HasieraBerriakArriskuak dakartzaten lehentasunen aurrean jokatzeko eraz hausnartu dute Matiako ehun profesionalek baino gehiagok

Arriskuak dakartzaten lehentasunen aurrean jokatzeko eraz hausnartu dute Matiako ehun profesionalek baino gehiagok

27.05.2019

Joan den ostegunean, maiatzaren 23an, Matia Fundazioko ehun langile baino gehiago bildu ziren, lagun egiten diegun pertsonen lehentasunak bultzatzearen garrantziaz eta lehentasun horiek arriskuren bat dakartzatenean jokatzeko moduaz hausnartzeko helburuz.

Portada de la invitación a la jornada

Otsailean abian jarritako «Ibilbideak, leihoak eta zubiak» proiektuan txertatu da jardunaldia. Proiektuaren helburuak, berriz, hauek dira:

  • Pertsonarengan ardaztutako arreta eredua ezartzen eta garatzen jarraitzeko hausnartzea, trebatzea eta ezagutzak eta proposamenak trukatzea.
  • Garapen bideei buruz dagoen ezagutza garrantzitsuena nabarmentzea, eta ekarpen teoriko eta esperientzia praktiko interesgarrienak azaltzea.
  • Dagoeneko identifikatuta eta landuta dauden laguntzarako tresnak eta baliabideak partekatzea, baterako aurrerapausoak egiteko baliagarriak izan daitezkeelakoan.

Bilkuraren hasieran, Marije Goikoetxeak, Giza Eskubideetan doktoreak eta Deustuko Unibertsitateko irakasleak, pertsonei lotutako erabakiak hartzean bakoitzaren nortasuna, autonomia eta lehentasunak mantentzearen beharra azpimarratu zuen, pertsonen bizitza proiektuak zentzua izateko ezinbestekoak dira eta. Erronka handia da hori guztia gure zaintzeko moduan txertatzea: horretaz guztiaz jabetzean ez ezik, praktikan gauzatzean, ohitura egitean eta, ondoren, norberaren moral bihurtzean ere bai.

Nola gauza dezakegu gure eguneroko jardunean? Beatriz Diezek, Asturiaseko Printzerriko Gizarte Ekintzako Etika Batzordeko lehendakariak, bidea azaltzeko printzipio bioetiko batzuk aurkeztu zituen, eta hausnartzeko eredu baten berri eman zuen, elementu eta fase guztiak ere aintzat hartuta. Hausnartzeko eta erabakiak hartzeko bide partekatuak zalantzak argitzeko esparru egoki bat behar du ezinbestean, behin baino gehiagotan agertzen baitira halakoak arreta taldeetan.

Teresa Martinezek, Oviedoko Unibertsitateko Osasun Zientzietan doktoreak, psikologoak eta gerontologoak, bere aldetik, gida labur baina erabilgarria aurkeztu zuen pertsonaren eta profesionalen artean erabakiak batera hartzeko prozesuan hausnarketa bidea finkatzeko.

Gonbidatutako adituen hitzaldiak entzun eta gero, lantaldeak osatu ziren, pertsona baten desio eta lehentasunek arriskua dakarten egoerak aztertzeko. Lantaldeen jardunaren ondoren, identifikatutako ideia eta ondorio nagusiak batera jarri zituzten.

Metafora bat erabiliz, Raquel Lazarok honela laburtu du jardunaldia: «bidaia miresgarria izan da: goizean etikaren hegazkinean abiatu gara paisaiaz gozatzeko, mugiarazten gaituen eta dena eskuez ukitzeko gogoa eragiten digun begiradaz gozatzeko. Ondoren, metodo batean eta gida batean oinarritutako jausgailua eman digute, eta airean egoteak dakarren larritasuna arintzeko balio izango digula espero dugu»

Azken buruan, pertsonaren duintasuna azpimarratu, autonomia pertsonala sustatu eta beraren bizitzari dagozkion gaietan erabakitzeko gaitasuna indartzen duen zaintzen kulturari buruzko prestakuntzako jardunaldia izan da. Izan ere, BIZITZA BIZITZEAK arriskuak dakartza eta, batzuetan, arriskuei ihes egiteak bizitzari ihes egitea dakar.

Ponentes durante la celebración de la jornada