta, seguruenik, sendotasun hori izango da beren armarik onena zahartze prozesuari aurre egiteko orduan.

Horrenbestez, honako hauek izango lirateke herritar horiek bizi dituzten aldaketen alderdi diferentzialak: horiek agertzen diren unea, adierazteko edo agertzeko modua eta horiei aurre egiteko modua.

Horregatik, desgaitasuna duten eta zahartzen ari diren pertsonei laguntzen diegun eta horiekin lan egiten dugun pertsonek behar bezala egokitu behar ditugu gure esku hartzea, laguntza eta babesa aldaketa horietara eta pertsona bakoitzaren premia berrietara.

Gure esku hartzeak eta laguntzak honako alderdi hauek errazteko estrategiak garatu behar ditu, besteak beste: ekonomiarekin eta etxebizitzarekin lotutako segurtasuna, lan jarduera bat-batean uzteak eragiten duen inpaktu psikosoziala saihestuz; plangintza bat etxebizitzaz aldatzeko orduan; etapa horretako aldaketek eragin dezaketen estres egoerei modu egokian aurre egitea; ingurumen egoera positiboak identifikatzea; edo dolua hobeto ulertzeko estrategiei erantzutea.

Jarduketa printzipio horiek behar bezala sustatu behar dituzte gizarteratzea eta ingurunearekiko harremana, autodeterminazioa eta garapen pertsonala, betiere eskubide guztiak dituzten pertsonak direla ahaztu gabe.

Ezin ditugu familiak ahaztu

Desgaitasuna duten pertsonez hitz egiten dugunean, horien familiez ere hitz egiten dugu, zahartze prozesuek pertsonari berari eta familiari eragiten baitiete.

Askotan, zahartzen ari diren pertsona desgaituek zahartzen ari diren beren senitartekoen aldetik jasotzen dute laguntza. Beharrezko laguntzak eskaini behar ditugu, azken horiek senitartekoaren nahiz beren zahartze prozesuarekin lotutako aldaketetara egokitu ahal izan daitezen.

Azken finean, bizitzako etapa horretan dauden pertsonengan sortzen diren aldaketetara eta premietara egokitzeko gai diren jarduketak bultzatu behar ditugu. Horiei esker, ongizatea hobea izango da, eta desgaitasuna duten pertsonei eta horien senitartekoei laguntzea prozesu naturala izango da, ordura arte izandako bizimodua ahal den neurrian mantentzeko.

Egilea

Neuropsikologoa Matia Fundazioko Iza Zentroan