Madrileko Hortaleza zahar egoitzan bi emakumek jasan duten tratu txarrari buruzko albistearen aurrean, behean sinatzen dugun erakundeok halako gertaera gaitzesgarrien aurkako salaketarik zorrotzena adierazi nahi dugu.
NBEren datuen arabera, munduko adinekoen % 4k eta % 6k bitartean jasan dute gehiegikeriaren edo tratu txarren bat. Espainian, beste azterlan batzuek antzeko zifrak eman dituzte. Zoritxarrez, tratu txarrak jasaten dituztenen arteko gutxiengoak, % 10 inguruk soilik, salatzen ditu.
Pertsona guztiek dute arreta eta zaintza jasotzeko eskubidea, beraien egoera eta osasuna edozein izanik ere; pertsona bakoitzaren beharrak oinarri hartuta, funtsezko eskubideak bermatu eta beraren lehentasunak eta nahiak errespetatuko dituen arreta eta zaintza jasotzeko eskubidea.
Ildo horretan, herri erakundeei dei egiten diegu, pertsonarengan ardaztutako arreta eredua garatu eta bultza dezaten, duintasunaren, pertsonalizazioaren eta autonomiaren defentsan sustraitutako eta ardaztutako printzipioekin bat.
Era berean, premiazkoa da edozein esparrutan tratu txarrak antzemateko eta, batez ere, prebenitzeko aukera emango duten protokoloak eta kontrol bideak areago lantzea. Gaur egun mendekotasun egoeran eta muturreko ahuldadean bizi diren pertsonak zaintzeak dakarren konplexutasunari aurre egiteko, langileen prestakuntza eta laguntza ezinbesteko baldintza da. Zaintzen alorreko lanak konpetentzia pertsonal eta trebezia jakinak eskatzen ditu, eta nahitaezkoa da hautatze prozesuetan halakoak eskatzea. Eta, betiere, profesional horien gizarte aintzatespena ekarriko duten lan baldintzak errespetatuz.
Horregatik, eta jakinik zahar egoitzetan albistean aipatu diren bi langileen portaera guztiz ezohikoa dela, honako gogoeta hauek egin nahi ditugu:
- Gure herrialdean, adinekoen aurkako tratu txarra errealitatea da. Errealitate hori egoitzetan eta zahar etxeetan gertatzen da, baina baita etxeetan ere. Tratu txarren eragileak hurbileko pertsonak izaten dira. Gizarteak errealitate horri bizkarra ematen dio. Kasu bakar bat egotea kezkatzeko arrazoi nahikoa da, eta gertatzen den tokian gertatzen dela, berehala esku hartzea eskatzen du.
- Tratu txarrak daudenean, halakoak jasaten dituenaren eskubideak urratu egiten dira. Tratu txarrak era askotakoak izan daitezke, gehienak tratu fisikoa baino ezkutukoagoak eta sotilagoak izaten baitira, baina ez horregatik larritasun gutxiagokoak.
- Nahitaezkoa da errealitate horretaz jabetzea, haren aurka borrokatu ahal izateko. Duten adina dutela, pertsona guztientzako tratu berdina bermatzeko legea behar dugu. Jabetu behar dugu adinekoek ez dutela inoren babesa behar, guztionak diren eskubideekiko errespetua baizik.
- Pertsonen arteko berdintasun tratua exijitzen dugu. Gizon nahiz emakumeentzako errespetua ere bai. Edozein egoeratan eta edozein adinetan. Adinagatiko eta ahultasunagatiko diskriminazioak botere publikoen eta gizarte osoaren esku hartzea eskatzen du.
Erakunde sinatzaileak: Grandes Amigos, Help Age España, Matia Fundazioa, Fundación Pilares para la autonomía personal.
Adierazpen honekin bat egin nahi baduzu, erakunde sustatzaileetakoren batekin harremanetan jartzera gonbidatzen zaitugu.