'Bakardadea-K' estrategiak adineko pertsonen arteko bakardadeari aurre egingo dio, gizarte eta komunitate loturak indartuz.
Gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du adineko pertsonen artean nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko estrategia bateratu bat aktibatu duela lurraldean. Aurkezpenean parte hartu dute Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak, Rakel San Sebastian Adinberriko zuzendariak eta Sara Marsillas Matia Fundazioko ikertzaileak. 'Bakardadea-K. Gipuzkoan pertsonak konektatzen' estrategiaren bidez, ibilbide orri bat markatuko da bakardadearen erronkari aurre egiteko, gizarte eta komunitate loturak indartuz, “hori guztia lurraldeko partaidetza prozesu batean eta eraikuntza kolektibo batean oinarrituta”, adierazi du Maite Peñak.
Diputatuak adineko pertsonen nahi gabeko bakardadeari aurre egitearen garrantzia azpimarratu du, “are gehiago COVID-19ak ezarri digun testuinguruan; izan ere, COVID-19ak adinekoen osasuna eta ongizatea zaintzeko erronka areagotu du, birusaren ondorioekiko oso kalteberak baitira”. Maite Peñak gaineratu duenez, “lehen mailako erronka da, baina aukera testuinguru bat ere bada”. Erronka hori lankidetzan lantzea da gakoa: “Gizarte erronka kolektiboa da, nahiz eta gai pertsonala izan, eragin handia du gizartean, eta estrategia global eta partekatua behar du. Horregatik, 'Bakardadea-K' estrategia parte hartzean oinarritzen da, ikuspegi oso zabal eta integratzailearekin”.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik bultzatutako ekimena da, eremu soziosanitarioko adituen, ikertzaileen, udalen eta hirugarren sektore sozialeko entitateen parte hartzearekin eta lankidetzarekin. Taldea urte hasieratik ari da estrategia diseinatzen, eta bertan, Adinberriko eta Gizarte Politika eta Gobernantzako foru departamentuetako profesionalez gain, honako hauek ere parte hartzen dute: Javier Yanguas eta Mayte Sancho (gerontologian adituak), María Luz Peña (Osakidetza), Eva Salaverria (Donostiako Udala), Sara Marsillas (Matia Fundazioko ikertzailea) eta Maribel Pizarro (Itxaropen Telefonoa). Aldi berean, talde sektorialak sortzen ari dira, osasunaren, hirugarren sektorearen eta belaunaldi arteko sareen sare bat zabaltzeko eta garatzeko.
“Zaintzan sakonduko dugu, eragile bakoitzak izan behar duen rolean, belaunaldien arteko harremanak sustatzen, berrikuntza soziosanitarioa eta teknologikoa aprobetxatuz”, adierazi du diputatuak. Hori guztia pertsonen ahalduntzea, adinekoei entzutea eta ikuspegi komunitarioa oinarritzat hartuta. Maite Peñak adierazi duenez, “errealitate oso konplexu bati egin behar diogu aurre, lehen urratsak eman ditugu, eta hemendik aurrera, ikuspegi integratzaile horretan oinarrituta jarraituko dugu lanean, lurraldean jada hasitako azterlan eta ekimenak oinarri hartuta, eta bakardadearen erronkari erantzungo dioten proiektu berritzaileak sustatuz”.
Orain arte, diagnostikoaren fasea osatzeko, Gipuzkoako Bakardadearen Mapa amaitzen ari dira. Rakel San Sebastianek azaldu duen moduan, “udalek eta beste toki erakunde batzuek bultzatutako adinekoen bakardadearen inguruko ekimenen mapaketa egin da, eta sor daitezkeen ekimen berri guztiekin osatzen jarraituko dugu. Informazio oso baliotsua da, eta, zalantzarik gabe, egiten ari garenaren ikuspegi bat ematen digu, estrategia eraikitzeko funtsezko atala dena”.
Adinberriko zuzendariaren hitzetan, eta hurrengo hilabeteetan jarraitu beharreko ibilbide orriari dagokionez, urrian oinarrien dokumentua idazten bukatuko da eta parte hartze prozesuaren diseinua amaituko da, zeina hurrengo bi hilabeteetan gauzatuko baita workshopen bidez Gipuzkoako hainbat udalerri eta eskualdetan. Urte amaierarako, estrategia osatuko da jasotako ekarpen guztiekin, eta jarduketa plana prest egongo da 2021ean gauzatzen hasi ahal izateko.
Gipuzkoako bakardadearen diagnostikoa
'Bakardadea-K’ estrategiaren eraikuntza azterketa sakon batetik eta lurraldeko hainbat eragilek garatu dituzten ekimen guztien aintzatespenetik abiatzen da. Zehazki, hiru zutabetan oinarritzen da: alde batetik, Matia Fundazioak Adinberri 2018 Laguntza Programaren esparruan egindako Bakardadeak azterlanak eskaintzen duen oinarri zabalean; bestetik, hainbat eragilek partekatutako eta Itxaropen Telefonoak bultzatutako gogoetan; eta, hirugarrenik, Gipuzkoako udalek eta hirugarren sektoreko eragileek (Nagusilan, Adinkide, Hurkoa, Gurutze Gorria, Cáritas, Afagi, Aubixa Fundazioa eta abar) bultzatutako proiektu eta ekimenetan.
