HasieraBerriakMatia Fundazioa Pilares Fundazioaren sarietarako hautagai da Etxean Ondo eta Euskadi Lagunkoia egitasmoak tarteko

Matia Fundazioa Pilares Fundazioaren sarietarako hautagai da Etxean Ondo eta Euskadi Lagunkoia egitasmoak tarteko

01.01.2014

(Donostia, apirilaren 14a).Pertsona ardatz duen osoko arretaren ereduarekin lotutako jardunbide egokiak saritzen dituzten Pilares Fundazioaren sarietarako bost izendapen jaso ditu Matia Fundazioak, honako kategoria hauetan: arretarako edo esku hartzeko zerbitzuak edo programak, diseinua eta ingurumen eta arkitektura arloetako esku hartzeak, laguntza produktuak eta IKTak, antolaketako eta/edo metodologiako berrikuntzak, eta ikerketa, ebaluazio eta prestakuntza programak. Etxean Ondo eta Euskadi Lagunkoia programen bidez Pertsonarengan Ardaztutako Osoko Arreta Ereduaren inguruan Matia Fundazioa egiten ari den lana nabarmendu du Pilares Fundazioak izendapen horiekin.

Maiatzaren 23an ezagutaraziko dira Pertsonarengan Ardaztutako Osoko Arreta Ereduaren (PAOAren) alorreko Jardunbide Egokiak saritzen dituzten Pilares Fundazioaren sarien irabazleak. Sariok Eredu eta Ingurumen Jardunbide Egokien Sarera atxikitako ekimenen lana aintzatetsi eta balioesten dute; aldi berean, PAOAren hedapena sustatzen dute.

Etxean Ondo

Etxean Ondo proiektua Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailaren eta Matia Institutu Gerontologikoa Fundazioaren (Matia Institutuaren) arteko lankidetza hitzarmenaren emaitza da. Pertsonen lehentasunetan oinarritutako arreta eredua eskaintzea du xede, arreta profesionala eskainiz haien autonomia sustatzea. Etxeko arreta, ingurunekoa eta egoitzetakoa hartzen ditu barne.

Etxean Ondo ekimenaren bidez, Pertsonarengan Ardaztutako Osoko Arreta Eredua ezarri nahi da, «pertsonaren bizi kalitatearen eta ongizatearen esparru guztiak hobetzeko, pertsonaren duintasuna, eskubideak, interesak eta lehentasunak errespetatuz eta haren parte-hartzearekin».

Etxean Ondo ekimenaren helburu nagusietako bat da, etxean edo egoitzetan bizi diren adinekoei, desgaituei eta haien familiei laguntza eta arreta eskaintzea, modu integral, koordinatu eta jarraituan, eta haien ongizaterako eta bizi kalitaterako baldintza onenetan. Halaber, metodologia berritzaileak (kasuen kudeaketa, pertsonarengan oinarritutako osoko arreta) erabiltzen dituen eta mailen eta sektoreen arteko koordinazio soziosanitarioa barne hartzen duen ereduaren eraginkortasunaren inguruko ezagutza sortu nahi da programa horren bidez.

Euskadi Lagunkoia

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak aktiboki hartzen du parte Euskadi Lagunkoia programan, Matia Institutu Gerontologikoarekin lankidetzan. Zahartze aktiboa sustatzeko Osasunaren Mundu Erakundeak bultzatutako Age-friendly Environments Programme ekimenean oinarritutako egitasmoa da.

Adineko pertsonak baliabide baliotsua dira gure hiri eta herrietan ongizatea sortzeko, eta programak aprobetxatu egin nahi du eragile aktibo horien potentziala; horixe da proiektuaren abiapuntua.

Bozketak