HasieraBerriakMatia Fundazioaren programa berri bati esker, hobekuntza handiak lortu dira adinekoen muskuluak indartzeko eta oreka hobetzeko orduan

Matia Fundazioaren programa berri bati esker, hobekuntza handiak lortu dira adinekoen muskuluak indartzeko eta oreka hobetzeko orduan

01.01.2015

% 18 inguruko hobekuntza lortu da oreka neurtzen duten probetan, eta % 32koa indar muskularra neurtzekoetan
Erortzeko arriskua txikitzea eta erorikoen kopurua murriztea dira onura nagusiak
Urtean 64 urtetik gorako 150 euskaldun hiltzen dira, etxean erortzearen ondorioz

(Donostia, 2015eko apirilaren 14a).Zahartze-prozesuan daudenen ongizaterik handiena lortzeko helburuz, Matia Fundazioak abian jarri du programa berri bat, adinekoen muskuluak indartzeko eta oreka hobetzeko. Ariketa fisikoa egiteko programa horrek osagai asko ditu, eta indarraren, erresistentziaren, orekaren eta ibileraren entrenamendua tartekatzen ditu. Ariketa mota horrek ibileraren patroia hobetzen du, eta, horrela, adinekoek, gaitasun funtzionala handitzeaz gain, egonkortasun eta konfiantza handiagoa lortzen dute. Ondorioz, txikitu egiten da erortzeko arriskua.

Programan parte hartzeko, geriatrian aditua den mediku baten balorazioa behar da. Mediku horrek balorazio funtzional eta kognitiboak egingo dizkio hasieran eta amaieran (zenbateko hobekuntza izan duen ikusteko).

Matia Fundazioaren programak hiru hilabete irauten du, astean bitan ordubete eginez. Saio bakoitzean parte-hartzaileek bi ariketa mota egiten dituzte: oreka ariketak (oreka tapiza eta bakarkako ariketak) eta indar muskularra lantzeko ariketak makinan. Ariketa guztiak fisioterapeuta baten zaintzapean egiten dituzte.

Momentuz, 11 adinekok hartu dute parte programan, eta emaitza onak lortu dira. % 18 inguruko hobekuntza lortu da oreka neurtzen duten probetan, eta % 32koa indar muskularra neurtzekoetan.

Aurrekariak

Estatistiken arabera, 64 urtetik gorako 150 euskal herritar hiltzen dira urtero etxean erortzearen ondorioz. Hortaz, beharrezkoa da prebentzio neurriak hartzea, erortzeko arriskua eta erorikoen kopurua murrizteko eta oreka nahiz ibilera hobetzeko.

Garbi dago zahartu ahala txikitu egiten dela sistema neuromuskularraren, kardiobaskularraren eta arnasketa sistemaren gaitasun funtzionala, eta hauskortasuna handitu egiten dela. Masa muskularraren kantitatea eta kalitatea txikitzea, sistema neuromuskularra arian-arian hondatzea, indarra eta, bereziki, potentzia muskularra txikitzea eta funtzioa galtzea dira independente izateko gaitasuna txikitzearen faktore nagusiak eta desgaitasunaren jatorria.

60 urtetik aurrera, galdu egiten da masa muskularra: gizonezkoek 2 kg galtzen dituzte batez beste, eta emakumeek 1 kg. Baina 10 egunean ohean egonez gero, adinekoek 1,5 kg gal dezakete, batez ere hanketan, egonkortasunez ibiltzeko hain beharrezkoak diren gorputz adarretan.

Zahartze prozesuan eta, batez ere, ahulezia egoeran, garrantzitsuak dira ariketa fisikoaren onurak. Egiaztatu da ariketa fisiko gehiago egiteak heriotzaren, gaixotasun kroniko nagusien, instituzionalizazioaren eta narriadura funtzionalaren arriskua txikitzen duela adinekoen artean.

Ariketa fisikorik onuragarriena osagai anitzekoa da. Horrek indarraren, erresistentziaren, orekaren eta ibileraren entrenamendua tartekatzen ditu. Adineko pertsona hauskor bati ariketa fisikoa egiteko jarraibideak ematerakoan, oreka eta ibilera hobetzearen bidez gaitasun funtzionala hobetzea da helburua; azken finean, erortzeko arriskua txikitzea eta erorikoen kopurua murriztea.