Egoitzetan eta ospitale geriatrikoetan medikamenduak ematea: eskuzko bidetik automatizaziora
Farmazia Zerbitzua robotizatzearen esperientzia Matia Fundazioan
Sarrera honen bidez, Matia Fundazioaren Farmazia Zerbitzua ezagutzera gonbidatzen zaituztegu. Unitate horrek arreta farmazeutikoa eskaintzen die Bermingham ospitaleko 105 paziente azpiakuturi eta Matia taldeko egoitzetan bizi diren 800 pertsona ingururi, geriatria egoiliarrak gehienak.
«Zerbitzuaren helburua botiken erabilera segurua eta zentzuzkoa bideratzea da, terapia pertsona bakoitzaren egoerara egokituta. Horrela, botikei etekinik handiena aterako diegu eta izan ditzaketen arriskuak minimizatuko ditugu».
Equipo humano del Servicio de Farmacia en Matia Fundazioa
Nola lortuko dugu? Zirkuitu segurua lortze aldera, botiken erabileraren prozesu osoa hartu behar dugu kontuan. Hau da, medikuak botika agintzen duenetik pazienteari ematen zaion unera artekoa.
Zirkuitu horretako funtsezko puntuetako bat botiken banaketa da. Botikak egoki prestatzen badira errazagoa izango da gero segurtasunez eta eraginkortasunez ematea egoitzetan bizi direnei. Xede horrekin, botiken banaketaren inguruko berringeniaritzako proiektuari heldu genion 2012an. Hasteko, arlo horretan dauden esperientzien bilaketa bibliografikoari ekin zitzaion, eta, jarraian, botikak egoitzetara banatzeko arloan garatuago dauden herrialdeetara joan ginen. Proiektua 2014an burutu genuen, banaketarako robota jarrita.
Aldaketa hori egin baino lehen, Farmazia Zerbitzuan astebeterako pilula kutxak prestatzen genituen, eta egoitza bakoitzeko erizaintzako zerbitzuak arduratzen ziren botika horiek hartualdika antolatzeaz. Robota martxan denetik, botikak pazienteka eta hartualdika dosifikatzen dira, banakako poltsatxoetan; Farmazia Zerbitzuan bertan den ikusmen artifizialeko sistema batek automatikoki berraztertzen ditu poltsatxo horiek. Modu horretan, banaketa berrikusteko prozesua Farmazia Zerbitzuaren esku gelditu da eta erizaintzako profesionalei lan karga arindu zaie. Egoiliarrari arreta pertsonalizatua eskaintzeko denbora irabazi dute.
Erizaintzako zerbitzuen ikuspuntutik: segurtasun handiagoa eta denbora aurrezpena
Argixao zentroan erreferentziako erizain den Idoia Sanzek adierazi du: «Botikak robot bidez banatzeko sistema ezarri ondoren, pertsonei zuzeneko arreta eskaintzeko denbora gehiago izateaz gain, botikak prestatzeko orduan giza faktoreek eragindako akatsen arriskua gutxitu egin da. Tratamenduan aldaketak daudenean bakarrik manipulatzen ditugu botikak, eta alde horretatik denbora gehiago dugu gure egoiliarrei eskaintzeko».
Botikak ontziratzeko gaur egun erabiltzen diren poltsetan egoiliarraren izena eta gelaren zenbakia azaltzen dira, botika hartzeko eguna eta ordua, eta poltsa barruan dauden pilulen izena eta kopurua. Gainera, beste datu garrantzitsu batzuk ere azaltzen dira, medikamentua osorik edo birrinduta eman behar den, adibidez. Ondorioz, botikak ematea seguruagoa da eta akatsak minimizatzen dira.
«Aurreko sistemarekin arriskua zegoen pilula kutxak erabiltzean horiek erori eta tratamendua osorik galtzeko, kutxa pilula berriekin bete behar izaten baikenuen berriro. Orain, blisterretan ontziratuta daudenez, erorita ere ez dugu arazorik, pilulak ukigabe jarraitzen baitute».
Datuek zer diote? Automatizazioarekin, akatsak asko murrizten dira.
Egindako lanaren kalitatea bermatzeko, edozein osasun langilek eman diezaguke zirkuituan zehar gertatu diren gorabeheren berri, eta hori hobekuntzarako baliabidea da.
Jarraipen horri esker, konparaziozko azterketa egin dugu, eta Matia Fundazioan robotak jarri aurretik egiten zen botiken banaketa eta gaur egun robotekin egiten dena alderatu ditugu. Revista Española de Farmacia Hospitalaria aldizkarian argitaratu berri den artikulu honetan daude jasota emaitzak: «Zentro soziosanitarioetara bideratutako medikamentu banaketaren segurtasunean automatizazioak duen eragina».
Ikerketa horretan ikusi dugu 2013. urtean (robota abian jarri aurretik, eskuz banatzen zirenean) 408 hutsegite gertatu zirela medikamentuak banatzean, eta 36 besterik ez 2015ean (robota abian jarri ondoren, robot bidezko banaketan). Hau da, akatsak % 91 gutxitu dira. Halaber, ondorengo berrikuspenei esker, pazienteari eragin dioten akatsen kopuruak ere behera egin du.
Equipo humano del Servicio de Farmacia en Matia Fundazioa
Laburbilduz, arreta soziosanitarioa oso konplexua da, eta arretaren hartzaile diren pertsonen segurtasunaren alde eta eraginkortasuna sustatzeko apustu garbia egitea beharrezkoa da. Egiaztatu dugunez, banaketaren automatizazioa pauso garrantzitsua da bide horretan. Ikusteko dago etorkizunean mota horretako sistemak biztanle gehiagoko kasuetan erabiliko ote diren (komunitate zerbitzuetan…).
Gehitu iruzkin berria