HasieraBerriakMaiatzean berriro ere bertsolaritza dator gure etxeetara

Maiatzean berriro ere bertsolaritza dator gure etxeetara

26.04.2023
  • Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk beste 21 saio antolatu dituzte ‘Adin-adin’ ekimenaren baitan. Urteroko harrera ona ikusita, pixkanaka hazten doan ekintza da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk, adineko egoitzekin elkarlanean, garatutako ‘Adin adin’ ekimenaren zortzigarren edizioaren baitan, 21 bertso saio antolatu dira Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan. Maiatzaren 3an hasi eta hilaren 19ra arte, egoitzetan bizi diren adinekoen gozamenerako, bertso saioak eskainiko dituzte bina bertsolarik. Azken saioak iazko udaberrian antolatu ziren lurraldeko 18 egoitzetan, 19 bertsolariren partehartzearekin.

17 udalerritako 21 egoitzetara iritsiko dira, beraz, bertso saioak aurtengo edizioan, bertan bizi diren adinekoen bizi kalitatea hobetzea eta bertsoen bidez euren gaitasuna sustatzea helburu hartuta. Azken urteetan ekimena izaten ari den harrera ona kontuan izanda, ekimena pixkana zabaltzen ari da eta gero eta gehiago dira parte hartzeko interesa erakusten duten egoitzak ere, esaterako, Matiak hiru saio babestuko ditu diruz aurtengo edizioan.

Bertso saio bakoitzean bina bertsolarik hartuko dute parte, eskualde berekoak eta belaunaldi ezberdinetakoak, guztira 25 bertsolari arituko direla. Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak bertso saio hauek duten “garrantzia eta onura” azpimarratu ditu, emozioetara iristen den tresna baita bertsoa. Bertso saioak aurrez prestatzen dira egoitza bakoitzeko dinamizatzaile eta animatzaileen bidez egoiliarrekin, gogoko dituzten bertso zahar eta kantu herrikoiak ezagutzeko, eta horrela bertsolariak doazenerako parte hartzea errazago aktibatzeko.

Proiektu honen bidez, euskal kulturaren adierazpide nagusienetakoa den bertsolaritza adinekoen egoitzetara iritsarazten da, ahozkotasunak duen potentzial osoarekin, “terapeutikoki zein ludikoki”. Gakoa “adineko pertsonen parte-hartzea bultzatzean eta euren arteko harremana hobetzean” dagoela adierazi du Peñak. “Musikak eta bertsoek memoria lantzea ahalbidetzen die adineko pertsonei; iraganeko oroitzapenak eta bizipenak berpizten zaizkie”, eta horrek sortzen duen “eragin positiboa” balioetsi du diputatuak. Bertso saioen egutegia 

  1. Azkoitia. Maiatzak 3. San Jose egoitza. 17:00. Eneritz Artetxe eta Sebastian Lizaso
  2. Tolosa. Maiatzak 5. Iurreamendi egoitza. 11:15. Amaia Agirre eta Anjel Mari Peñagarikano
  3. Zumaia. Maiatzak 8. San Juan egoitza. 11:00. Libe Goenaga eta Jon Maia
  4. Zumarraga. Maiatzak 8. Argixao egoitza. 16:30. Anjel Mari Peñagarikano eta Maddi Aiestarain
  5. Lazkao. Maiatzak 8. Txindoki egoitza. 17:00. Ane Zuazubiskar eta Andoni Egaña
  6. Errenteria. Maiatzak 9. Jesusen Bihotza egoitza. 11:00. Ekhiñe Zapiain eta Andoni Egaña
  7. Donostia. Maiatzak 9. Elizaran. 15:30. Anjel Mari Peñagarikano eta Oihana Arana
  8. Bergara. Maiatzak 9. Mizpirualde egoitza. 17:00. Ainhoa Agirreazaldegi eta Andoni Egaña
  9. Usurbil. Maiatzak 10. Matia Goxara. 10:30. Ane Labaka eta Sebastian Lizaso
  10. Tolosa. Maiatzak 10. Uzturre egoitza. 17:00. June Aiestaran eta Sebastian Lizaso.
  11. Segura. Maiatzak 10. San Juan egoitza. 17:00. Maialen Akizu eta Andoni Egaña.
  12. Zumaia. Maiatzak 10. Otezuri egoitza. 17:00. Uxue Alkorta eta Anjel Mari Peñagarikano
  13. Zestoa. Maiatzak 11. San Juan egoitza. 11:00. Naia Arrizabalaga eta Sebastian Lizaso
  14. Arrasate. Maiatzak 11. Iturbide egoitza. 10:30. Maider Arregi eta Anjel Mari Peñagarikano
  15. Oiartzun. Maiatzak 11. Petra Lekuona egoitza. 17:00. Alaia Martin eta Jon Martin
  16. Legazpi. Maiatzak 12. Santikutz egoitza. 11:00. Ane Beloki eta Sebastian Lizaso
  17. Aretxabaleta. Maiatzak 17. GSR Debagoiena. 11:00. Sebastian Lizaso eta Uxue Alkorta
  18. Donostia. Maiatzak 17. Zorroaga egoitza. 17:30. Amaia Iturriotz eta Andoni Egaña
  19. Donostia. Maiatzak 18. Lamourous egoitza. 17:00. Libe Goenaga eta Andoni Egaña
  20. Azpeitia. Maiatzak 19. San Martin egoitza. 16:30. Juan Joxe Eizmendi “Loidisaletxe” eta Julene Iturbe 
  21. Beasain. Maiatzak 19. Arangoiti egoitza. 17:00. Maddi Aiestaran eta Anjel Mari Peñagarikano