Maite Peñarekin eta Rakel San Sebastianekin batera, Sara Marsillasek, Bakardadeak azterlaneko ikertzaileetako batek, parte hartu du prentsaurrekoan. Azterlanaren ondorio nagusiak azaldu ditu Marsillasek, eta Gipuzkoan, bakardadeak hainbateko dimentsioak eta aniztasuna dituela erakusten duela. Berrikuspen bibliografikoaz, bakardadeari lotutako pertzepzioei eta arrazoiei buruzko azterlan kualitatiboaz eta borondatezko ekintzen esku hartzeen inpaktuaren ebaluazioaz gain, azterlan kuantitatibo bat egin zaio 55 urtetik gorako 2.050 pertsonako lagin bati, Gipuzkoan dauden bakardade profilak agerian jartzeko.
Alde batetik, eta Marsillasek azaldu duen bezala, azterlan kualitatiboak erakusten du galera, zentzu zabal eta orokorrean hartuta, bakardadearen eragile ohikoenetako bat dela; halaber, ondorioztatzen du bakardadea ez dela soilik harreman fenomenoa, eta azpimarratzen du bakarrik sentitzen diren pertsonek zailtasunak izan ohi dituztela beren egunak jarduera esanguratsuetatik abiatuta ordenatzeko orduan; izan ere, ez dirudi hain garrantzitsua norbanakoak gauzak egitea, baizik eta zer gauza egiten dituen eta axola zaiona egiten duen.
Bestalde, Gipuzkoan guztira 2.050 pertsonako laginarekin egindako azterlan kuantitatiboan, 55 urtetik gorako pertsonen artean hautemandako bakardadearen prebalentzia kontabilizatzen da, eta lurraldean dauden bakardade-profilak aztertzen dira. Hala, eta azterlanaren zatirik objektiboenari dagokionez, emaitzek islatzen dute 55 urtetik gorako pertsonen %27,3 pertsona bakarreko etxeetan bizi direla: %72,4 emakumeek osatzen dituzte, eta %40 80 urtetik gorako pertsonek. Generoari dagokionez, emakumeen %34,6 bakarrik bizi da, %32,5 bikotean eta %27,8 belaunaldi anitzeko etxeetan; gizonak, ordea, gutxi gorabehera %50 bikotean bizi dira eta %17,5 bakarrik bizi dira. Adin-tarteei dagokienez, 55 eta 64 urte bitarteko pertsonak batez ere belaunaldi anitzeko etxeetan bizi dira, 65 eta 79 urte artekoak bikotean eta 80 urtetik gorakoak pertsona bakarreko etxeetan.
Bakardade sentimenduari buruz galdetuta, 55 urtetik gorakoen % 5,5ek bakarrik sentitzen direla diote, hau da, 15.000 pertsona dira Gipuzkoan. Zifra hori generoaren arabera aztertzean, bakarrik sentitzen diren emakumeen ehunekoa % 7 da eta gizonena, berriz, % 3,7. Adin tarteei dagokienez, 55-64 urteko pertsonen % 4 bakarrik sentitzen da; 80 urtetik gorakoen artean, berriz, zifra hori % 8,5 da. Hala ere, azterlanak zeharkako bakardadea edo bakardade pribatua ere neurtzen du Jong Giervelden eskalaren bidez, “bakarrik” hitza agertzen ez den eskala baten bidez. Eskala horretan, bakardade pribatua % 29,5ean kuantifikatzen da. Sara Marsillasek azaldu duenez, bakardadeari lotutako estigmak eragiten du, batez ere, aitortutako bakardadearen eta pribatuaren arteko aldea.
Azterlanaren arabera, kohorte guztietan, emakumeek gizonek baino bakardade prebalentzia handiagoa dute, baina adin aurreratuetan, bakardadea berdintsu ikusten da emakumeen eta gizonen artean. Gainera, zehazten da adina handiagoa den heinean, maizago gertatzen direla bakardadearen kudeaketa egokia mugatzen edo zailtzen duten zirkunstantzia batzuk, hala nola hurbileko pertsonak hiltzea edo osasun arazoak.
Arratsaldean, 17:30etan, webinar bat egingo da, “Hitz egin dezagun bakardadez: zer adierazten du ebidentziak?” izenburupean. Bertan, Bakardadeak azterlanaren hausnarketa eta aurkikuntza nagusiak errepasatuko ditu azterlana egin duen ikerketa taldeak. Izen emateak irekita jarraitzen du, eta helbide honetan egin daiteke: hemen.