HasieraBerriakLugaritz: zahartzearen inguruko berrikuntzan aurrera egiten duen hiri proiektua Donostian

Lugaritz: zahartzearen inguruko berrikuntzan aurrera egiten duen hiri proiektua Donostian

09.10.2019

Matiatik, gure bi Fundazioen (Matia Fundazioaren eta Matia Institutuaren) misioarekin bat, beharrezkoa deritzogu lurraldeko eta tokiko administrazioetatik Gipuzkoan sustatzen ari diren berrikuntza proiektuetan aktiboki laguntzea. Testuinguru horretan, zahartzearen alorreko proiektu berritzaile bat jarri dugu martxan, izaera horrekin bat datorren dimentsio anitzeko ikuspegia duena. Honako egitasmo hauek biltzen ditu:

  • Diziplina anitzeko ikerkuntza gerontologiko aplikatua landuko duen ikerketa zentroa.
  • Zahartzen ari diren eta endekapenezko gaixotasunen bat azaldu zaien pertsonentzako bizitza osorako 51 bizitoki hartuko dituen eraikina. Bizitokiek tamaina eta ezaugarri ezberdinak izango dituzte. Alokairuan eskainiko diren bizitokien multzoan hiru livIng lab jarriko dira. Horietan, desgaitasunari aurre egiteko eta pertsonen eguneroko bizitza errazteko teknologien eta laguntzarako produktuen eraginkortasuna bertatik bertara aztertuko dute.
  • Eguneko zentroa, auzoko beharrizanei eta etxebizitza horietako bizilagunek dituztenei erantzuteko.

Hiru eraikinak auzoan integratuta daude, inguruko etxebizitzen altuerara egokituta, eta plaza batek batzen ditu.

Plano Lugaritz

Mota horretako ekimenak baliagarriak dira Donostia Lagunkoia proiektua sendotzeko prozesuan aurrera egiteko. Zahartzen ari diren pertsonei ez ezik, herritar guztiei bideratutako proiektua da, haien beharren, nahien eta lehentasunen araberako aukerak identifikatzen baititu.

Proiektuak 2009an du abiapuntua; orduan, Lugaritz Berrikuntza Gunea deitu zitzaion. Hamarkada bat beranduago gauzatu denez, proiektuak egokitzapena behar izan du, gaur egun zahartzearen alorrean Europan eta, beraz, Gipuzkoan dauden premietara eta azaleratzen ari diren joeretara egokitzeko. Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizateko Ministerioak IMSERSO erakundearen bidez kudeatzen duen dirulaguntza izendunetik datorren laguntza ekonomikoa ere badu proiektuak.

Proiektuaren alderdi azpimarragarriak:

  • Ekimen pilotua da, eta horren bidez ezagutza sortu nahi da zahartzeko prozesuan diren pertsonek bizitokia izateko eta eguneroko bizimodua egiteko dituzten aukeren inguruan, bereziki endekapenezko gaixotasunak azaltzen direnean.
  • Berrikuntzako proiektua da, ikerkuntzaren alderdia ere baduelako. Euskadin abian jarriko den mota horretako lehenengo esperientzia da. Horren inguruan ezagutza sortu beharra dugu, errepikatzeko eta orokortzeko aukera aztertu ahal izateko. Ondorioz, luzetarako ikuspegiarekin heldu beharreko proiektua da, eta, besteak beste, honako alderdi hauen inguruan emaitzak lortzen joatea litzateke xedea:
    • Pertsonetan eta euren bizi kalitatean dituen ondorioak, beste ostatu-eredu batzuekin alderatuta; eta bakardadearen pertzepzioan duen eragina, gaur egun gai horrek kezka eragiten baitu gizarte garatu guztietan.
    • Laguntza behar duten pertsonen bizitzan diseinu mota horrek duen eragina; baliabideen kontsumoaren azterketa, kostuari eta eraginkortasunari erreparatuko dien azterlanaren esparruan.
    • Herritarrek mota horretako bizitokien inguruan duten iritzia.
  • Ezagutza sortzeko modalitate hau Ikerkuntza Ekintza Partehartzailea esaten zaion metodologian dago oinarrituta. Nazioarteko erakundeek sendo bultzatzen dute metodologia hori, saiakuntza benetako inguruneetan egitearen alde baitaude, argi eta garbi.

Hala, ebidentzia zientifikoaren bidez, proiektuak «etxean edo etxean bezala bizitzeko» paradigma gauzatu nahi du. Europako hainbat administraziotatik eta nazioarteko beste erakunde batzuetatik zabaldutako paradigma da hori. Ildo horretan, erakundeok, laguntza behar duten pertsonentzako bestelako bizitoki-esperientziak aurrera eraman eta ebaluatzeko gonbita egiten dute; izan ere, betiko egoitza ereduek gehiegizko pisu «instituzionala» dute eta ez dira erabiltzaile izan litezkeenen aukerakoak, ez gustukoak. Finean, etxeko bizimodu eredu bat sustatu nahi dugu, pertsonalizatua, zahartzen ari den biztanleriaren heterogeneotasunari erantzuten diona, kontuan hartuta ehuneko handi batek laguntza beharra izan dezakeela bizitzaren bukaeran.

HIRI PROIEKTU baten aurrean gaude, adintsu bihurtzen ari diren gure gizarteekin eta horien beharrizanekin konprometitutako lurraldeen artean kokatuko dituena bai Donostia eta bai Gipuzkoa.