Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Kartera arautzen duen dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzak
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Karteraren dekretua.
Laburpena
Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Kartera arautzen duen dekretua, Gizarte Zerbitzuen 2008ko abenduaren 5eko 12/2008 Legean aurreikusitako zerbitzu eta gizarte prestazioetarako eskubideari zehaztasun praktikoa ematen diona. Dekretua beharrezkoa da Gizarte Zerbitzuen legea gauzatzeko, eta prestazio edo zerbitzu bakoitzaren izaera, helburua, hartzaileak eta eskuratzeko baldintzak zehazten ditu, baita ordainketa partekatua duen ala ez ere.
Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta EUDEL udalen elkarteak osatzen duten Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoak duela hilabete batzuk onartu zuen Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Kartera. Orain, Legearen arauak garatze aldera, Gobernu Kontseiluak dekretua onartu du.
Eusko Jaurlaritzatik azpimarratu dutenez, Prestazioen eta Zerbitzuen Karteraren dekretua onartu eta Gizarte Zerbitzuen euskal sistema unibertsalizatu ondoren, 2016ko abenduaren 26tik aurrera, Gizarte Zerbitzuen Legeak adierazten duen moduan, Euskal Autonomia Erkidegoak aurrerapauso handia emango du ongizatezko estatua sendotzeko bidean. Ongizatezko estatuak lau zutabe izan behar ditu: hezkuntza sistema, osasun sistema, pentsioen sistema eta gizarte zerbitzuen sistema.
EAEko biztanleen eskubidezko prestazio eta zerbitzuen zerrenda azaltzen da Legearen 22. artikuluan. Zerbitzuon artean daude, besteak beste eta lehen mailako arretaren barruan: informazioa, balorazioa, diagnostikoa, orientazioa, etxeko laguntza, esku-hartze sozioedukatiboa eta psikosoziala, telelaguntza eta ostatua; bigarren mailako arretaren barruan: mendekotasuna, desgaitasuna, bazterketa eta babesik eza baloratzea eta diagnostikatzea, egoitza zentroak, eguneko eta gaueko zentroak, zentro okupazionalak, atsedenerako zerbitzuak, egokitutako garraioa, familiako esku-hartzea eta bitartekaritza, familientzako elkarguneak, eta adopzioa eta harrera. Prestazio ekonomikoak ere jasota daude Lege artikulu horretan (familia inguruneko zaintza lanak, zerbitzuari lotutako prestazioa, laguntzaile pertsonalaren prestazioa, indarkeriaren biktima diren emakumeentzako prestazioak…).
Prestazio eta Zerbitzuen Karterari dagokionez, jasota dauden gehienak dagoeneko eskaintzen dituzte Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta EAEko Udalek. Berritasuna izango da zerbitzu, laguntza edo prestazio horiek eskubide subjektibo izatera igaroko direla, hau da, herritarrek legez eska ditzaketela eta ez direla egongo aurrekontuen gorabeheren menpe.
Zerbitzuen kartera
Gizarte zerbitzu horiek nola finantzatuko diren zehaztea da karteraren xedea. Horretarako, lehenik eta behin, EAEn abian ziren gizarte zerbitzu guztien inbentarioa egin zen, kontuan hartuta nork kudeatzen eta finantzatzen zituen.
Gero, inplikatutako erakunde guztiek adostu zuten erakunde bakoitzak hartuko zuela bere gain herritarrei eman beharreko prestazio eta zerbitzuen finantzaketa, eta, beraz, finantza doitzeak egin beharko dituztela bakoitzaren eskumenen arabera. Horrenbestez, Finantzen Euskal Kontseiluak 10 milioi euroko funtsa ezarriko du udalentzat, sortuko diren zerbitzu eta prestazio berrietarako azpiegiturak prestatzeko. Halaber, 2017tik aurrera eta epemugarik gabe, urtero 20 milioi euro bideratuko dira kartera finantzatzen laguntzeko.
Bai Legean eta baita karteran ere, eredu komunitarioa azaltzen da arreta eredu gisa. Kontua ez da beharra duenari arreta eskaintzea, ahal dela arreta erkidegoan eskaintzea baizik, bizi den tokian eta bere beharren eta nahien arabera.
Karterak erakundeen arkitektura errespetatu nahi du; baina, aldi berean, gizarte zerbitzuen plangintzan lurraldeak, mankomunitateak eta udalak beren urratsak egokituz joan daitezen ahalbidetu. Horrela, behar berberei erantzun berberak ematea lortu nahi da, betiere erakunde bakoitzaren kudeaketa autonomia errespetatuz. Xedea da esparru bakarra finkatzea, lanerako eta arreta eredu unibertsala aurrera eramateko, eta egun indarrean direnak (lurralde historiko bakoitzeko bat) baztertzea.
Iturria: Irekia